Michaux, Henri
Namur, Belgika, 1899 | Paris, 1984
18
99
Henri Michauxek berak adierazi bezala1, haren familia burgesa eta frankofonoa zen, baina jatorri alemana eta espainola zuen. Idatzi askotan aipatu zuenez, bihotzeko gaitz batekin jaio zen, eta bizitza osoan izan zuen.
01
Belgikan eman zuen haurtzaroa, Bruselan eta Campineko eskualdean. Garai hartako oroitzapenetan, introspekzioa, janariarekiko nazka eta malenkonia dira nagusi. Michaux nerabeari goiz hasi zitzaizkion interesatzen ornitologia eta entomologia, baita idazkera txinatarra ere.
15
Lehen Mundu Gerran, alemanen okupaziopean, Michauxek krisi mistikoa izan zuen; hitzekiko sentsibilitatea agertu zuen, eta irakurzaletasun handia sentitu. «Irakurketako eta brikolaje intelektualeko» urteak izan ziren haiek. Unibertsitatea itxita egon zen gatazka belikoagatik 1919ra arte; urte hartan, Michaux Medikuntzan matrikulatu zen, baina ez zen graduatu.
20
Michaux itsasmutil engaiatu zen, «lanbidea ezagutu ez arren», eta Ingalaterrako, Brasilgo eta Europako eta Amerikako beste toki batzuetara bidaiatu zuen: «Bremen, Savannah, Norfolk, Newport-News, Rio de Janeiro, Buenos Aires». Marseillara eta, gero, Bruselara itzuli ondoren, Belgikatik «betiko» alde egitea erabaki zuen, eta Parisera joatea. Le Disque vert aldizkarian lanak argitaratzen hasi zen. Aldizka argitaratzen zituenez gauzak, hainbat pertsonaia ospetsu ezagutu zituen; besteak beste, Jean Cocteau, André Gide, André Malraux, Vladimir Maiakovski eta Francis Ponge.
24
Izengoiti baten bila ibili zen, baina ez zuen aurkitu, eta «izen arruntarekin» sinatu behar izan zituen testuak. Jean Paulhan ezagutu zuen, zeina Michauxen irakurle handia, editorea eta laguna bihurtu baitzen. Harridura handiz ezagutu zuen pintura, artista ugariren lanen bidez; besteak beste, «Klee, gero Ernst, De Chirico…». Haietatik abiatuta atera ziren margotzeko haren lehenengo saiakerak. Lehenengo lan haietan ere ikusten da kanon surrealistarekiko anbibalentzia.
27
Ekuadorrera, Turkiara, Italiaria, Afrikako iparraldera eta gero, azkenik, Asiara bidaiatu zuen. Gero eta gehiago liluratzen zuten Indiak eta, batez ere, Txinak. Espedizioen ondorioz, zenbait liburu idatzi zituen, hala nola Ecuador eta Un barbare en Asie, eta gogo handiz hartu zituzten kritikak eta literatura-komunitateak berehala.
37
Modu sistematikoagoan hasi zen marrazten, eta hondo beltzen gaineko gouache ia fosforeszenteen sail bat sortu zuen. Lehenengo erakusketa egin zuen Parisko Galerie Pierre galerian, eta, gero, zazpi poemako eta hamasei pinturako lehenengo bilduma bat argitaratu zizkion Gallimard argitaletxeak.
40
Parisko bonbardaketetan hark Meudon-en zeukan tailerra «suak bataiatu» ondoren, Frantziako hegoaldera joan zen bizitzera bikotekidearekin, Marie-Louise Termet, eta hiru urte egon ziren bertan. Bere akuarelak eta beste obra batzuk ikusgai jarri zituen Rive Gauche galerian (1944ko apirila) eta, handik gutxira, «Combat contre l’espace»2 argitaratu zuen, pinturari buruzko heldutasuneko bere lehenengo testu programatikoa. Koloretako 44 lan sartu zituen Peintures et dessins bilduman (1946), poema-zatiekin eta hitzaurre gisa idatzitako entsegu batekin batera. Jean Dubuffet margolariak Michaux irudikatu zuen garai hartako erretratuetako batzuetan.
48
Michaux alargun geratu zen, tragikoki, eta jo eta ke margotzen hasi zen; Suitzako eta Frantziako hainbat galeriak antolatu zituzten erakusketetan ikusi ahal izan ziren lan haiek. Urte haietakoak dira lehenengo tintak, Meidosems eta Mugimenduak (Mouvements) sailak, baita Passages liburua ere. Hari buruzko lehenengo atzerabegirakoa egin zen, Rive Gauche galerian.
54
Lehen aldiz, erakusketa bat egin zuen AEBn (Dussane Gallery, Seattle). Jean Paulhanekin eta Édith Boissonnas poetarekin batera, substantzia psikoaktiboak probatzen hasi zen (esaterako, meskalina eta psilozibina), eta, gero, bakarrik jarraitu zuen hurrengo urteetan. Esperimentazio horiek Julián de Ajuriaguerra neurologo bilbotarrak gainbegiratu zituen, eta, 1959an, Michauxen jardunari buruzko azterlan luze bat argitaratu zuen. Are erakusketa gehiago eskaini zituen nazioartean, besteak beste Londreseko, Milango, Frankfurteko eta Stockholmeko galerietan.
62
Atzera begirako zenbait erakusketa egin ziren Hovedgårdeneko Silkeborg Museum-en, Amsterdamgo Stedelijk Museum-en eta Parisko Musée d’art moderne de la Ville de Paris (azken hori André Malrauxek inauguratu zuen). Michauxek uko egin zion Letren Sari Nazionalari. Garai berean, bidaiak egiteari ekin zion berriro (Maroko, India, Nepal eta, gero, Mexiko, Thailandia, Senegal, Boli Kosta…), garai horretatik aurrera haren bikotekide izan zenarekin batera, Micheline Phankim.
71
Michauxek akrilikoa erabiltzen hasi zen. Hura izan zen akuarela, tinta eta gouachea nagusi izan zituen zerrendan sartutako azken teknika. Bidaiak, galerietako aurkezpenak eta bere lanei buruzko argitalpen ugari (antzerkirako egokitzapenak barne) egiteaz gain, erakusketak antolatzen ere aritu zen Europako eta Amerikako museoetan; besteak beste, Hannoverreko Kestner-Gesellschaft, Stockholmeko Modern Museet eta Vienako Museum des 20. Jahrhunderts museoetan. Michaux bizirik zela haren lanei buruz egindako atzerabegirako handiena inauguratu berria zen Centre Georges Pompidou zentroak antolatu zuen. New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum museora eraman zuten, eta, gero, Montrealeko Musée d’art contemporain museora.
83
Michauxek hil arte jarraitu zuen lanean. Bera bizirik zela egin zen azken atzerabegirakoa Tokioko Seibu Museum of Art museoan izan zen, eta, gero, beste erakusketa batzuk egin ziren Japoniako hainbat museotan. 1984ko urriaren 19an bihotzak huts egin zion, eta hil egin zen; 10.000 marrazki baino gehiago utzi zituen.
1
Henri Michaux, «Quelques renseignements sur cinquante-neuf années d’existence», in Œuvres complètes, Gallimard (La Bibliothèque de la Pléiade), Paris, 1998, I. liburukia, CXXIX. or. Kronologia hau testu horretan eta Pléiadeko edizioaren hiru liburukietako testu kritikoetan oinarritu da. Halaber, oso erabilgarria izan da Leslie Jonesek Untitled Passages by Henri Michaux lanean (Drawing Center, New York, 2000, 217.-236. or.) jasotako sintesi kritikoa.
2
Testu hori («Espazioaren aurkako borroka») Henri Michaux: el otro lado / Henri Michaux: beste aldea liburuan (Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, 2018, 169. or. eta hurrengoak) irakur daiteke lehen aldiz euskaraz eta gaztelaniaz.