Ez dago ikusgai

Titulurik gabea

1981Akuarela paper gainean
310 x 250 mm

Henri Michauxek (Namur, Belgika, 1899–Paris, 1984) «bere burua aurkitzeko» margotzen zuen, berak esan bezala. Haren ekoizpen poetiko eta artistikoa oso garrantzitsua da Europako kulturan, eta oso lotuta dago nork bere burua ezagutzeko irrikarekin. Michaux kontzientziaren mekanismoetan murgiltzen da, eta, azti batek bezala, hari ihes egiten dionaren arrastoari jarraitzen dio. Michauxek txandaka jardun zuen poesian eta pinturan, baina, pixkanaka, pinturaren alde egin zuen, eta bere jardunbide nagusitzat hartu. Michauxek oso gustuko zuen esperimentatzea eta bidaiatzea, eta Paul Kleeri esker murgildu zen esperientzia artistikoan. Aurreko mendeko 1920ko hamarkadan ezagutu zuen Kleeren obra, eta, haren eraginez, obra grafikoaren alde egin zuen azkenean. Hasieran, idazlearen tresnak (tinta eta papera) erabili zituen baliabide plastiko gisa, baina, berehala, gaur egun haren lanaren bereizgarritzat hartzen diren teknikak garatu zituen; esaterako, hondo beltzaren gaineko tenpera, frottage delakoa, hainbat euskarriren gaineko akuarela eta tinta, paper gaineko olio-pintura eta akrilikoa, zeina oso modu berezian erabili baitzuen aldi berantiarrenean. Bere hitzetan, Michauxek «bere burua harritzeko» margotu zuen beti. Inoiz ez zuen sinetsi aurretik zehaztutako emaitzetan; aitzitik, zehaztu ezin ziren gauzak sorrarazi nahi izan zituen, eta ia modu xamanikoan agerrarazi zituen irudi, zeinu eta paisaia ustekabeko eta animatuak. Titulurik gabea (1981) haren obraren azken aldiko adibide garrantzitsu bat da, eta Michauxen alegiazko erretratuen tradizio luzean sartzen da. Halako erretratuetan, badirudi pertsonaiak paperaren sakontasun amaigabetik azaleratzen direla, orbanen masa kaotiko batetik abiatuta. Aurpegia «gertatu egiten da» hari begira geratzen direnekin topo egitean. Henri Michaux: beste aldea erakusketaren testuinguruan jarri zen ikusgai Titulurik gabea (1981) Guggenheim Bilbao Museoan. Erakusketa hura azken hamarkadetan artistari buruz antolatu den atzerabegirako garrantzitsuena izan zela esaten da.

Jatorrizko izenburua

Titulurik gabea, 1981

Data

1981

Teknika / Materialak

Akuarela paper gainean

Neurriak

310 x 250 mm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa