Ez dago ikusgai

Publikoa, Florentzia

2004

Thomas Struth (Geldern, Alemania, 1954) panorama artistiko garaikideko figurarik nabarmenenetako bat da, baita Bigarren Mundu Gerraren ondorengo Europak eman duen argazkilarien artean eraginik handiena izan duenetako bat ere. Bere lanean, Struthek ez ditu egoerak dokumentatzen; aitzitik, arretaz begiratuta baino antzematen ez diren ñabardura eta xehetasun bisual bikainak jasotzen ditu denbora motelarazten duen behaketa lasaia abiapuntu hartuta.

Struthen bilakaera artistikoa inguruan izan dituen testuinguru sozial ezberdinek markatu izan dute. Lehen argazkiak, 1973–76 urteetakoak, Düsseldorfeko Arte Ederren Akademiako ikasle zela egin zituen, hiriko kaleetan oinarrituta egin ere. Geroztik, haren sail ugarik agerian jarri izan dute artistak oso genero desberdinak lantzen dituela eta horien artean ustekabeko loturak ezartzen dituela —berak bistaratu arte ezkutuan dauden loturak, alegia—. Sail horien artean aipagarriak dira New York hiriko kaleak (Straßen von New York City), Toki inkontzienteak (Unbewusste Orte), Familia-erretratuak (Family Portraits), Museo-argazkiak (Museum Photographs), Publikoa (Audiences), Paradisuko irudi berriak (New Pictures from Paradise), baita berriagoak diren Natura & Politika (Nature & Politics) eta Animaliak (Animals) ere.

1980ko hamarkadaren amaiera aldera, Struth Erromara eta Napolira joan zen, eta, lehen aldiz, pintura jorratu zuen argazkigintzaren bidez. Artelanen zaharberritzaileek beren aztergaiekin konektatzeko duten moduan oinarrituta bateratu zituen bi diziplinak, Zaharberritzaileak San Lorenzo Maggiore-n, Napoli 1998 (Restauratoren in San Lorenzo Maggiore, Neapel 1988) argazkian ikus daitekeen moduan. Lan horrekin, esanahiz betetako leku jakin batzuetan ikusleen eta artelanen artean sortzen den harremana jasotzeko beharra piztu zitzaion nolabait. Ildo horri jarraituz, Museo-argazkiak sail ezaguna lantzen hasi zen aurreraxeago; bertan, publiko anonimoa bizkarra emanda agertzen da artearen historiako lan ospetsuei begira.

Pixkanaka, ikuspegi hori zabalduz joan nahi izan du Struthek, eta horretarako aukera bikaina sortu zitzaion 2004an; izan ere, Miguel Angelen David (1501–04) obraren 500. urteurrena zela-eta, Florentziako Akademiako Galeriaren zuzendari izandako Franca Fallettik zenbait artista gonbidatuko zituen —tartean Sthuth bera— obra bana egitera, eskultura ospetsuaren omenaldi gisa. Struthek kamera eskulturari bizkarra emanez jarri zuen, eta maisulana ikustera zetozenen aurpegiak argazkitan hartzen aritu zen astebetez, David bera izango balitz bezala berari begira daudenei so dagoena. Lehendabiziko aldiz flasharen argi artifiziala erabili zuen, eta esposizio-denbora ere murriztu zuen; era horretan, inguruko guztia minimizatu eta arreta-gunea publikoarengan jarri  zuen, topaketa horren unea erakutsi ahal izateko. David fisikoki argazkitik kanpo badago ere, irudi batzuen xehetasunera joz gero haren isla ikus daiteke bisitariren baten betaurrekoetan.

Argazki horien aurrean, kanpoko begiraleak bagina bezala sentitzen gara, ikusleen erreakzioak arakatzen; hala ere, bizitza errealean gertatzen den bezalaxe, gure begirada ez da argazkian gertatzen den guztiaz ohartzeko gai, xehetasun asko oharkabean pasatzen baitzaizkigu Thomas Struthek planteatzen dizkigun hierarkiarik gabeko multzoak ikustean. Gizakiz osatutako kaleidoskopio baten aurrean jartzen gara: maisulan baten aurrean bakoitza bere erreakzioarekin eta bere gorputz-hizkuntzarekin erakusten digun irudi baten aurrean. Era berean, iraganaren eta orainaren arteko bidegurutzean ere jartzen gara: ikusleen janzkerak aditzera ematen duen duela gutxiko iragana  eta kultur turismoaren moda nagusi duen oraina.

Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumaren parte diren lau argazkiak Publikoa, Florentzia 2004 (Audience, Florenz 2004) sailekoak dira. Struthek ikusleak ardatz hartuta egindako hiru sailetan lehena izan zen hura, eta bigarrena 2005ekoa da; bigarrengo horretan, bisitariek behagai zuten artelana San Petersburgoko Hermitage Estatu Museoan dagoen Ama Birjina eta loredun haurra (1478–80) obra izan zen, Leonardo da Vincirena. 2005ean bertan amaitu zuen hirugarren saila ere. Azken horretan Prado Museoko Velazquezen margolanak erabili zituen, baina aurreko bi sailetan ez bezala, orduko hartan Meninak (1656), Iruleak (1655–16) zein Bredako errendizioa (ca. 1635) ez ziren ezkutuan geratu, eta argazkietan protagonismoa partekatzen dute ikusleekin.

Jatorrizko izenburua

Audience, Florenz 2004

Data

2004

Teknika / Materialak

Chromogenic Print

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa © Thomas Struth