Eskua kantari
2021Alex Reynolds Bilbon jaio zen, eta, gaur egun, Bruselan bizi da. Perfomancearen eta zinemaren diziplinen tarteko esperimentazioan garatzen du bere obra, baita instalazioen, testuen, argazkien eta pieza kontzeptualen bitartez ere. Adierazpen-lengoaien bateratze horrek, nolabait, lengoaia zinematografikoa birdefinitzera eramaten du, artistak funtsean lankidetza-bitarteko gisa ulertzen baitu.
Reynoldsek afektuaren eta harremanen moduak aztertzen ditu, eta plangintza narratiboa edo gidoia filmatzeko ekintza errazten duten edo horretan zehar sortzen diren egoeren mende jartzen du. Modu horretan, pertsonaien identitatea etengabe hedatzen da bere istorioetan, eszena bakoitzak bere ekintza posibleen eremua zabalduko balu bezala, traman helmuga edo helburu baterantz itxi ordez. Ikus-entzunezko hizkuntzaren alderdi bakoitza —soinua, irudia, erritmoa, antzezpena, ikuslearen egitekoa— asoziazio askez elikatzen da, halaber, eta, horrela, tentsioari eusten zaio maila ezberdinetan; hots, filmean bertan, erakusten den tokian edo espazio horretan batera dauden obretan. Ondorioz, zinemaren konbentzionalismoak alde batera uzten dira, eta piezaren pertzepzioa erantzukizun aktiboko ekintza bihurtzen da.
Eskua kantari (2021) Guggenheim Bilbao Museoak koproduzitu zuen Bada lege bat, esku bat, abesti bat, erakusketa dela-eta, Museoaren Film & Video programazioaren barruan. Piezak Reynoldsek Alma Söderberg koreografo suediarrarekin izandako elkarrizketa du abiapuntu, eta haren lankidetzari Julia Spínola eskultorearen ahotsa gehitzen zaio. Eskua kantari filmak keinuen, hitzen eta ikuspegien sare bat osatzen du, zeinaren baitan elkarri erantzuten diotela dirudien, denbora jakin baten barruan elkar eraginez. Keinu bat hitzekin edo marmarrekin kateatzen da; irudiak, berriz, beste irudi edo musika batzuetan dute oihartzuna. Modu horretan, Extremadurako artelatzetatik kortxoa ateratzeko erritualak kidetasunak ditu txinpartaka ari den sugar baten ondoan laranja bat zuritzearekin eta, gero, esku hori bera garbitzearekin; modu berean, hostoen dardara eta ahotsen dardara bat datozela dirudi. Hari nagusia adiskidetasun-modu bat izan liteke, bizipenak eta intuizioak sortzen dituen sentipen komun bat. Sekuentzia irekiak erakusten dira, eta lekuen, ekintzen eta kamera-planoen arteko atzeraelikadura ikus dezakegu. Aldi berean, obra askea eta zehatz-mehatz konposatutakoa da; estatikoarekiko erresistentziak eta eraldaketarekiko interesak gure zentzumen guztiak inplikatzen ditu.
Jatorrizko izenburua
The Hand that Sings
Data
2021
Teknika / Materialak
Kanal bakarreko HD bideoa, koloretan, soinuduna, 22 min 41 s Edizioa: 1/5 + 2 AP
Kreditua
Alma Södebergekin lankidetzan egina Guggenheim Bilbao Museoa