Nota: este sitio web incluye un sistema de accesibilidad. Presione Control-F11 para ajustar el sitio web a las personas con discapacidad visual que están usando un lector de pantalla; Presione Control-F10 para abrir un menú de accesibilidad.
Ez dago ikusgai

Baskularra (4)

2024

Praktika erabat eskultorikoaren bitartez, June Crespok (Iruña, 1982) eraikuntza industrialaren material propioak, eguneroko objektuetatik eskuratutako moldeak eta egituren mihiztadurak erabiltzen ditu, horien propietate materialek bere ikerketak gidatzen baitituzte intuitiboki eta erraietatik abiatuta.  Askotariko elementuak —landareetatik aterako moldeak, erabilitako arropak edo oihalak, erakuntzako piezak, hormigoizko hustuketak, argazkiak— pilatuz eta nahastuz eta akoplamendu eta eskala-aldaketa zorrotzetara eramanez, June Cresporen eskulturek bizi izandako materialaren eta gure existentzia inguratzen, antolatzen eta bideratzen duten egiturazko elementuen arteko kontraste handia azpimarratzen dute. Baskularra (2024) serieko eskulturek (izenburu hori izan zuen artistak Guggenheim Bilbao Museoan egindako erakusketa handiak) gorputz bizidunen kanalizazio-zirkuituak ez ezik, zain-sistemak ere gogora ekartzen dituzte: sustraiak, zurtoinak, hoditeriak eta kableak, eta horiekin batera, gorputz-adarrak, artikulazioak eta ahokadurak ere bai.

Konexio eta garapen horien aberastasuna ikus dezakegu Multzo Baskularra (1), Baskularra (4) eta Baskularra (5) piezek esentziarik adierazgarriena hartzen duten eskultura-multzoan. Aurreko sormen-lan askok bezala, Baskularra (5) bezalako piezek itxura funtzionala dute, baina erabilpen-printzipio nabarmena falta zaie, eta sekzioz eta ebakiduraz markatuta daude;  era horretan, horien bidez, artistak esanahi irekiak, harridura-sentsazioak eta munduarekiko jakin-min berritua aztertzen ditu. Itxura batean sinpleak diren hodi-konfigurazioak altzairuzko txapa malkodun baten bitartez lortu ditu, industria-lurzoruetan eta igarotze-espazioetan erabili ohi dena. Bestalde, Multzo Baskularra (1) eta Baskularra (4) piezek hiru dimentsiotan eskaneatutako loreekin egindako moldeak eskala handian erreproduzitzen dituzte, eta, horretarako, fotogrametria izeneko argazki-prozedura erabili du. Loreen zurtoinak —brontze galdatukoak edo hormigoizkoak— horizontalean zabaltzen dira hodi irregularrak balira bezala, eta industria-tailer bateko metalezko mahaien eta altzairuzko eskoren gainean jarrita daude, haien azpian erabilitako jantzi baten irudi erraldoia zabalduz. Brontzezko elementu handiek pitzadurak eta galdaketan erabilitako beste metal batzuen kolore-hondarrak dituzte gainazalean, prozesuan zehar degradatu edo ia desagertu direnak eta bizitza baten orbainak gogorarazten dituztenak. Jatorria eta artifizialtasuna ezkutatu gabe, Cresporen lanek hodi komunikatzaile eta ile-sare gisa jokatzen dute, bai kontakizun materialen aldetik, bai artistak pieza bakoitzean azalarazten dituen zentzumen estalien aldetik.

Jatorrizko izenburua

Vascular (4)

Data

2024

Teknika / Materialak

Hormigoi armatua, altzairuzko egitura eta eslingak

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa