Artearen konbentzioak zalantzan jartzeak ikerketarako eta lanerako eremu zabala eskaintzen die artista garaikideei. Sortze prozesu horren bitartez garatzen da pentsamendu kritiko eta analitikoa, artearen tradizioan inplizitu dauden ikusmoldeak identifikatu ahal izateko eta haietatik urruntzen edo haiek beste modu batean garatzen saiatzeko. Sortze-prozesu hori ez da aukerarik ohikoena, berekin baitakar jakineko printzipioekin haustea eta kontu ezberdinak ezbaian jartzea, esaterako: Idatzizko hitza izan daiteke sorkuntza plastiko baten elementu nagusia?, Onargarria litzateke artelan baten gainean esertzea?, Posible da arte desberdinetako elementuak konbinatzea pieza bat sortzeko?
Yoko Ono
Hichiko Happo [2014]
MATERIALAK: sumi tinta-baldea eta pintzel handi bat.
EFEKTUAK: tanta-jarioa.
EKINTZAK: “zazpi ezbeharrak eta zortzi sakrifizioak” legendaren ikasbidea “zazpi poz eta zortzi altxor” bihurtzea.
TESTUINGURU ARTISTIKOA: Fluxus mugimendua jarrera bat zen, estilo subertsibo bat, artearen interpretazio instituzionalei desafio egiten ziena. Hainbat arlok —arte bisuala, poesia, musika, dantza eta antzerkia— elkarren artean duten loturarekin esperimentatzen zuten Fluxus artistek, baita ekintzak edo happening-ak bezalako adierazpide erradikalagoekin ere. Umore- eta zori-elementuak funtsezkoak dira.
Jenny Holzer
Gerra bat egon zen [2019]
MATERIALAK: kartel argidunak, led argiak, hitz idatzia, adreiluak, harriak…; espazioak, eraikinak eta paisaiak,
obra horien gainean proiektatzeko.
EFEKTUAK: mugimendua.
EKINTZAK: karga politikoa eta soziala duten mezuak adieraztea gai konprometituei buruzko hausnarketa eragiteko; obrari bestelako erabilera bat emateko gonbidapena, adibidez, haren gainean eseri ahal izatea atseden hartzeko, edo haren barruan sartzea bere osagai izateko.
TESTUINGURU ARTISTIKOA: Neokontzeptualismoa, besteak ez bezalako estrategia estetiko gisa, modernitatearen amaiera adierazten duena eta hark utzitako legatua kritikatzen duena. Paralelismoa dago kritika postmodernoaren nagusitasun kultural kontzeptuaren eta kritika feministak planteatutako genero-bereizketa kontzeptuaren artean. Ondorioz, Neokontzeptualismoari lotutako zenbait emakume artistak apropiazioa, imitazioa eta simulazioa erabili zituzten arte-objektu autonomoa eta (gizonezko) artistarekiko gurtza zalantzan jartzeko asmoz.
Jean-Michel Basquiat
Napoliko gizona [1982]
MATERIALAK: akrilikoa eta collagea zur gainean.
EFEKTUAK: zirriborratzea eta nahastea.
INSPIRAZIO-ITURRIA: kaleko graffitiak, hip hopa, historian garrantzitsuak izandako afro-amerikar ospetsuak (kirolariak, musikariak eta abar).
EKINTZAK: arte bihurtutako graffiti kontzeptualen bidez ikusleengan astindu bat eragitea da asmoa.
TESTUINGURU ARTISTIKOA: Neoespresionismo amerikarra, pintura figuratibora itzuli izanak definitzen duena; sarritan eskala kolosalean egiten da. Gai kultural, mitologiko, historiko eta erotikoen errepertorio zabala hartzen du bere baitan, eta figura handi eta deigarriak irudikatzen ditu keinu-pintzelkadak erabilita; kasu honetan, gainera, testua ere erantsi zaio obra piktorikoari.
Jean-Michel Basquiat, Great Jones Street kaleko estudioan, New York, 1987. Argazkia: Tseng Kwong Chi. © 1987 Muna Tseng Dance Projects, New York.