Didaktika proiektuaren baitan, Museoak espazio didaktikoak eta jarduera bereziak diseinatzen ditu erakusketak osatzeko eta ikusgai dauden obrak errazago apreziatzen eta ulertzen laguntzen duten erremintak nahiz baliabideak emateko, dela aretoetan, dela online.
Oraingo honetan, Kunsthalle Bremenen maisulanak: Delacroixetik Beckmannera erakusketaren atal didaktikoak testuinguruan jartzen ditu Alemaniako eta Frantziako artea ardatz duen arte modernoko bilduma batek berrehun urtetan zehar izandako bilakaeraren une nagusiak. Horrez gain, paisaiari begiratzeko modu ezberdina aurkitzea proposatzen dugu, alemaniar izpirituarekin lotura handia duena, “naturan barrena ibilaldi” berezia eginaz.
Artista askok natura hartu zuten babesleku hiriko bizimodu itogarritik eta arau akademiko zorrotzetatik ihes egin nahian. Gune honetan euren toki propioa dute sortzaile horiek hirietatik kanpo eratu zituzten koloniek ere.
Hausnarketa bat ekarri nahi dugu hona. Izan ere, gaur egun, egungo bizitzeko moduek eta joera ekonomiko berriek naturaren berrinterpretazioa egitea eskatzen dute, bereziki gizakiak harengan duen eragin zuzena ikusita. Errealitate hori kontzeptu berri batean gauzatu da: aro geologiko berria definitu da, Antropozenoa. 2000. urte aldera hasi zen kontzeptuaren zentzua finkatzen gehienbat gizakiaren esku-hartzeak taxututako mundua definitzeko. Testuinguru konplexu honetan, nora joango ginateke gaur hirietatik ihes egitea nahiko bagenu?
Paul Cézanne
Herria zuhaitzen artean (Marines), ca. 1898
[Dorf hinter Bäumen (Marines)]
Olio-pintura mihise gainean
66 × 82 cm
Kunsthalle Bremen – Der Kunstverein in Bremen
Erosia: 1918
Inv. 373-1918/1
Argazkia: Lars Lohrisch