Didaktika guneko bitrinak Martha Jungwirthek lanerako erabiltzen dituen zenbait tresna eta material biltzen ditu: pintzelak, pintura-hodiak eta koloreak nahasteko ontziak, denak haren Vienako estudiotik ekarriak.
Artistak hainbat teknika erabili izan ditu bere ibilbidean zehar: koloretako arkatzak, grafitoa, pastela, ikatz-ziria, luma eta tinta, akuarela eta olio-pintura. Haren paleta ere aldatu egin da urteek aurrera egin ahala, eta bere obrarik berrienetan kolore-gama zabala ageri da: granateak, karminak, gorriminak, moreak, berdeak eta horiak. Koloreak adierazkortasuna transmititzeko eta espazio piktorikoa antolatzeko balio dio margolariari.
Jungwirthen ekoizpenean ez-ohiko euskarriak dira nagusi. Adibidez, gogoko du paper zaharrak, are zikinak, berezkoa duen patina. Marko zaharren atzealdetik ateratako kartoi gainean lan egin izan du, baita artisau-paper gainean ere, eta balantze- eta kontabilitate-liburuak erabili izan ditu artista-koaderno gisa.
Kronologia labur honek Jungwirthek bere ibilbidean zehar aztertu dituen teknikak biltzen ditu:
1956–1963. Jungwirthek Vienako Arte Aplikatuen Akademian ikasi zuen. Aurrez aurreko marrazkian zentratu zen.
1967–1977. Marrazketa-eskolak eman zituen Vienako Arte Aplikatuen Akademian, eta ikasleei eguneroko objektuak irudikatzeko eskatu zien, hala nola idazmakina bat edo tipula bat, tintaz eta lumaz egindako marrazkia soilik erabilita.
1968. Vienako Wirklichkeiten (Errealitateak) artista-kolektiboko emakume bakarra izanik, obra figuratiboak sortzen zituen koloretako arkatzekin eta akuarelekin emakume biluziak, berrikuntza teknologikoak eta karreretako autoak irudikatuz.
1974. New Yorkera egindako bidaia baten ondoren, Jungwirthek albo batera utzi zituen akuarelak; lerroan kontzentratu zen, eta arkatzak eta ikatz-ziriak erabiltzen hasi zen. Garbigailu bat eta hainbat etxetresna elektriko marraztu zituen Indesit sailean (Italiako fabrikatzailearen izenetik hartu zuen titulu hori).
1980. Formatu handiko akuarelak sortu zituen, batzuetan papera hainbat norabidetan biratuta.
1986. Trementinarekin diluitutako olio-pintura erabiltzen zuen margolanak egiteko; kartoi gainean geruza finak aplikatuz, akuarela antzeko akabera lortzen zuen.
1995. Uda Greziako Naxos eta Paros uharteetan igarotzen ari zela, karea aplikatu zien bere marrazkiei, eta akuarelaz paisaiak margotu zituen kontu-liburuetan.
2004. Birmaniara eta Kanbodiara bisita bat egin ondoren, formatu bertikaleko akuarela-lan batzuk egin zituen eskuz egindako paper gainean.
2019. Jungwirthek Troyako zaldia egin zuen, 16 m2-tik gorako olio-pintura monumental bat, eta Vienako Estatu Operako atze-oihalean jarri zuten artelan horren erreprodukzio bat.