GERMANO CELANT
Richard Artschwager erakusketa ixtear dagoen honetan, abagune aproposa da Guggenheim Bilbao Museoak Germano Celant-i (Genova, 1940–Milan, 2020) omenaldi bat egiteko. Izan ere, Museo honentzat zein Guggenheim Museoen taldea osotzen duten guztientzat hogeita hamar urte luzez lankide estimatua, ohiko solaskidea eta presentzia pizgarria izan denaren azken proiektua izan da hau.
Artschwagerri eskainitako atzera begirako aparteko honek, zeina 2020ko otsailetik abuztura izan baitugu ikusgai gurean eta MART Museo d’Arte Moderna e Contemporanea di Trento e Rovereto-rekin lankidetzan antolatu baita, Germano Celanten komisario-lanak ezaugarritzen dituen zirrara eta edertasuna jartzen ditu agerian. Erakusketa ikustera hurbildu direnek nahiz birtualki ezagutu dutenek ezustekoz betetako ibilbide ia laberintikoaz gain, proposatu zaizkien ideia eta artelanekiko loturez, sintesi narratiboaz eta umoreaz gozatu ahal izan dute zorigaiztoko urte honetan, non beste galera kontsolaezinen artean, Germano berarena ere deitoratzen dugun. Bilbon hark antolatutako bosgarren erakusketa dugu hau, aurretik Andy Warhol (1999–2000), Anselm Kiefer (2000), Panza Bilduma (2000–01) eta Giorgio Armani (2001) gaitzat hartuta aurkezpen gogoangarriak egin baitzituen.
Germano Celant aitzindaria eta ikonoklasta, erreferentziazko kritikaria eta bere garaiko hainbat sortzaile handiren konfiantzazko laguna izan da, eta XX. eta baita XXI. mendeko artea taxutu duten figuren artean gogoratuko dugu. Zaila gertatzen da haren karrera luzeko mugarri garrantzitsuenak aukeratzea. Besteak beste, Arte Povera definitu zuen 1967an, funtsezko azterketa historikoak burutu zituen Arts & Foods (2015) eta Post Zang Tumb Tuuum (2018) erakusketekin eta 47. Veneziako Biennaleko arte-zuzendaria izan zen. Aipatzekoa da ere ibilbide bikain honetan 1988. urtean New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-eko arte-arduradun izendatu zutela, zeinak erakunde horren nazioartera zabaltzeko joera zedarritu baitzuen. Izan ere, handik gutxira munduan hainbat gune eta egoitza izango zituen museo-erakunde bat sortzeko ideia forma hartzen hasi zen Thomas Krens-en gidaritzapean. Ideia hori Germano Celanten parte hartze zuzenari esker ernatu eta 1997an gauzatu zen Guggenheim Bilbao Museoa inauguratu zenean, euskal erakundeen irismen handiko sineste sendoak bultzatuta.
Germanok, aurrera atera zuen guztian, hark “360 graduko ikuspegia” esaten ziona baliatzeaz gain, gauzen arteko loturak ikusteko eta azaltzeko begia eta hasiera batean guztiz desberdinak ziruditen eremuen artean zubiak eraikitzako gaitasuna uztartu zituen. Erabat sinetsita zegoen Germano gure garaiko artearen espiritua ezaugarritzen duena etengabetasuna dela, eta horregatik jorratu zituen arkitektura, diseinua, moda edo gastronomia bezalako alorrak arteari eskainitako gogo liluratu berdinarekin. Ildo horretatik, 1970eko hamarkadako diseinu italiar erradikala aldarrikatu zuen, eta 1980ko hamarkadaren hasieran Frank Gehry-ren jenialtasuna goretsi zuen lehena izan zen; ordutik aurrera laguntasun harreman luzea izan zuten biek, arlo artistikoan nahiz pertsonalean.
Germano Celant jakintsua eta herrikoia izan zen, kementsua eta inkonformista, diziplinarteko ikusmoldea zuen, eta kategoria guztiak giza-ezagutzaren ikusmira zabalaren barruan sartzen zituen jakinmin paregabea zuen. Haren oinordetza gure garaiko historia bizia ez ezik etorkizunerako etengabeko inspirazio-iturria ere izango da.
Juan Ignacio Vidarte
Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusia
Deputy Director & Chief Officer for Global Strategies, Solomon R. Guggenheim Foundation