“Gainerakoek liluratu egiten naute, eta pertsona ororen alderdirik interesgarriena —pertsona baten baitarako sarbidea— aurpegia da. Aurpegiak dena esaten du.” David Hockney
Hockney (Bradford, Erresuma Batua, 1937) beti egon da figurazio-pinturarekin konprometituta, eta XX. mendearen bigarren erdian arrakasta handirik ez zuten genero artistikoak landu ditu, hala nola, paisaia edo erretratua. Bere ibilbide luzea Ingalaterra eta AEBen artean garatu da, eta horretan zehar, Hockneyk sarritan jo du erretratura bere lagun-taldea irudikatzeko; izan ere, bere uste sendoa da, artistak modeloa gero eta hobeto ezagutu, are eta hobeagoa dela erretratua.
Bere jakin-min eta esperimentazio-grinak gidatuta, hainbat estilo eta teknika baliatu ditu. Bradford School of Art eskolako ikasle zela (1953–57) egindako olio-pinturetan bere familiako kideak agertzen dira, bai eta hiri-paisaiak eta estudioko irudiak ere. Geroago, 1961 eta 1963 artean, New Yorkera egindako lehen bidaia kontatu zuen Libertinoaren aurrerabidea deitutako sailean; 16 grabatuk osatutako multzoa zen, eta erreferentzia sexualak agertzen ziren bertan. 1960ko hamarkadaren erdialdean, Los Angelesen hasi zen lanean, eta hamaika aldiz erretratatu zuen Peter Schlesinger, bost urtean zehar bikote eta modelo gustukoen izango zuena; horretarako, hainbat teknika baliatu zituen: arkatza, luma, pastela edo margo akrilikoa. Estatu Batuetako mendebaldeko kostako argiak zeharo liluratu eta bere lanak bete zituen. 1970 eta 1980ko hamarkadetan oso gertuko pertsonak margotu zituen: gurasoak, Celia Birtwell diseinatzailea edo orduko bikotekide Gregory Evans; garai hartan, pinturaz gain argazki-collageak egin zituen, Picassoren eta zatikapen kubistaren eraginpean eta hainbat ikuspuntu baliatuta. Bestalde, pinturako maisu handiek erabili ahal izan zituzten tresna optikoen inguruko ikerketak bildu zituen The Secret Knowledge (Ezagutza ezkutua) liburuan; lan horrek akuilatuta, 1999 eta 2002 urteen artean 280 erretratu gauzatu zituen camera lucidaren laguntzaz: tresna hori lente batez eta ispilu batez osatuta dago, eta William Hyde Wollaston-ek patentatu zuen 1807an; horren bidez, modu fidagarrian irudikatu ahal izan zituen modeloak, haiek pertsonalki ezagutzen ez zituenean ere. 2009an, berriz ere, Ingalaterrako landa-paisaien sail baten sorreran murgilduta zegoen arren, hainbat langileren erretratuak egin zituen baliabide berriak erabilita: hala nola, Photoshop eta Graphics Tablet programak. Hala, Hockney behin eta berriro itzultzen da genero berberera eta sakontasunez berrinterpretatzen du, aurrerapen teknologikoen eta gai horretan egindako ikerketen arabera.