XX. mendearen lehenengo hamarkadetan, Europan, artistek besteak beste abstrakziora jotzen zuten, artea unibertsalagoa eta modernoagoa izan zedin. Ondorioz, hainbat mugimendu sortu ziren; adibidez, konstruktibismoa Errusian, kubismoa Parisen, De Stijl Herbehereetan eta Bauhaus eskola Alemanian. Guztiek forma geometriko puruak eta zehatzak erabiltzen zituzten oro har. Gainera, ideia bat barneratuz joan zen ismo horietan guztietan: arteak lotura zuzenagoa behar zuela bizitzarekiko, eta artea ikusleengana hurbildu behar zela.
Bigarren Mundu Gerrak (1939–1945) hego-hemisferioan ere izan zuen eragina. Latinoamerikako herrialde askok guda garaian izan zuten jarrerak, gerora, gatazka amaitutakoan, eragina izan zuen haien egoera politiko, ekonomiko eta sozialean, eta, hedaduraz, baita haien bilakaera kultural eta artistikoan ere.
Brasilen, herrialdeak bizi izan zuen garapen handiaren erdigune neuralgiko bihurtu zen São Paulo, eta modernizazio-programak jarri ziren martxan bertan; besteak beste, Brasilia hiriburu berriaren sorrera Oscar Niemeyer arkitektoaren ardurapean. Gainera, ekimen kultural garrantzitsuak garatu ziren, São Pauloko Bienala kasu. Haren lehenengo edizioan (1951) abstrakzioa izan zen nagusi, eta arte konkretuak aurrerapen zientifiko eta teknologikoa irudikatzen zuen. Hala, 1950eko hamarkadan Brasilen sortu ziren bi foku artistikoen ezaugarri komunak izan ziren abstrakzio purua eta arrazionalismo zorrotza.
Batetik, São Paulon, Grupo Ruptura taldeko artistek artearen balio tradizionalak berritu nahi izan zituzten; ezagutzeko bide gisa ikusten zuten artea. Honako hauek zeuden taldean, besteak beste: Waldemar Cordeiro, Lothar Charoux, Geraldo de Barros, Kazmer Féjer, Leopoldo Haar, Luiz Sacilotto eta Anatol Władysław.
Bestalde, Rio de Janeiron, Grupo Frente mugimenduko kideek askatasun handiagoz eta material eta mintzaira gehiago baliatuta landu zuten abstrakzio puruaren irudikapena. Lygia Clark (1920–1988) talde horretako kidea izan zen Aluísio Carvão, Hélio Oiticica, Lygia Pape eta Ivan Serpa artistekin batera, besteak beste. 1959an, Ferreira Gullar-en Manifestu Neokonkretuak eragin handia izan zuen taldeko artistengan. Manifestu hartan, Gullarrek ez-objektuaren teoria azaldu zuen, pintura edo eskultura gainditzen zituen kategoria artistiko bat. Lygia Clark eta Frenteko artistak jarduera artistiko berriak lantzen hasi ziren. Ekintza berri haiek bizitzako esperientziei lotuta zeuden eta ikusleak artelanean parte hartzera bultzatzen zituzten.
Venezuelak ere izan zuen Europako abangoardiaren eragina. 1952an Parisetik itzuli ondoren, Los Disidentes taldeko artistek abstrakzio geometrikoaren eta arte zinetikoaren inguruko esperimentuak egiten jarraitu zuten. Talde horretan zeuden, besteak beste, Alejandro Otero —Koloritmoak (Coloritmos) delakoen sortzailea—, Carlos Cruz-Diez —Fisikromiak (Fisicromías) izenekoen sortzailea— eta Jesús Rafael Soto; azken hura Parisen geratu zen, eta haren obra zinetikoak gorenera iritsi ziren 1960ko hamarkadan Zeharkagarri ikonikoak sortu zituenean.
Argentinak Grupo Madí taldearen lehenengo erakusketa aurkeztu zuen Buenos Airesen 1946an. Mugimendu horretako artistek ere Europako abstrakzioarekin jarraitu nahi zuten, eta horretarako marko irregularrak, plano artikulatuak eta mugimendua erabili zituzten beren lanetan, baita teknologia berriak ere, adibidez, Gyula Kosice-k baliatzen zuen neoia —Madí argi-egitura, 6 (Estructura lumínica Madí 6)—. Talde bereko kideak ziren Carmelo Arden Quin eta Rhod Rothfuss-ek, bestalde, arte ez figuratiboa sortzeko molde konstruktibistak eta geometrikoak baliatu zituzten.
Montevideon, Joaquín Torres-García artistak Taller Torres-García sortu zuen 1943an, Europatik itzuli ondoren. Tailerra tradizio artistiko ezberdinak uztartzen zituen artearen irakaskuntzarako zentro bat zen, unibertsalismo konstruktibistan oinarritua, eta lerroa, geometria eta kolore-planoak ardatz zituen pintura baten oinarri bihurtu zen.