Etengabeko ikerketa
Etengabeko ikerketa

Didaktika proiektuaren baitan, Museoak hezkuntza-jarduerak eta -eremuak diseinatzen ditu, erakusketen osagarri gisa, eta jarduera eta eremu horiek tresna ugari eskaintzen dituzte, bai erakusketa-aretoetan, bai online, jendeak hobeto uler ditzan artistak eta haien lanak.

Eremu didaktiko honetan, Vasily Kandinskyren bizitzan eta jardun artistikoan eragina izan zuten pertsona, toki eta gertakariek hartzen dute garrantzia. Errusian trebatzen eman zituen urteetatik Alemanian eta Frantzian pasatu zituen denboraldi emankorretaraino, Kandinskyk jakin-min intelektuala eta abangoardiarako joera zuela erakutsi zuen. Hemen, haren marrazki esperimentalak, koloreen eta soinuen arteko erlazioari buruzko ikerketa, haren irakaspen eta idatzi teorikoak eta termino nagusien glosario bat eskainiko dizkiogu jendeari. Inflexio-puntu horiei esker, oro har, Kandinsky XX. mendearen hasieran arte abstraktua edo ez-figuratiboa garatzen aitzindaria izan zen.

MEZENAS ESTATUBATUARRAK: GUGGENHEIMDARRA

Solomon R. Guggenheim industrialari estatubatuarrak eta haren emazteak, Irene Rothschild Guggenheim, biak ala biak oso artezaleak eta bildumagileak, 1930ean ezagutu zuten Kandinsky, Dessauko Bauhaus eskolan, han eskolak ematen baitzituen. Guggenheimdarren aholkulari artistikoak, Hilla Rebay margolari alemanak, Kandinskyren obra dinamiko eta berritzailea erakutsi zien, eta bereziki Solomonen arreta erakarri zuen.

Arte ez-figuratiboa edo ez-objektiboa, mundu errealaren irudikapen zehatzarekiko loturarik gabekoa, handituz zihoan guggenheimdarren bilduma modernoaren erdigunean kokatu zen 1930eko hamarkadan. Solomon Guggenheim Kandinskyren oso laguna izan zen beti, eta haren AEBko mezenas nagusietako bat izan zen.

APARTEKO BILDUMA BAT

Artista bakarraren 150 obra baino gehiago dituzten zenbat arte-bilduma partikular ezagutzen dituzu?

Solomon Guggenheimek jendearekin partekatu nahi zuenez bere artea, Solomon R. Guggenheim Foundation sortu zuen 1937an, eta Museum of Non-Objective Painting (Arte Ez-objektiboaren Museoa) zabaldu 1939an. Kandinskyren obretako asko museoaren inaugurazio-erakusketan, Art of Tomorrow (Etorkizuneko artea) jarri ziren ikusgai. Guggenheimen aholkulari nagusia, Hilla Rebay, izan zen Museoaren lehenengo zuzendaria eta komisarioa.

Solomon R. Guggenheim Museum izena jarri eta Frank Lloyd Wrightek diseinatu zuen New Yorkeko eraikin batean kokatu zuten, eta 1959an inauguratu zen. Gaur egun, museoak Kandinskyren 150 lan inguru ditu.

Photo : Irene Rothschild Guggenheim, Vasily Kandinsky, Hilla von Rebay and Solomon R. Guggenheim; July 7, 1930.
M0007 Hilla von Rebay Foundation Archive,  Series 1. Photographs, People.