1963an, Albers senar-emazteak New Haven-en (Connecticut, AEB) bizi ziren bitartean, Annik bere lehenengo urratsak eman zituen grabatuaren esparruan. Artista laster konturatu zen teknika horrek adierazpide azkarragoa edo, bere hitzetan, askeagoa eskaintzen ziola:
Josef Albers senarra Los Angelesko Tamarind Lithography tailerrean lan egitera gonbidatu zutenean gertatu zen aldaketa handia […]. June Wayne-k, tailerraren zuzendariak, eskatu zidan nik neuk litografia bat egiteko. Konturatu nintzen, litografian, inoiz imajinatzera heldu ez nintzen askatasuna islatzen zuela harien irudiak.
Urte horretan bi grabatu egin zituen tailerrean, eta ondoren, New Havenenera itzuli zenean, beste bi egin zituen. 1964. urtean, June Waynek Tamarind eko parte hartzeko gonbidapena luzatu zion eta Lerro-loturak izeneko seriea sortu zuen.
Lehenengo sorta litografiko horiek haria eta haren formak hartzen zituzten abiapuntu kontzeptualtzat, eta horien segidan, tinta desberdineko hainbat geruzez osaturiko grabatuak egin zituen artistak. Azken horiek, azidoekin nahasten zirenean, gardentasun koloretsuak eta ilusio optikoak sortzen zituzten (hirudimentsiokotasuna, adibidez). Mota horretako lanak seriean sortzeko aukera gustatu zitzaion artistari, eta 1984. urtera arte grabatua baino ez zuen landu, ehunak betirako bazter utzita.