Enplegua eta praktikak

Museoari buruz

Guggenheim Bilbao Museoa euskal erakundeen —Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia— eta Solomon R. Guggenheim Foundation-en arteko lankidetza bikainaren emaitza da. Artearen eta kulturaren alorretan ezarritako helburuak sobera gainditu dituen errealitatea da gaur egun Museoa eta Bilboko hiriko, Bizkaiko eta Euskal Herriko ekonomia eta gizartea berroneratzen lagundu du.

Museoaren Eginkizuna da arte modernoa eta garaikidea bildu, zaindu eta ikertzea, eta publiko zabal eta anitzarentzat ikusgai jartzea, Artearen Historiaren testuinguruan ikuspegi desberdinak eskainiz. Arkitekturaren obra enblematiko baten esparruan artelanak eta arteak adierazten dituen baloreak ezagutarazteko eta arteaz gozatzen laguntzeko xedea du Museoak, Guggenheim Museoen Konstelazioaren funtsezko pieza gisa eta Euskal Herriaren bizitasunaren sinbolo gisa.

Kode etikoa

Guggenheim Bilbao Museoak erakunde inklusiboa eta askotarikoa izateko konpromiso sendoa erakusten du, eta bere kode etikoaren bidez, jokabide etikoa eta soziala mantentzen ahalegintzen da, pertsonen aukera-berdintasuna eta haien aniztasuna errespetatuz eta bizitza pertsonala eta lan-bizitza bateratzen lagunduz. Museoak arbuiatu egiten du edozein diskriminazio; dela adinagatik, arrazagatik, kredoagatik, erlijioagatik, egoera zibilagatik, genero-identitate eta/edo -adierazpenagatik, sexu-orientazioagatik, jatorri nazionalagatik edo desgaitasun-egoeragatik.

Hautaketa-prozesuetan, Museoak aukera-berdintasuna bermatzen du, eta enpleguan kalitatea eta egonkortasuna eskaintzen die pertsonei, ingurune atsegin eta suspergarri batean, langileen eta erakundearen arteko elkarrekiko erantzukizuna sustatuz, eta lan-modu malgu eta berritzaileen aldeko apustua eginez.

Lanpostuaren deskribapena

Zuzendari Nagusiak Guggenheim Bilbao Museoko politiken formulazioaren, plangintzaren, eta antolaketaren ardura du; besteak beste, giza baliabideak eta operatiba zuzentzen ditu. Zuzendari Nagusiak Batzorde Betearazlearekin eta Patronatuarekin lankidetza estuan lan egiten du Museoaren politikak eta programak garatu, koordinatu eta ezartzeko. Zeregin horien artean sartzen da erakusketetaz, bildumen kudeaketaz, hezkuntza-jarduerez, funtsak erakartzeaz eta erakundea komunitateari zabaltzeaz arduratzea.

Balioak

Aukeratutako pertsonari Guggenheim Bilbao Museoaren Zereginari lotutako ondorengo balio pertsonalak eskatuko zaizkio:

• Zintzotasuna eginkizunak betetzean, irizmena izatea eta zentzuzko pertsona izatea
• Erabakiak hartzeko erabakimena eta konpromisoa
• Malgutasuna, era guztietako inguruneetara egokitzeko gaitasuna, espiritu kritikoa
• Enpatia, asertibitatea, komunikaziorako trebetasunak
• Talde-espiritua sortzeko gaitasuna, lidergo-gaitasuna eta motibazioa

Erantzukizun nagusiak

  • Batzorde Betearazlearen eta Patronatuaren aginduetara eta haiek ezarritako ildoekin bat lan egitea norabide estrategikoa zehazteko eta Museoaren eta hari lotutako erakundeen Zeregina betetzea ahalbidetuko duten ekimenak garatzeko.
  • Museoaren jarduna planifikatu, koordinatu eta zuzentzea; jardun horren oinarriak, arte- eta hezkuntza-programazioak, programa publikoak, garapena, finantzak, komunikazioa eta giza baliabideak izaki. Plan estrategikoak eta horien ondorengo gauzatze-aurrekontuak egitea eta proposatzea, eta horiek kontrolatzeko eta bultzatzeko mekanismoak ezartzea.
  • Bildumaren kudeaketa eta artelanen eskuraketak gainbegiratzea.
  • Nazioarteko proiekzioa eta aintzatespena lortzea; Museoaren audientzia tokiko eta nazioarteko mailan areagotzeko estrategiak garatzea; eta Museoaren finantza-egonkortasuna eta -hazkundea bermatzea.
  • Euskal erakunde publikoekin lankidetzan aritzea.
  • Solomon R. Guggenheim Foundation-aren, euskal erakundeek Patronatuan duten ordezkariaren eta Guggenheim Konstelazioko beste museo batzuen arteko bitartekari gisa jardutea, eta indarrean dauden akordioetatik eratorritako konpromisoak betetzen direla bermatzea museoen Konstelazioan partekatutako identitatea, loturak eta proiektuak sendotu eta aberasteko xedearekin.
  • Diru-funtsak lortzeko ahaleginak zuzentzea eta kide korporatiboen eta indibidualen programen bidez loturak lantzea, autofinantzaketa-mailak maximizatuz.
  • Pertsonak erakarri, atxiki eta motibatuko dituen antolaketa-kultura mantentzea; Museoko arlo guztietako langileen jarduerak planifikatu, antolatu eta zuzentzea.
  • Beste museo-erakunde batzuekin, kultura- eta arte-erakundeekin eta ekonomia- eta gizarte-garapenarekin lotutako beste erakunde batzuekin harremanak izatea eta koordinatzea.
  • Harreman publikoen garapen orokorra eta zabalkunde-ekimenak zuzentzea; Museoaren bozeramaile nagusi gisa jardutea.

Gaitasunak eta kualifikazioak

 

  • Artea, bildumak, programazioa eta museoen funtzionamendua ezagutzea.
  • Kudeaketa-, plangintza-, antolaketa- eta administrazio-gaitasunak menperatzea, bereziki nazioarteko jarduera-eremua duen erakunde transnazional batean garatutakoak.
  • Lidergorako eta zuzendaritza estrategikorako gaitasuna eta etorkizuneko ikuspegia.
  • Arazoak konpontzeko, negoziatzeko eta gatazkak konpontzeko gaitasunak.
  • Erakunde publiko eta pribatuekin, fundazioekin, Patronatuko kideekin, komunitatearekin eta interes-taldeekin lan-harreman eraginkorrak ezartzeko gaitasuna. Museoaren errealitate instituzionala eta testuinguru soziokulturala ezagutzea.
  • Frogatutako trebetasuna izan beharko du funtsak biltzeari, audientziak zabaltzeari, sustapenari eta harreman publikoei lotutako gaietan.
  • Langileen jarduna gainbegiratzeko eta eraginkortasuna sustatzeko gaitasuna; betiere talde-espiritua, motibazioa eta lankidetza-lana sortzeko gaitasuna erakutsiz.
  • Idatzizko eta ahozko komunikaziorako trebetasuna; jendaurreko eta komunikabideentzako aurkezpenak egiteko gaitasuna.
  • Graduko edo graduondoko unibertsitate-prestakuntza museo baten berezko zereginekin zerikusia duen gai batean, zuzendari-karguari lotutakoekin barne.
  • Hizkuntzak jakitea, berariaz balioetsiko da jakintza-maila eta erraztasuna Museoko hiru hizkuntza ofizialetan (euskara, gaztelania eta ingelesa).
  • Gutxienez 10 urteko esperientzia arte-erakunde bateko, museo bateko edo kultur arloko goi-zuzendaritza lanetan, edo kulturari lotutako sektore batean, edo esperientzia baliokideren batean. Hautagaiak, gainera, Museoaren etapa berri honetan epe ertain/luzerako proiektu bat garatzeko aukera emango dion momentuan egon beharko du bere ibilbide profesionalean.

HAUTAGAIEK ESKABIDEAK AURKEZTEKO MODUA

Formulario hau bete beharko da eremu guztiak betez eta Museoko hiru hizkuntza ofizialetako edozeinetan eskatutako dokumentazioa erantsiz.

Zalantzak argitzeko posta elektronikoa: jobs@antoniajosten.com

Hautagaitzak aurkezteko azken eguna 2024ko ekainaren 30a da, igandea.



3/2018 Lege Organikoarekin eta EBko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrarekin bat etorriz, emandako datu pertsonalak fitxategi automatizatu batean sartuko dira, Guggenheim Bilbao Museoko Fundazioaren ardurapean, eskabidea eta hautagaien eta Fundazioaren arteko harremanak kudeatzeko. Horretarako, baimena ematen duzu Antonia Josten hautaketa-enpresaren esku jartzeko hautaketa-prozesua kudeatzeko soilik behar diren datuak. Fundazioak tratamenduaren segurtasuna bermatzen du, bai eta datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, transferitzeko, mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak ere. Eskubide horiek hemen baliatu ahal izango dira: dpo@guggenheim-bilbao.eus edo Abandoibarra etorbidea 2, 48009 Bilbo. Eskubide horien tratamenduarekin ados ez bazaude, Datuak Babesteko Espainiako Agentzian erreklamazioa aurkezteko eskubidea ere baduzu. Informazio osagarria eskuratzeko, gure pribatutasun-politika kontsulta dezakezu hemen