12 azaroa 2024
Guggenheim Bilbao Museoaren Patronatuak Miren Arzalluz historialari eta komisario ezaguna izendatu du gaur Museoaren Zuzendari Nagusi, azken hilabeteotan osatu den hautaketa-prozesua burutu ondoren.
Patronatuak Miren Arzalluz aukeratzearen arrazoien artean daude hark nazioarteko kultur-erakundetan duen esperientzia eta horri esker lortu duen aintzatespena; Museoaren proiektuarekin epe luzerako konpromisoa hartzeko borondatea; Museoa herrialdea eraldatzeko estrategian giltzarria izateko helburuarekin bat etortzea; eta Museoak lan egiten duen testuinguru kulturalekiko sentsibilitatea erakustea, tokiko balioak eta balio globalak integratzeko gaitasuna baliatuta.
Miren Arzalluz Loroño (Bilbo, 1978) Palais Galliera-Parisko Modaren Museoaren zuzendaria da gaur egun eta kulturaren arloan nazioarteko ospea duten erakundeetan erantzukizun handiko lanetan osatu duen ibilbidearen ostean dator Guggenheimera. Artearen historiaren, ikerketaren eta museoen arloetan duen ezagutza sakona dakar, eta, horrez gain, eskarmentu handia du erakundeen kudeaketan eta nazioarteko harremanetan.
Deustuko Unibertsitateko doktoregoa du Historian, Artearen Historiako Masterra egin zuen The Courtauld Institute of Art-en eta Politika Konparatuan Masterra London School of Economics-en. Azken sei urteotan Palais Gallieraren zuzendaria izan da eta erakunde hori berritzeko eta handitzeko proiektu handinahi baten ardura izan du, museoaren birdefinizio sakon eta berritzaile baten bidez erakunde hori fase berri baterantz eramatea lortuz. Paris Musées eta Parisko Hiriko erakundeekin lankidetzan, Miren Arzalluzek diziplinarteko ikuspegi berri bat sustatu du, Palais Gallieraren eta nazioarteko beste arte eta diseinu museo batzuen arteko elkarrizketak eta kolaborazioak ezarriz, eta publikoaren nahiz kritikaren aldetik onarpen handia izan duten erakusketak sortuz.
Miren Arzalluzen nazioartean lortutako aintzatespena bestelako lorpenek egiaztatzen dute: 2024an Frantziako Kultura Ministerioak Chevalière de l'Ordre des Arts et des Lettres izendatu du, eta berriki Estatu Batuetako diseinu-sari nazionaletan epaimahai izendatu dute, New Yorkeko Smithsonian-eko Cooper Hewitt Diseinu Museoak ematen dituen National Design Awards 2025eko sarietarako.
Miren Arzalluzek gaur egungo euskal kulturarekin lotura hestuak ditu ere: Bilboko Arte Ederren Museoaren Aholku Batzorde Artistikoaren kidea da, eta Parisera joan aurretik Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaria izan zen. Erakunde hori Eusko Jaurlaritzaren mendekoa da, eta nazioartean euskal kultura eta sorkuntza garaikidearen ikusgarritasuna bultzatzeko lan egiten du. Arte-aditu independente gisa izan duen esperientziari esker, erakusketak komisariatu ahal izan ditu munduko hainbat herrialdetan, eta bost urtez Balenciaga Fundazioaren eta Museoaren komisario-buru izan zen, erakusketen eta Bildumaren arduradun.
Miren Arzalluz Zuzendari Nagusi Hautetsi izendatuko dute 2025eko martxoaren 1ean eta izendapenak egun horretatik aurrera izango du eragina. Lau astez, apirilaren 1era arte, murgiltze-prozesu bat egingo du Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoetan, Juan Ignacio Vidarte Museoko Zuzendari Nagusiarekin batera. Egun horretan, Miren Arzalluzek Zuzendari Nagusi kargua hartuko du, erantzukizun osoz.
Hautaketa-prozesua
Maiatzaren 20an Juan Ignacio Vidartek Patronatuan Zuzendari Nagusi gisa dituen ardurei amaiera emateko erabakia iragarri zuen, Museoaren zuzendaritzan belaunaldi berriaren ordezkari bat sartzea ahalbidetzeko. Hortik aurrera, nazioarteko hautaketa-prozesu bat jarri zen abian, artearen eta kulturaren sektoreko zuzendaritza-kideak kontratatzeko zereginetan nazioarteko esperientzia handia duen Berlingo Antonia Josten enpresaren eskutik.
Ekainaren 3tik 30era bitartean hautaketa-prozesuaren zabalkundea egin zen eta eskabideak Museoaren webgunean aurkeztu ahal izan ziren. Fase horretan 1.160 bisita erregistratu ziren Museoaren webguneko zegokion atalean: 739 gaztelaniaz, 327 ingelesez, 50 frantsesez eta 44 euskaraz.
Honako ezaugarri hauek bilatzen ziren, besteak beste: artearen eta museoen funtzionamenduaren ezagutza handia izatea, arlo horren barruan nazioartean kudeaketa- eta plangintza-gaitasun egiaztatuak izatea, lidergo-gaitasuna eta esperientzia izatea funtsak lortzeko eta audientziak garatzeko, hainbat hizkuntzatan komunikatzeko gaitasuna izatea, prestakuntza eta kualifikazio handia izatea museoen jardunarekin lotutako gaietan, eta Museoaren errealitate instituzionala eta testuinguru soziokulturala ezagutzea.
Prozesuan, jatorri geografiko desberdineko 79 profesional hartu ziren kontuan (% 32 nazioartekoak, % 23 Euskal Autonomia Erkidegokoak eta % 45 Estatuko gainerako herrialdeetakoak). Profilak aztertu eta elkarrizketak egin ondoren, Antonia Josten enpresak hautagai aukeratuen zerrenda bat osatu zuen, eta hautaketa-batzordeari bidali zion baloratzeko. Batzorde horrek hautagaiak ebaluatu zituen eskatutako gaitasunen eta ezaugarrien arabera, eta, azkenik, haien ustez hautagairik egokiena eta artearen munduko erronka berriei hobekien erantzungo ziena aukeratu zuten.
Museoaren Patronatuko bileraren irudia hemen.
Bidali mezu bat xehetasun guztiekin helbide honetara: media@guggenheim-bilbao.eus
Mezuan informazio hau jarriko da: grabazio-mota, eguna, ordua eta iraupena, zein den grabazioaren helburua (eraikina, erakusketak), elkarrizketa behar duen edo bestelako informazio interesgarria.
Behin eskaera onartuta, Museoak taldea osatzen duten kide guztiei buruzko datuak jasoko ditu, filmazioa egin aurretik.
Ikus-entzunezko produkzioetan Museoaren irudia erabiltzeak tarifa bat izan dezake. Eskaera bakoitza Irudi Batzordeak aztertuko du. Eskaera baten berrikuspena 3 egun baliodunetik 2 astera arte luza daiteke. Saioak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen dugu.
Irudiak lortzeko, sar zaitez hemen eta deskargatu materiala. Premiazko eskaeretarako, posta elektronikoaren bidez edo telefonoz jar zaitezke harremanetan.
Irudiak beren egilearen izenarekin erreproduzitu behar dira, distortsionatu, mutilatu edo aldatu gabe. Irudi horiei beste erabileraren bat eman behar bazaie, Museoaren berariazko baimen idatzia beharko da.
Informazio guztia web orrialdeko Prentsa sailean eskura daiteke, erakusketen atalean.
Prentsa-txartela aurkeztu behar baduzu Museoko leihatiletan, sarrera doan eskuratuko duzu. Kontuan izan kazetariei Museoa doan bisitatzeko aukera ematen zaiela, museoaren jarduerei, ekitaldiei eta erakusketei publizitatea ematearen truke.
Bidali mezu bat hedabideari eta kazetariari buruzko informazio osoarekin media@guggenheim-bilbao.eus helbidera.