21 maiatza 2024
Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatuak atzo, maiatzaren 20an, egin zuen batzarrean Juan Ignacio Vidartek Museoaren Zuzendari Nagusi gisa dituen erantzukizunak uzteko erabakia jakinarazi zuen. Erabaki honekin 32 urteko ibilbide luze eta emankorra burutzen du Juan Ignacio Vidartek: 1992. urtean Guggenheim Bilbao Museoaren proiektua garatzeko partzuergoaren Zuzendari izendatu zuten eta, lau urte geroago, 1996. urtean, Museoaren lehenengo Zuzendari Nagusi izateko aukeratu zuten, gaurdaino.
Gaur goizeko prentsa aurreko agerraldian Juan Ignacio Vidartek bere erabakiaren nondik norakoak azaldu ditu. Aitortu du badirela urteak ideia hori buruan darabilela, eta hainbat inguruabarrek, COVID 19-aren pandemiak esaterako, prozesua luzatu badute ere, azkenik atzo egin zuen ofizial bere erabakia Patronatuaren aurrean.
Juan Ignacio Vidartek uste osoa du momentu egokia dela hiru hamarkadaz luzatu den zikloari amaiera emateko eta Guggenheim Bilbao Museoaren historian lerro berriak eransteko; ikuspegi eta esperientzia berriak txertatuko dituen beste norbaitek lekukoa hartu eta erakundea etorkizunera proiektatzeko, planteatzen zaizkion erronkei aurre eginez.
“Uste dut badela garaia ekimen handinahi eta ia utopikoa zena garatzearekin, hura martxan jartzeko lantaldea taxutzearekin eta ordurarte ezagutzen zirenetatik guztiz bestelakoa izanik gure herrialdearen irudia eta xedeak eraldatu zituen Museoa eraiki eta abiaraztearekin hasi zen zikloa ixteko” esan du Vidartek.
“Belaunaldi berri bati bidea eman behar zaio”
Vidarteren ustez “Museoa osasun betean dago: inoizko bisitari-kopuru altuenak dauzkagu (1.300.000 bisitari azken urtean), eragin ekonomikoa ere berebizikoa da (760 milioi eurokoa 2023. urtean), autofinantzaketa-maila handia da eta gizartearen eta erakundeen babesa goren-gorenean dago. Ezin ahaz dezakegu aurrerapen nabarmenak egin ditugula, baita ere, guretzat garrantzi estrategiko handia duten bestelako gaietan, nola diren eraldaketa digitala, ingurumen-jasangarritasuna edo nazioartean erreferente diren erakusketa-programazioa eta artelanen Bilduma osatzea”.
Izan ere, Zuzendari Nagusiaren iritziz momentu honetan bere betebeharra da “belaunaldi berri bati bidea ematea eta datozen urteetan Museoaren historiako hurrengo atalak gidatuko dituena aukeratzeko prozesuan laguntzea”.
“Ezinbestekotzat jotzen dut aldaketarako gunea sortzea eta beste belaunaldi batek ekar dezakeen ikuspegi berria txertatzea, bizi dugun garaiarekin bat datorrena, freskoagoa, berriagoa. Sinetsita nago, halaber, Museoarekiko dudan konpromisoaren parte dela trantsizio hori ahalbidetzea” laburbildu du Vidartek.
New Yorkekiko harremana
Datorren maiatzaren 30eko bileran, Juan Ignacio Vidartek New Yorkeko Guggenheim Fundazioaren Patronatuari helaraziko dio erabaki hori, eta harekin lotuta jarraituko du Museoen konstelazioarekin lotutako nazioarteko ekimen estrategikoetan.
Hautaketa-prozesua
Museoaren gidaritza-lanetan Juan Ignacio Vidarte ordezkatuko duen pertsonaren hautaketa-prozesua hastea adostu du Patronatuak. Prozesua artearen eta kulturaren sektoreko zuzendaritza-kideak kontratatzeko zereginetan nazioarteko esperientzia handia duen enpresa batek eramango du aurrera, eta, aurreikuspenen arabera, udazkenerako amaituko da. Ekainaren 3tik aurrera, hautagaitza interesdunek informazio gehiago aurkitu ahal izango dute Museoaren webgunean.
Esker onak
Juan Ignacio Vidartek bere esker ona luzatu die Euskal Erakundeetako arduradunei eta momentu hartan haiek erakutsitako “ausardia” azpimarratu du: “bihotzez estimatzen dut nigan jarri zuten konfiantza duela hiru hamarkada proiektu hau sustatzeko sortutako Partzuergoa zuzentzeko izendatu nindutenean eta Patronatuak Museoaren lehen Zuzendaria izateko erantzukizuna eta ohorea eskuratzeko aukeratu ninduenean”.
“Biziki eskertzen dut urte hauetan guztietan eman didaten laguntza eta Museoaren erabakiekiko beti erakutsi duten errespetua. Beste horrenbeste egin dute bai Patronatuak bai New Yorkeko Guggenheim Fundazioaren zuzendariek; hala, urteotan guztiotan aliantza sendoa osatu dugu New Yorkeko Fundazioarekin, eta nazioartean eragin handikoa den programazio artistikoa garatu dugu elkarlanean” adierazi du Vidartek.
Eskerrak eman dizkio ere “ibilaldi honetan bidelagun izan dudan profesional-taldeari, haien talentu, esfortzu eta konpromisoari esker Museoak bere jatorrian ezarritako helburuak gainditu baititu”.
Azkenik, zera gehitu du Vidartek: “Esker mila ere gure Fundazioko Babesleei emandako laguntza jarraituagatik, askok Museoa inauguratu zenetik eskaini baitigute. Gainontzeko Kide Korporatiboei, Ohorezko eta Nazioarteko Kideei ere eskerrak eman nahi dizkizuet emandako adoreagatik eta beti erakutsi diguzuen leialtasunagatik; eta nola ez, Museoaren Lagunen eta Jarraitzaileen kolektiboari, urteotan jaso dugun gizarte-babes sutsu eta baldintzarik gabekoaren adibide ezin hobea baitira”.
Deskargatu hemen mugarriak eta irudiak
Bidali mezu bat xehetasun guztiekin helbide honetara: media@guggenheim-bilbao.eus
Mezuan informazio hau jarriko da: grabazio-mota, eguna, ordua eta iraupena, zein den grabazioaren helburua (eraikina, erakusketak), elkarrizketa behar duen edo bestelako informazio interesgarria.
Behin eskaera onartuta, Museoak taldea osatzen duten kide guztiei buruzko datuak jasoko ditu, filmazioa egin aurretik.
Ikus-entzunezko produkzioetan Museoaren irudia erabiltzeak tarifa bat izan dezake. Eskaera bakoitza Irudi Batzordeak aztertuko du. Eskaera baten berrikuspena 3 egun baliodunetik 2 astera arte luza daiteke. Saioak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen dugu.
Irudiak lortzeko, sar zaitez hemen eta deskargatu materiala. Premiazko eskaeretarako, posta elektronikoaren bidez edo telefonoz jar zaitezke harremanetan.
Irudiak beren egilearen izenarekin erreproduzitu behar dira, distortsionatu, mutilatu edo aldatu gabe. Irudi horiei beste erabileraren bat eman behar bazaie, Museoaren berariazko baimen idatzia beharko da.
Informazio guztia web orrialdeko Prentsa sailean eskura daiteke, erakusketen atalean.
Prentsa-txartela aurkeztu behar baduzu Museoko leihatiletan, sarrera doan eskuratuko duzu. Kontuan izan kazetariei Museoa doan bisitatzeko aukera ematen zaiela, museoaren jarduerei, ekitaldiei eta erakusketei publizitatea ematearen truke.
Bidali mezu bat hedabideari eta kazetariari buruzko informazio osoarekin media@guggenheim-bilbao.eus helbidera.