24 maiatza 2022
Guggenheim Bilbao Museoak itxura berri batekin erakutsi du Puppy udaberri honetan egin zaion lore-aldaketa amaitu ondoren. Seguros Bilbaok, Grupo Catalana Occidenteren konpainiak, babestu du lana. Lorezko eskultura estaltzen duten 38.000 landareak ordezteko prozesu horrek, urtean bitan egiten denak, bestelako emaitza bat du oraingoan bere 25. Urteurrena ospatzeko, Jeff Koons artistak Museoko curatorrekin lankidetzan egindako diseinu berriari esker. Eskulturak diseinu hau hartzen duen aurreneko aldia da.
Hala, kolore-orbanak eratuz egiten zaion ohiko lore-banaketaren ordez, denboraldi honetan, West Highland White Terrier txakurkume erraldoiaren kolore nagusia zuria izango da, eta koloretako lore batzuek nabarmenduko dituzte bere silueta eta erliebeak. Landareek aste batzuk behar dituztenez loratzeko, Puppyri aurrerago nabarituko zaio ondoen bere itxura ikusgarria. Hori gertatutakoan, eta diseinu monokromatiko berriari esker, instalazio adierazgarri honen hasierako kontzeptua garatzeko inspirazio-iturri izan zen bere arrazaren inoiz baino antza handiagoa izango du Puppyk.
Jeff Koonsen hitzetan, “Guggenheim Bilbaoren 25. Urteurrena dela eta, une gogoangarri hau ospatzeko asmoz, gertutik aritu naiz lanean Museoko talde zoragarriarekin Puppyrentzako lore-landaketa berri baten estreinaldian. Puppy bururatu zitzaidanean hasieratik nuen ideiari jarraitu diot, terrier zuri bat oinarri hartuta. Hala, udaberriko gure landaketa lore-konfigurazio harmoniatsu bat da, batez ere lore zuriena, eta errespetatu egiten du jatorrian zuen espiritu hura. Puppyk baditu lore horiak, laranjak, gorriak eta urdinak ere, bere silueta eta ilajea itxuratzen duten espiralak edo kurbak definitzen laguntzeko, baina nagusitzen diren loreak zuriak dira batik bat. Konposizio kromatiko horrek bakea, berrikuntza eta maitasuna transmititzen ditu. Onarpena proiektatzen jarraitzen du, loraldi bete-betean dauden landareek bizitzaren energia sinbolizatzen duten bitartean. Beti nahi izan dut obra hau leku bat izatea, komunitatea bertan elkartu eta transzendentzia esperimentatu ahal izateko. Instalatu zenetik, Puppyk milioika bisitari hartu ditu Guggenheim Bilbao ikonikoaren sarbidean. Hortaz, ohorea handia da orain Puppy Urteurrenaren ospakizunean parte izatea eta publikoari modu berritu batean harrera egitea.”
Loreen espezieei dagokienez, oraingoan hauek nagusitzen dira: petuniak, begoniak, dimorphotecak, allissumak eta sesamo zuriak.
Puppyren lore-aldaketa prozesu konplexua da, aldez aurretik milaka lore espezifiko landatu behar baitzaizkio obrari, eta lorezaintzako hogei espezialistaren talde bat behar izaten da; erloju kontra lanean jarduten dute Museoko Kontserbazio Saileko adituen ikuskaritzapean.
Bidali mezu bat xehetasun guztiekin helbide honetara: media@guggenheim-bilbao.eus
Mezuan informazio hau jarriko da: grabazio-mota, eguna, ordua eta iraupena, zein den grabazioaren helburua (eraikina, erakusketak), elkarrizketa behar duen edo bestelako informazio interesgarria.
Behin eskaera onartuta, Museoak taldea osatzen duten kide guztiei buruzko datuak jasoko ditu, filmazioa egin aurretik.
Ikus-entzunezko produkzioetan Museoaren irudia erabiltzeak tarifa bat izan dezake. Eskaera bakoitza Irudi Batzordeak aztertuko du. Eskaera baten berrikuspena 3 egun baliodunetik 2 astera arte luza daiteke. Saioak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen dugu.
Irudiak lortzeko, sar zaitez hemen eta deskargatu materiala. Premiazko eskaeretarako, posta elektronikoaren bidez edo telefonoz jar zaitezke harremanetan.
Irudiak beren egilearen izenarekin erreproduzitu behar dira, distortsionatu, mutilatu edo aldatu gabe. Irudi horiei beste erabileraren bat eman behar bazaie, Museoaren berariazko baimen idatzia beharko da.
Informazio guztia web orrialdeko Prentsa sailean eskura daiteke, erakusketen atalean.
Prentsa-txartela aurkeztu behar baduzu Museoko leihatiletan, sarrera doan eskuratuko duzu. Kontuan izan kazetariei Museoa doan bisitatzeko aukera ematen zaiela, museoaren jarduerei, ekitaldiei eta erakusketei publizitatea ematearen truke.
Bidali mezu bat hedabideari eta kazetariari buruzko informazio osoarekin media@guggenheim-bilbao.eus helbidera.