Zirkuluaren inguruan
Vasily Kandinsky
Zirkuluaren inguruan (Autour du cercle), 1949ko maiatza-abuztua
Autour du cercle
Olio-pintura eta esmaltea mihise gainean
96,8 x 146 cm
Solomon R. Guggenheim Museoa, New York
Solomon R. Guggenheim Sortze Bilduma
© VEGAP, Bilbao, 2016
“Kolorea da tekla. Begia, mailua. Arima, soka asko dituen pianoa da. Artista da eskua, zeinak tekla hau edo bestea sakatuz, gizakiaren arima egoki dardararazten duen”. [1]
Kandinsky 1866n jaio zen Moskun eta, oso umea zela, Odesan bizi izan zen. 1933an, Kandinskyk Alemania utzi zuen, presio politikoek behartuta. Gauzak aztoratuta egon arren, Parisera lekualdatzean, sormen handiko aldi bati eman zion hasiera. Irakasle- eta administrazio-lanetatik aske, buru-belarri murgildu zen bere artean. Bere artelan berantiarren kolore-sorta argiagoa da oro har, kolore pastelak zein garratzak eta irudi organikoak gehituz. Gainera, etxeko estudioan patxadaz lan egiten duen artista zahar baten asmamena, alaitasuna eta umorea adierazten dute. Bauhaus eskolako geometriaren zurruntasunetik askatuz, forma bigun eta moldakorragoetara lerratu zen eta horiek, sarritan, izaera irudimentsu eta jostagarria agertzen zuten.
Kubismoa eta Surrealismoa Parisen moda-modakoak ziren arren, Kandinskyk abstrakzioak pintatzen jarraitu zuen, baita bere estiloa arte-aldizkari espezializatuetan defendatzen ere. Oparo pintatu eta marraztu zuen, eta artelan-multzo garrantzitsu bat ondu, biologiako irudietan inspiratuz eta enbrioiak, larbak eta izaki ornogabeak ziruditen formak sortuz, izaki bizidun ñimiñoen mundu bat.
Forma biomorfoen erabilerak agerian uzten du Kandinsky liluratuta zegoela zientzia organikoekin, bereziki enbriologiarekin, zoologiarekin eta botanikarekin. Bere Bauhaus urteetan, Kandinskyk mikroorganismoen, intsektuen eta enbrioien ilustrazioak ebaki eta gorde zituen. Gainera, bazituen zientzia-liburu garrantzitsuak eta entziklopediak eta, horietatik, izaki ñimiñoen irudikapen abstraktuak atera zituen, adibidez, Zirkuluaren inguruan (Autour du cercle), 1940ko maiatza–abuztua.
Kandinskyk zientziatik ateratako forma horiek konbinatu zituen forma geometriko primario, lerro indartsu, pastelen kolore-sorta bizi eta norabiderik gabeko urrats batzuekin: ikusleari esanahien uztarketa aske baterako bidea zabaltzen diote. Irudi flotatzaile, biomorfo horiek etorkizun baketsu baten ikuspegi baikorra eta gizartea birsortzeko eta berregiteko esperantza adierazten dutela interpreta daiteke. Artistak garai horretako bere artelan garrantzitsuenetakotzat dauka margolan hau.
Bere pinturen eta arteari buruzko idatzizko teorien bitartez, Kandinskyk berretsi egin zuen abstrakzioak ideia espiritualak adieraz ditzakeela. Kandinsky Parisen hil zen 1944an, 78 urte zituela.
Preguntas
Artelan honen alderdi batzuek erreferentzia egiten diote beha daitekeen munduari? Zati batzuk artistak erabat asmatuko zituen edo bi arlo horien arteko konbinazio bat izateko itxura du? Azaldu zuen ikuspegiak. Zirkuluaren inguruan artelanak forma geometrikoak, abstraktuak eta figuratiboak konbinatzen ditu. Eskatu ikasleei mota horietako elementuak aurkitzeko.
Deskribatu kolorea artelan honetan erabiltzeko modua. Koloreak aldarte, sentimendu, sentsazio edo toki baten bat gogora ekartzen du? Kolore-sorta edo kolore-konbinazio horiekin moduren batean identifikatzen duzu zeure burua?
Kandinskyk askotariko formak, lerroak eta koloreak erabiltzen ditu pinturak sortzeko. Zerrendatu artelan hau sortzeko artistak emango zituen urratsak eta erabiliko zituen tresnak.
Kandinskyk Zirkuluaren inguruan deitu zion artelan honi. Eztabaidatu artelanerako hori izenburu egokia ote den. Zergatik? Zergatik ez? Ikasleek badute beste izenbururik iradokitzeko?