Urmael islatzailea (The Reflecting Pool), 1977–79
Urmael islatzailea (The Reflecting Pool), 1977–79
Bideo-zinta, koloretan, soinu monoaurala; 7 min
Antzezlea: Bill Viola
Eskaintza: Bill Viola Studio
“Gizon bat basotik atera eta urmael baten parean gelditzen da. Bat-batean, salto egiten du, eta denbora gelditu egiten da. Eszena geldian ikus daitezkeen mugimendu eta aldaketa guztiak urmaelaren azaleko isla eta ondulazioetara mugatzen dira. Denbora hedatu egiten da, ur-azalean baino hauteman ezin daitekeen ekintza-segida batek markatua. Lanak norbanakoa naturaren mundura iristen deneko unearen inguruan hausnartzen du; bataio bat bezalakoa da une hori, irudi birtualen eta zeharkako pertzepzioen mundura sartzeko modua.” Bill Viola [1]
Bill Viola (New York, 1951) izan zen 1970. hamarkadan zehar adierazpide gisa bideoartea erabiltzen hasi zen lehen artistetako bat. Bideoartea, arte-baliabide gisa, 1960ko hamarkadaren azken urteetan eta 1970eko hamarkadaren hasieran zabaldu zen, bideo-kamera eramangarriak, telebista-kanaletatik at, publikoarentzako eskuragarriagoak izaten hasi zirenean. Bideoa teknologia berri gisa sartu baino lehen, mugimendudun irudien erreprodukzioa 8 mm edo 16 mm-ko filmen bitartez baino ez zegoen eskuragarri. Pelikula horiek postprodukzio-prozesu bat behar izaten zuten ikusi ahal izateko. Mugimendudun irudi bisualak bideo-zintan grabatzeko eta horiek segituan erreproduzitu ahal izateko moduan edukitzeko aukera ezustekoa suertatu zen garaiko artistentzat. Horren ondorioz, hainbatek nahiago izan zuten bideoa filma baino, beren obrak lantzerako unean.
Momentu horretan hasi zituen bere ikasketak Bill Violak Syracuse University-n (New York), Ikerketa Esperimentalen programaren baitan formakuntza jasotzeko. Bideoarteak eskaintzen zion berehalakotasunak erakarrita, teknika desberdinak ikertzen hasi zen Viola, bere unibertsitate-ikasketekin jarraitzen zuen bitartean. Trebakuntza-urte horietan zehar, Nam June Paik (Hego Korea, 1932 – Ameriketako Estatu Batuak, 2006) artistaren hainbat proiektutan laguntzaile aritu zen. Espresio-bide eta arte-banaketa berrien bila ari zen artista-belaunaldi sortu berri bateko lider berritzailea zen korearra.[2]
Unibertsitatetik atera eta handik urte batzuetara, 5 lanez osatutako bildumari ekin zion Violak: Urmael islatzailea (The Reflecting Pool 1977–79), Odol-ilargia (Moonblood, 1979–80), Bizitza isila (Silent Life, 1979), Antzinako egunak (Ancient of Days, 1979–81), Landare-oroimena (Vegetable Memory, 1978–80). Lan horiek The Reflecting Pool - Collected Work 1977–80 (Urmael islatzailea– Lan bilduak 1977–80)[3] "albumean" bildu zituen beranduago, eta, beren osotasunean hartuta, artistaren bidaia pertsonal bateko etapak deskribatzen dituzte. Bere "albumetan", Violak trantsizio-irudiak erabiltzen ditu —egunetik gauera, mugimendutik geldotasunera, denboratik intenporalitatera, etab.[4]
Bildumako lehen lanean, Urmael islatzailea (1977–79) delakoan, bere karrera osoan zehar garatu dituen gaietako batzuei ekin zien Violak. Bideoa gizon baten eszenarekin hasten da, artista bera da kasu honetan; gizona baso batetik atera eta urmael baten ertzean gelditzen da. Bat-batean, uretara jauzi egiten du gizonak, deiadar bat botatzearekin batera. Une horretan gelditu egiten da denbora. Bere irudia izoztu egiten da, gainontzeko eszenak normaltasunez jarraitzen duen artean. Gizona airean flotatzen bezala gelditzen da, fetu-jarreran. Ez dugu urmaelean murgiltzen ikusten, ez da uraren soinurik entzuten. Egiatan gizona ez da erortzen, airean zintzilik gelditzen da, eta bideoak irauten duen ia denbora osoan hala geratzen da. Dena den, urmaela ez da axolagabe gelditzen; erreakzionatu egiten du eta uretan ondulazioak sortzen ditu, zerbait bertara erori balitz bezala. Kontraste horrek tentsioa sortzen du mugimendu geldituaren eta mugimendu jarraituaren artean, argazki estatiko bat balitz bezala airean zintzilik gelditu den gizonaren eta bideoaren jarraikortasuna adierazten duen uraren mugimenduaren artean. Tentsio hori gizonaren eta naturaren arteko dikotomiara hedatzen da, eta baita ikus daitekeen munduaren eta uki ezin daitekeen munduaren arteko dikotomiara ere.[5]
Hurrengo minutuetan ekintza-segida bat gertatzen da, baina ekintza horiek uretan baino ezin dira hauteman, isla bat balira bezala, nahiz eta urmaelaren bestaldean ezer ez gertatu. Airean zintzilik dagoen gizona desagertuz joango da, pertsona gehiago agertuko dira urmaelean islatuak, baina, apurka-apurka, horiek ere desagertuz joango dira, denbora-tarte jakin bateko oroitzapen gisa. Bideoaren amaiera aldera, urak gauerdiko beltzaren kolorea hartuko du, eta argi zuri dirdiratsuko zirkulu bat agertuko da erdialdean. Ura bere jatorrizko kolorera itzultzen den neurrian, gizon biluzia berriz agertuko da, urmaeletik ateraz. Gero, berriz desagertuko da basoan barna, etorri den bide beretik.
Bideoaren ekoizpena oso korapilatsua suertatu zen, filmatu zen garaian. Violak kamera finko bat erabili behar izan zuen eta behin eta berriz egin behar izan zituen hainbat hartualdi, bilatzen zuen irudiaren trantsizioa lortu ahal izateko. Hala, ikuslearen pertzepziorako konplexutasun handikoa den bideo bat sortzea lortu zuen.[6]
Bill Violarentzako, Urmael islatzailea lanak, alde batetik, norbanakoa naturaren mundura iristearen inguruko hausnarketa irudikatzen du: bataio bat irudi birtualen eta zeharkako pertzepzioen munduan.[7] Bestetik, denboraren igarotzea eta memoria sinbolizatzen ditu. Viola laku batean ito zen ia, haur-garaian familiarekin oporretan zegoela. Bere osabak uretatik atera baino lehen murgilduta egon zen tarte laburrean sentitu eta ikusitakoaren bizipenak bere bizitza eta obra markatuko zuen. Artistarentzako ur-azpian bizi den kolorezko unibertsoa ezagutzea esperientzia guztiz magikoa izan zen, eta bere ibilbidean zehar hainbat lanetan ageri da gaia.
Preguntas
Begiratu arretaz Bill Violaren lana. (7 minutuko iraupena)
Bideoa bukatu ondoren, hartu gutxienez bost minutu ikusi duzuna deskribatzeko balio dezaketen hitzak zerrenda batean idazteko. Partekatu zerrenda zure ikaskideekin. Zeintzuk dira gehien erabili dituzuen hitzak? Zeintzuk dira errepikatu ez diren hitzak?
Non uste duzu grabatu zela bideoa? Zertan oinarritu zara hori esateko? Zer soinu entzun dituzu? Zer uste duzu usainduko zenukeela leku horretan? Nola uste duzu sentituko zinatekeela bertan bazina? Bertatik ibiltzea gustuko izango zenuke? Zergatik? Inoiz egon zara antzeko tokiren batean?
Zein uste duzu izan daitekeela uraren barruan eta uretatik kanpo gertatzen denaren arteko lotura? Zergatik uste duzu bideoko ekintza gehiena uretan gertatzen dela, eta ez gainontzeko paisaian? Non kokatzen du Violak ikuslea? Zergatik hartu du erabaki hori?
Bill Viola artearen historiako bideoartista garrantzitsuenetakoa da. Zergatik uste duzu artista batzuek beren lanak sortzeko bideoa arte-erreminta gisa aukeratzen dutela? Zeintzuk dira arte-baliabide horren abantaila eta desabantailak? Violari irudi estatikoarekin jolas egitea interesatzen zaio, bai argazkiarekin, bai mugimenduan dagoen irudiarekin eta bai bideoarekin ere; obraren zein momentutan uste duzu jartzen duela praktikan? Nola egiten du? Zure ustez, zeintzuk izan ziren bideoa prestatzeko etapak? Nolakoak izango ote ziren?