Pisua eta tamaina
"Espazioaren bolumena ukigarri bihurtu nahi dut, berehala, fisikoki, gorputzean sentituz uler dadin. Eskultura ez da gure gorputzarekin alderatu gorputz bat, ez dut hori esan nahi; aitzitik, bolumena eskulturaren osagaien bidez taxutzen da, agerian jartzen da, eta horrelaxe hauteman dezakegu osotasun bat balitz bezala"1. Richard Serra
Ondo jakina da, Richard Serraren eskulturek ikuslearen pertzepzioari eta sentitzen duenari fisikoki eragiten dietela. Izan ere, ikuslea funtsezkoa da artelanak esangura izan dezan. Lanen tamaina erraldoia dela eta, ikusleak ingurutik eta barrutik ibil daitezke, eta, beraz, askotariko ikuspuntuetatik behatu. Gainera, Serrak eskalarekin eta kokapenarekin jolasten du, eta horrela gure pertzepzioari eragiten dio.
Ondorioaren ondorioa (The Consequence of Consequence, 2011) lanean ezaugarri horiek nabariak dira. Aurrez aurre jarritako, tamaina eta pisu bereko -tona bateko- altzairuzko bi bloke handik osatzen dute2. Hala ere, artistak bata horizontalki eta beste bertikalki jarri dituenez, ematen du bolumen -luzera, zabalera eta altuera- eta pisu desberdinekoak direla blokeak. Kokaerak (aurrez aurre daude blokeak) gainera bi indarren arteko gunea sortzen du, bi polo tentsioan dauden gunea; dena den, errepikapen amaigabea ere adierazten du.
Bi blokeak altzairu herdoilkor forjatuzkoak dira. Metal bat forjatzean haren atomoak eraldatzen dira, eta pisutsuago eta sendoago bihurtzen dute -metala galdatzean ez da hala gertatzen-. Hori dela eta Serrak esan du: "Forjatzea ondo lan egiteko modurik errazena da, trinkoena. Galdatzean baino molekula gehiago pilatzen dira puntu batean". Itxura trinkoa izateaz gain, azalera desberdina da: "Labetik irten berri den goritasuna dario"3. Antzeko lan baten inguruan, Pisua eta tamaina (Weight and Measure, 1992) Serrak esan zuen itxura, laukizuzena, aukeratu zuela astuna eta mardula zela iradokitzeko. "Ez nuen nahi blokeak xerren, ebakiduren, lerroen edo xaflen antza hartzerik; pisua nabaria behar zuen, begiz hautemateko modukoa"4.
1 Serra, Richard. Escritos y entrevistas. Iruñea: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 2010, 269. or.
2 Brancusi Serra erakusketaren argibide-liburuxka. Basilea: Fondation Beyeler, 2011.
3 Serra, Richard. Escritos y entrevistas. Iruñea: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 2010, 260. or.
4 Serra, Richard. Escritos y entrevistas. Iruñea: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 2010, 268. or.
Preguntas
- Behatu arretaz Ondorioaren ondorioa (The Consequence of Consequence, 2011). Zer ikusten dute ikasleek? Nola deskribatuko lituzkete blokeak? Eta haiek kokatzeko modua? Alderatu bi blokeak. Eskulturen artetik ibiliko balira, haiei angelu guztietatik begira, zer sentituko lukete? Zerrenda bat egin behar dute burura datorkien guztiarekin.
- Altzairu forjatuzkoak dira lanak. Galdetu ikasleei zer dakiten metala lantzeko moduei buruz. Forjatzean metala labe batean goritu eta ondoren eskuz edo mekanikoki itxura ematen zaiola azaldu. Galdatzea eta forjatzea alderatu behar dituzte: zer alde dago eskultura bat galdatzean eta forjatzean? Tradizioan eskulturak galdatzen ziren, metala urtu eta molde batera isurtzen zen, bertan gogor zedin. Artistak modu berean esku hartzen al du bi prozesuetan? Eskulturak egiteko beste modu batzuk ere badaude; horien inguruan eztabaidatu eta forjatzearekin eta galdatzearekin alderatu. Artista balira, zer teknika nahiago lukete? Zergatik?
- Izenburuaren gainean hausnartu: zergatik titulatu zuen Ondorioaren ondorioa Serrak? Aurreko lan batean oinarritutakoa da Ondorioaren ondorioa lana. Aurreko horrek Ondorioa (Consequence, 1977) izena du, eta bi blokek ere osatzen dute; baina bloke horiek, Ondorioaren ondorioa lanean ez bezala, apur bat ezberdinak dira: bata zapala eta zabala da; bestea luzea eta estua. Hortaz, titulu hori aukeratu zuen bestelako esangurak eta loturak aditzera emateko. Zein? Arte kritikari batek Ondorioaren ondorioa lanaren inguruan esan du: “Zehaztasunik gabeko gunea da; bertan, gorputza, adimena eta materiala esnatzen dira, eta askotariko, ia-ia amaigabeko, bizipenak sortzen dituzte: ondorioen ondorioak”1. Laguntzen al die aipu horrek izenburuaren esangura ulertzen?
- Esan ikasleei Ondorioaren ondorioa lanerako izenburua asmatzeko eta euren aukera azaltzeko.
1 Brancusi Serra erakusketaren argibide-liburuxka. Basilea: Fondation Beyeler, 2011.