odilon

Pegaso, ca. 1895−1900

Odilon Redon
Pegaso (Pégase), ca. 1895−1900
Pastela paper gainean
67,4 x 48,7 cm

“Niri dagokidanean, uste dut adierazkorra, iradokitzailea, zehaztugabea den arte bat sortu dudala. Bat egiten duten elementu plastiko metafisikoen irradiazioa da arte iradokitzailea, eta elementu horiek arteak argiztatu eta goresten dituen ametsak oroitzeko elkartzen dira, gogoeta egiteko gonbita egiteko ”.[1]

Bertrand-Jean Redonek, Odilon Redon izenez ezaguna zenak (Frantzia, 1840−1916), bere amaren bataio-izenetik hartu zuen bere goitizena, Odile. Osasun-arazoak zirela medio, haurtzaroa familiarengandik bananduta igaro zuen, urrutiko landetxe batean. Redonek bere gaztaroko paraje bakartietan bizitako malenkonia- eta misterio-sentsazioak bere obra guztia markatu zuen. Esperientzia horren ondorioz, ametsezko erreinuan babestu zen, eta arte iradokitzaile eta aztoragarria sortu zuen.[2]

Hogeita bost urtez gutxi gorabehera, Redonek zuri-beltzean baino ez zuen lan egin, lehenengo ikatz-ziria erabilita, eta, ondoren, estanpak produzituz. Bere ikatz-marrazki eta litografiek argi-ilunen joko deigarri bat zuten bereizgarri, eta sarri izan ohi zuten giro ilun eta baita morboso bat ere.[3]

Redon Sinbolismora hurreratu zen, hau da, subjektibotasuna eta mistikoa zena lehenetsiz, artean naturaren imitazioari uko egiten zion arte-mugimendura.[4] Bere lanek eszena fantastiko eta iradokitzaileak erakusten dituzte.[5] Iturri oso desberdinetatik hartu zuen inspirazioa: antropologia, mikrobiologia, ekialdeko erlijioak, Biblia, fikziozko literatura eta mitologia greziarretik kasu. Bere lanek esanahi espiritual unibertsala dute, eta sinesmen erlijiosoen eta teoria zientifikoen arteko talkak estutzen zuen mundua argiz bete nahi dute.[6]

Bere garaikide ziren neoinpresionistek harmonia utopikoz betetako tokiak irudikatzen zituzten, hiriaren eta aldirien edo landa-eremuen interpretazio argitsuetan. Redonek eta sinbolista gehienek, ordea, laztasun handiagoz erantzun zieten bizitza modernoaren gaitzei. Ez ziren fio gizartea hobetzea lortu omen zuten lorpen zientifiko eta pragmatiko handiez, ez baitzituzten gizarte-arazoak, pobrezia, hiri-gainpopulazioa ez eta industria-kutsadura arindu. Ondorioz, espiritualtasunaren ikuskera alternatiboetara, erlijio tradizionalera, naturaz gaindiko gaietara eta gai introspektiboetara zuzendu zuten begirada.

1890eko hamarkadaren hastapenetan, krisi erlijioso baten eta gaixotasun larri baten ondoren, ordura arte Redonen bizitzan gailendu zen zorigaiztoa baretuz joan zen, eta orduan hasi zen artista egoera positiboago bat bizitzen, bere obran nagusituko ziren kolore bizietan eta irudi baikorragoetan islatuko zena.[7] 1899an, Durand-Ruel galeria entzutetsuak antolatutako sinbolisten erakusketa handi batean parte hartu zuen, eta lortutako ospearen ondoren, maiztasun handiagoz hasi zen bere obra erakusten.[8] Fama hori zerbait berria zen beretzat. Hala ere, kritikarien artean baino, artisten artean ezagunago izaten jarraitu zuen, eta bere publikoak txikia izaten jarraitu zuen.

Handik aurrerarako ibilbidean, Redonek pastelak eta olio-pinturak erabili zituen irudi koloretsuak sortzeko, ia-ia ikatz-ziria eta estanpa ilunak alde batera utzita. Pastelarekin egindako lanetan —mende amaieran berriz ere modan jarri zen material hori—, bere esperientzia litografikoetako efektu grafikoak mantendu ahal izan zituen, kolore biziak erabiltzeari utzi gabe.

Gainera, bere ohiko gaiek ere transformazioa jasan zuten: amesgaizto eta munstroak jainko mitologiko, izaki magiko eta lore-motibo bihurtuz joan ziren; horiek marrazteko profil zehaztugabeak eta kolorezko eremu argitsuak erabili zituen Redonek. Artista irudipen idealizatuak gogoratzen zituzten gai izpiritualen alde jarri zen; irudipen horiek liriko eta mistikoak ziren, aldi berean.

Greziar mitologiako zaldi hegalduna behin eta berriz errepikatzen da motibo gisa Redonen obran. Pegaso hilezkorra Poseidon itsasoko jainko greziarraren semea zen. Perseo heroiak Medusa gorgonari burua moztu zionean jaio zen, emakume izugarri haren odoletik; izan ere, burua estaltzen zuten sugeek begira geratzen zen edonor harri bihurtzen zuten. Pegasok inspirazio artistikoa eta purutasuna irudikatzen ditu, sormen mugagabe baten bilaketan Redonentzat erakargarri ziren gaiak, hain zuzen.

Preguntas

Deskribatu margolana ahalik eta xehetasun gehienez, gaiari eta teknikari buruz dauzkazun oharrak azaltzeko. Non uste duzu dagoela Pegaso? Zer ari da gertatzen? Imajinatu segidan zer gerta litekeen, asmatzerik bazenu bezala.

Egin margolan honen marrazki bat, eta komentatu ikaskide batekin artistak erabili dituen lerro eta formei buruz dauzkazun ideiak. Hausnartu Redonek sakontasun-efektua sortzeko duen moduaren inguruan. Eszenako zein parte iruditzen zaizu dagoela ikuslearengandik gertuen? Zein dago urrunen? Erabili zuen teknika marrazketatik edo pinturatik gertuago dagoela iruditzen zaizu? Arrazoitu zure erantzuna.

Berrogeita hamar urte izan zituenera arte, Redonen irudiak ilunak eta fantasmagorikoak izan ziren, baina, krisialdi pertsonal bat igaro ondoren eta erakusketa bat arrakastaz burutu ondoren, bere aldarteak nabarmen egin zuen hobera, eta kolore biziak erabiltzen hasi zen bere adierazpenetan. Ikertu Redonen aurreko lanen batzuk eta alderatu Pegaso margolanarekin. Zein berdintasun eta desberdintasun aurkitzen dituzu, halakorik baldin badago? Zein emozio pizten dizkizute margolan honetan erabilitako koloreek? Nola lortu du artistak efektu hori?