The Kingdom of Taali origin and future 300x225

Origin and future

Pierre-Christophe Gam
Taali M-en erreinua (The Kingdom of Taali M), 2013
Webgunea, Taali M kongotar-frantziar abeslariarena
© Pierre-Christophe Gam

“Zerbait berezia, emozioz betea sortzea erabaki nuen [Taali M-entzako webgune bat]. Modernotasun kutsua behar zuen, baina abeslariaren jatorri afrikarra ere adierazi behar zuen. Etxean moduan sentiarazi nahi nion, beraren musika, bideoak eta albisteak eta amets eta helburuak partekatzeko leku bat behar zuen”. —Pierre-Christophe Gam(1)

 

SARRERA

Taali M Parisen jaio zen, 1983an. Abeslaria eta letragilea da, kongotar, txadar eta egiptoar jatorrikoa. Frantzian jaio arren, txikitatik gurasoekin bidaiatu zuen, eta Kongo, Burkina Faso eta Paris artean hazi zen. Brazzavilleko (Kongoko Errepublikako hiriburuko) eta Uagaduguko (Burkina Fasoko hiriburuko) kaleetan reggae musikari aktibistak ezagutu zituen, baita afrobeats erritmo indartsuak eta AEBko abeslari handiak(2). Aberastasun hori ezagutu zuenez, Taali Men musikan askotariko eraginak antzeman daitezke: 1980ko hamarkadaren amaierako popa, rock-and-rolla, reggaea eta Afrikako usadiozko kantu eta erritmoak. Gizartearekiko ardura erakusten duten artistak oinarri hartuta, Taali Mek musika baliatzen du haren pentsamoldea, ardurak eta mundua hobea izango delako esperantza azaltzeko(3).

Taali M eta arte-zuzendari Pierre-Christophe Gam (Chantilly, Frantzia, 1983) 2011n ezagutu ziren. Taali M Parisen ari zen kontzertuak ematen eta lantaldeak Gami proposatu zion haiekin arte-zuzendari gisa lan egiteko. Taali Mek webgunea egiteko diseinatzaile baten bila zegoen; webguneak etxean sentiarazi behar zuen, musika, bideoak eta berriak, bai eta ametsak eta helburuak, partekatzeko lekua behar zuen.

Gam Londresen lan egiten duen artista, arte-zuzendaria eta kultur ekintzailea da. Chantillyn, Frantzian, jaio zen, baina familiaren jatorriak eragin handi du haren lanean: aita Kamerungo diplomatua zen eta amak egiptoar eta txadar jatorria zuen. Haurra zenean, udan, urtero, Afrikako herrialde batera bidaiatzen zuten; horrek kontinenteko arteak, kulturak eta tradizioak aintzat hartzen lagundu zion(4). Barnealdeko arkitektura ikasi zuen, baina diseinu grafikoan, argazkigintzan, modan eta salgaien diseinuan berezitu zen. AFRO-POLIS kultur plataformaren sortzailea eta zuzendaria da; plataforma horrek gaur egungo Afrikako kultur giroa aztertzen du. Gacha Fundazioaren Garapen eta Estrategiarako Zuzendaria da; fundazio hori gobernuz kanpoko Kamerungo erakunde bat da, eta landa inguruko komunitateak ahalduntzeko antzinako artisautza sustatzen eta gordetzen laguntzen du.

Bi artistak elkarrekin lanean aritu ziren 2012an, webgune bat egiteko eta bertan Taali Men musika esperientzia bisual indartsu bihurtzeko. Sei hilabeteren buruan lana amaitu zuten: Photoshop, elektro-pop eta Afrikako ondarea eta artea uztartzen dituen soinuz eta irudi ahalmentsuz betetako erreinua da(5). Antzinako Afrikako erreinu baterako gonbidapena da webgunea, Kongoko, Dahomeyko zein Maliko erreinua izan zitekeen, XIII. eta XIV. mendearen artean. Bertan agertzen da Taali M: mundu horretan sartzera gonbidatzen gaitu eta erreinua gordetzen duen emakume apaiza, gerlari amazona eta abeslaria bera da aldi berean(6).

Preguntas

Ikertu Taali Mren webgunea: www.taali-m.com. Deskribatu harrerako irudia. Zer ikusten duzue lehen? Zer irudi ezagutzen dituzue? Deskribatu koloreak. Zer aldarte iradokitzen dute?

Taali Mek Pierre-Christophe Gamekin elkarlanean aritu zen webgunearen diseinuan. Pantailaren bi aldeetan ikus dezakezue. Begiratu webgunean nola erretratatu duten. Nola irudikatu dute? Making Africa erakusketako katalogoan zera esan dute: “abeslaria gidari bihurtzen da, irudi sinbolikoa, antzinako emakume apaiza edo erregina gogoratzen duena”(7). Ados al zaudete baieztapen horrekin? Zergatik ematen du irudi hori Taali Mek?

Joan abeslariaren musika orrialdera: www.taali-m.com/music.html. Entzun hainbat abesti. Nola deskribatuko zenukete musika? Zer musika mota ekartzen dizue gogora?

Webgunea egitean helburu zuten modernotasuna eta Taali Mren afrikar jatorria uztartzea. Lortu dute? Azaldu erantzuna.

Gamek webgunea deskribatzean esan du erabiltzailea XIII. zein XIV. mendeko Afrikako erreinu batean —Kongoko, Dahomeyko (gaur egun, Benin) zein Maliko erreinuan— murgiltzen dela. Erakutsi ikasleei hiru erreinu horietako argazkiak (joan Baliabideak atalera). Zer antzekotasun dituzte irudiok Taali Men webgunearekin? Zergatik aukeratu zituzten horrelako irudiak Gamek eta Taali Mek? Eskatu ikasleei webgunearen oinarrian dagoen sinbolismoan pentsatzeko.


7. Making Africa — Un continente de diseño contemporáneo, erak. kat., Bilbo, Guggenheim Bilbao Museoa, 267 or. (gaztelaniaz)