3174 3508

Michel Leirisen erretratua

Francis Bacon
Michel Leirisen erretratua (Portrait of Michel Leiris), 1976
Olio-pintura mihise gainean
34 x 29 cm
Centre Georges Pompidou, Paris–Musée national d’art moderne. Centre de création industrielle. Louise eta Michel Leirisen dohaintza, 1984

“Nire kasuan margolan guztiak ustekabean egiten ditut —zaharragoa naizen heinean nabariagoa da—. Aurretik pentsatu egiten ditut, buruan irudikatu, baina ia inoiz ez dira pentsatu moduan ateratzen. Pinturak berak eraldatzen ditu. Pintzel oso handiak erabiltzen ditut eta lan egiten dudan moduagatik askotan ez dut jakiten pinturak zer egingo duen. Azkenean, nik egingo nuena baino zerbait askozaz hobea egiten du. Ustekanea da? Inork esango luke ez dela ezustekoa, hautaketa prozesu bat bihurtzen baita: ustekabean gertatutako horren zer zati gorde erabakitzen baitut. Noski, bat-batean gertatutakoaren bizitasuna gordetzen saiatzen naiz, baita jarraitasun bat izaten”. Francis Bacon[1]

1965ean, Francis Bacon-ek (Dublin, 1909–Madril, 1992) Michel Leiris (Paris, 1901–Saint-Hilaire, 1990) ezagutu zuen Alberto Giacometti-ri (Borgonovo, Suitza, 1901–Coira, Suitza, 1966) buruzko erakusketa baten inaugurazioan, Londreseko Tate Galleryn. Leiris idazle, poeta eta etnografo frantsesa zen; Baconen adiskide mina eta miresle bihurtu zen, eta Baconek inspiratu zituen haren bizitzako azken idazkiak. Haien adiskidetasuna haien antzeko zaletasun intelektualetan oinarritzen zen, baita naturaz gaindikoari eta giza arimaren anbiguotasun ulergaitzari buruz zuten erakarmenean ere [2]. Leiris izan zen Baconen obraren aztertzaile nagusietako bat, eta hark egiten zituen interpretazioak margolariak onartu egiten zituen, bakarrenetakoak [3].

Bere ibilbide artistikoko lehen urteetan, Bacon askotariko estiloak aztertzeari eman zion, baita bere-berea zuen estilo bat sortzeari ere. 1960ko hamarkada aldera, erretratuetan zentratu zen gero eta gehiago, batez ere hurbileko adiskideenak; batzuetan, haiei John Deakin-ek (Wirral penintsula, Erresuma Batua, 1912–Brighton, Erresuma Batua, 1972) ateratzen zizkien argazkiak, artistaren mandatuz. Deakinen irudiak, fotomatoi-tirak eta artistak berak ateratako argazkiak laguntza-elementuak izan ziren bere bilakaeran: giza gorputzaren irudikapen orokorretik pertsona jakinen erretratura lerratu zen [4]. Baconek nahiago zuen argazkiak erabiltzen lan egitea; izan ere, libreago sentitzen zen pertsona modeloak bere tailerrean bertan ez zituenean [5]. Erreprodukzioen arabera lan egiteari ematen zion lehentasuna, eta hori agerian geratzen da Velázquezek 1650ean egindako Inozentzio X.a aita santuaren erretratuarekin zuen obsesio etengabean. Baconek margolan hori erreprodukzioen bitartez ezagutu zuen bakarrik, Italiako hiriburura, Erromara 1954an egindako bisitan Doria Pamphilj galerian zuzenean ikusteko aukera izan zuen arren: nahiago izan zuen kopiekin aritu, eta ez jatorrizkoarekin, motibo horri buruz egindako 50etik gora margolanetan.

Arte edo zientzia mediko edo antropologiari buruzko liburu batzuk ere Baconen inspirazio-iturri izan ziren, baita egunkari eta aldizkarietako ebakinek ere: bere estudioko txoko guztietan ageri ziren, metatuta, utzikeriaz eta elkarren gainean toki guztietatik. Bere pinturetan, ordea, ez dago bere modeloen albait antzekoen izateko asmorik. Aldiz, berariaz, Baconek pertsona horien keinuak eta ezaugarriak aldatzen ditu, giza kondizioaren ezaugarri orokorrak erakustearren [6]. Bere irudikapenek ez dute bilatzen modeloaren gorputz-ezaugarrien antzekoak izatea, haren gogoaren egoera adieraztea baizik [7].

1970eko hamarkadaren erdialdera, Baconek Leirisen erretratu bat egin zuen. Haren aurpegia desitxuratu arren, Leirisen aurpegia ezaguna da bere nortasuna erakusten duen mozorro horren atzean [8]. Idazlearen aurpegia oso garrantzitsua da artelan horretan, Leirisen jardueraren benetako funtsa adierazten baitu, eta hura bere buruan zegoen, bere pentsamenduan. Baconek aurpegiko ezaugarriak nabarmentzen ditu, normala baino handiagoak eginez. Era horretan, nabarmendu egiten du nolako garrantzia duen zentzumenez hautemateak mundua aztertu eta ezagutzak ikasten direnean. Begia eta sudurra neurrigabeak dira, ezpainak erraldoiak, eta askotariko posizioetan erakusten dira: bada, idazlearen lanbideari egiten diote erreferentzia. Irudi horretan, Baconek erretratuaren generoa urrats bat harago eramaten zuen. Gorputz-ezaugarriak desitxuratzearen arrazoia ez da estetika, ez baitago mugimendua irudikatzeko edo une iheskor bat atzemateko asmorik. Aldiz, aurpegi zatien desitxurak pertsonaren nortasuna azaltzeko balio du. Bere asmoa zen modeloaren traza desitxuratzea haren benetako egiara heltzeko.

Preguntas

Begiratu arretaz Leirisen erretratuari. Zerk deitu dizu arreta? Zertan bereizten da erretratu hau lehenago ikusi dituzun beste batzuetatik?

Deskribatu irudian ikusten diren gorputz-ezaugarriak. Nolakoak dira bere begiak? Nolakoa du ahoa? Nolako forma eta tamaina du sudurrak? Nolako arropa darama jantzita?

Baconen iritziz, bere artelanen bitartez, bere modeloen nortasuna eta aldartea adieraztea oso garrantzitsua zen. Zure iritziz, nolakoa zen Leirisen nortasuna? Bere nortasunaren zein ezaugarri uste duzu agertzen direla pinturan? Zer transmititzen dizu pertsona honi buruz bere aurpegierak?

Bilatu Leirisen argazki bat eta erreparatu irudi horren eta pinturaren artean dauden aldeei eta antzekotasunei. Haren aurpegiaren zein aspektu aldatu ditu Baconek? Zure ustez, artistak zergatik puztu edo desitxuratzen du Leirisen gorputz-itxura? Zure ustez, zergatik puztu ditu alderdi horiek eta ez beste batzuk?

Deskribatu artelan honen koloreak. Zure ustez, nola aldatuko litzateke pintura hau ikusteko modua Baconek erretratua koloretsuagoa egin izan balu? Begiratu arretaz Baconek pintzelkadak nola erabiltzen dituen, eta saiatu erretratuaren lerro garrantzitsuenak marrazten (airean ere egin ditzakezu, irudimenezko pintzelak erabiliz). Nola deskribatuko zenituzke lerro horiek?