2008 Twombly

Komodori buruzko bederatzi gogoeta

“Ez naiz purista; ez naiz guztiz abstrakzionista. Zerbait, istorio bat, egon behar da pentsamenduaren atzealdean”. 1

Cy Twombly, Komodori buruzko bederatzi gogoeta (Nine discourses on Commodus), 1963
9 mihise, olio-pintura, arkatza eta argizarizko arkatza mihise gainean
204 x 134 cm bakoitza
Guggenheim Bilbao Museoa

Cy Twombly-k (Lexington, Virginia, AEB, 1928–Erroma, 2011) berezko estiloa zuen: marra, zirrimarra eta graffiti estiloko lerro aztoratuak. Maiz, bere lana Espresionismo abstraktuarekin lotu izan badute ere, berez, mugimendu horren printzipioei uko egitea du ezaugarri. Espresionista abstraktuek pintura monumentalak, ia txartatuak, sortu zituzten. Twombly-ren lanak, aldiz, tamaina handikoak izan arren, hauskorragoak dira eta askeagoak sormen aldetik. Berezko hondo zuri, krema edo beltzen gainean lan eginda, Twombly-ren pintzelkada bitxiek toki gutxi hartzen dute mihisean. Jackson Pollock-en (Cody, Wyoming, AEB, 1912–East Hampton, New York, 1956) konposizioek, berriz, margolana osorik hartzen dute. Italian egonaldi luzeak egin eta 1957an Erromara behin betiko lekualdatu ondoren, bestelako bidea hartu zuen Twomblyk bere garaiko artista estatubatuar askok hartu zutenarekin alderatuta. Espresionismo abstraktuaren keinu-askatasuna historiaren pisuaz konpentsatuta geratu zen, eta, aldi berean, mugatuta, Twombly-k historia, Europako paisaia eta mitologia zein literatura klasikoari buruz zuen lilura tarteko.

1962 eta 1963 artean, Twombly-ren margolanak goibelago eta larrituago bihurtu ziren; izan ere, horiek egiteko, hilketa historikoak hartu zituen abiapuntu. Estilo-aldaketa hori 1960ko hamarkadaren hasierako aldarte ezkorraren ispilu izan liteke, orduantxe gertatu baitzen AEBko presidente John F. Kennedy-ren erailketa. Komodori buruzko bederatzi gogoeta (Nine discourses on Commodus) margolan abstraktuen sail monumental honek bere ibilbide artistikoaren etapa larri eta aparteko horren laburpen-lana egiten du. Twombly-k Aurelio Komodo-ren (K.o. 161–192) bizitza eta heriotza ditu inspirazio-iturri. Marco Aurelioren semea eta erromatar enperadorea, haren aldakortasun emozionalari leporatu zaio Inperioaren gainbeheraren hasiera. Komodoren agintaldian ezegonkortasun politiko eta ekonomikoa izan ziren nagusi. Bere agintaldia aurrera zihoan heinean, gero eta xelebreago bilakatu zen: uste zuen Herkulesen haragitzea zela, eta gladiadoreen arteko borroketan parte hartu zuen. Bere osasun mentala hondatuz joan zen, eta erail egin zuten. Bere heriotzaren ondoren, Erroman gerra zibila piztu zen.

Zikloa Komodoren krudelkerian, eromenean eta erailketan oinarritzen da. Gatazka, aurkaritza eta tentsioa dira nagusi margolanen konposizioan. Materiazko bi kiribilek pieza bakoitzaren muina osatzen dute. Piezak aldarte aldakorra du: hodeien antzeko egitura patxadatsuetatik hasi eta odola darien zaurietara joaten da, azken panelean apoteosi asaldatu batean burutu arte. Odol koloreko pintura mihise denetan sartzen doa; eta zikloa gaiztotzen doa, harik eta tanta, orban eta zipriztinez egindako masa bihurritu bilakatzen den arte, hain zuzen, Komodoren agintaldian izandako indarkeria eta odol isurtzearen irudikapena. Twombly-k hondo gris uniformea aukeratu zuen mihise guztientzat. Mihiseak gero eta biziago bihurtzen dira, pintura-zipriztinak hondo gris hotzen artean gero eta gehiago sartzen diren neurrian. Hondo grisak espazio negatiboaren lana egiten du, odol-zurrunbiloak eta impasto gatzatuen zarakarrak konpentsatzeko. Hondo-oihal neutro horren gainean, margolanen erdia zeharkatzen duen lerroak orientazio-marraren lana egiten du konposizioa zatikatzeko. Margolan askok zenbakizko sekuentziak dauzkate; zenbaki horiek, bada, artikulatu ohi dituzte pinturen hezurdura osatzen duten saretak, grafikoak eta ardatz geometrikoak. Margolanek berezko anabasa- eta ezegonkortasun-estetika duten arren, konposizioan nagusi den egitura oso neurtuta dago.

1. Carmen Giménez, ed. Cy Twombly, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, 2008), 54. or.

Preguntas

Eskatu ikasleei margolan hauei arretaz erreparatzeko eta deskribatzeko. Ikasleek aukeratzeko moduko adjektiboen zerrenda bat egin (adibidez, haserre, lasai, motel edo aztoratua). Halaber, animatu beste adjektiboak esatera.

Eskatu ikasleei lanaren izenburuaz pentsatzeko, eta Komodo nor zen: enperadore erromatarra, bere ezegonkortasun emozionalagatik ezaguna. Artistak esana da gustatuko litzaiokeela bere margolanek gogo-aldarte bat irudikatzea. Ikasleen ustez, zein da margolan hauek irudikatzen duten gogo-aldartea? Koloreek zer pentsarazten diete?

Eskatu ikasleei imajina dezatela Twombly-k lan hori nola margotu zuen. Zein tresna mota erabiliko zituen? Prozesu azkarra ala motela izan zen? Zein keinu mota erabili zituen? Eskatu ikasleei keinu horiek ikaskideei erakusteko. Ikasleek zerekin konpara ditzakete pintura-orbanak?

Twombly-k zioen: “Nik azkar lan egiten dut. Bi edo hiru orduz eseri, eta, hamabost minuturen buruan, mihise bat margo dezaket”. [2] Ikasleen iritziz, zer-nolako eragina du lan-molde horrek azken emaitzan?

Artistaren esanetan, saileko margolan denak “sekuentzia” baten zati dira, “banako irudi isolatua” izan beharrean: “Badirudi ezinezkoa dela guztia margolan bakar batean irudikatzea”. Ez dakit zergatik egiten dudan hori. Agian, liburu bateko orriak dira”. [3] Twombly-k zikloko margolanak liburu bateko orriekin konparatu zituen. Margolanak liburu bateko orriak izango balira, zein istorio kontatuko lukete? Margolanen zein alderdiren bidez kontatzen zaigu istorio hori?

2. Ibid. 52. or.

3. Ibid. 58. or.