moulin

Kalfeko errota Knokke-n edo Flandesko errota, 1894

Théo van Rysselberghe
Kalfeko errota Knokke-n edo Flandesko errota (Le Moulin du Kalf à Knokke o Moulin en Flandre), 1894
Olio-pintura mihise gainean
80 x 70 cm
Bilduma partikularra

“Elkarren osagarri diren koloreen arteko joko boteretsu eta anitzak aktibatzen du mihise osoa. Alaitasun inpresio bat hautematen da, kolore-kantu bat”. [1]

1886an, artista berrien lanak ikusteko Parisera egindako bidaian, Théo van Rysselberghe

(Belgika, 1862–1926) txundituta gelditu zen Artista Independenteen Elkartean ikusi zuen Georges Seurat-en Igande arratsaldea Grande Jatte irlan (Un dimanche après-midi sur l’île de la Grande Jatte, 1884–86) artelanarekin. Kolorearen erabilerak nahiz Seuratek margolanean erabilitako teknikak liluratu egin zuten. Lan horren harira, Van Rysselberghek Seuraten estiloa hartuko zuen: kolorearen bereizketa edo Puntillismoa [2], Neoinpresionismo [3] izenarekin ezagutuko zen mugimenduaren teknika esanguratsu bilakatu zena.

Mende amaierako Paris asaldura politiko handiaren eta kultura-transformazio bizien agertoki izan zen. Bertan jaio ziren elkarren artean lotutako joera artistiko berriak —teoria zientifikoetan oinarrituak, kasu batzuetan—, eta bertan sortu ziren, halaber, sortu berri ziren ezkerreko taldeen filosofia eta ekintza iraultzaileak; azken horien erreakzio gisa, kontserbadurismo-oldea piztu zen. Artista-belaunaldi berri bat agertu zen, neoinpresionista izena jaso zuena. Lehen begiratuan, sortzaile horiek aitzindari inpresionisten gai berberak landu zituzten: paisaiak, hiri modernoetako bistak, jolas-jarduerak, etab.; alabaina, neoinpresionistak teknika berri eta oso desberdinen erabileragatik definitu ziren.[4]

Margolari iraultzaile horiek garaiko koloreari eta giza-pertzepzioari buruzko ezagutza zientifikoak erabili zituzten mihise puntillistetan efektu optikoak sortzeko, eta kolore osagarriak forma leunekin egituratu zituzten, konposizio unitarioak lortu ahal izateko. Askotan, neoinpresionisten eszena utopikoak teknikagatik ez ezik eduki ideologikoagatik ere bereizi ziren; dena den, helburu politiko argi batekin margotzen ez zuten kasuetan ere, neoinpresionistek hiriaren, aldirien eta landa-eremuaren gainean egindako interpretazio sutsuek harmonia idiliko bat transmititzen jarraitzen zuten. [5]

Van Rysselberghek azkar hartu zuen ikuspegi berri hura, baina bere erara egokitu zuen. Bere lanak ikusmolde errealistago batetik abiatu ohi ziren arren, Seuraten berrikuntza teknikoei ere probetxu ateratzen zien. Hark ez bezala, Van Rysselberghek ez zituen guztiz baztertu hiru dimentsioko irudikapena eta perspektiba; izan ere, Seuraten obretan forma lauak eta bi dimentsiotako espazioak ziren nagusiago. [6]

Seuraten metodoa berdindu nahian, kolorezko puntutxoak aplikatzen zizkion Van Rysselberghek plano piktorikoari, askotan osagarriak zirenak. Puntutxoak elkarrengandik horren gertu egonda, behatzaileak tonu homogeneoak hautematen zituen. Gainera, ordura arte egin zen moduan, pigmentuak mihise gainean nahasi beharrean, Van Rysselberghek kolore-pintzelkadak bakandu egiten zituen, eta irudi distiratsu eta garbiagoak sortzen zituen horrela. [7]

Van Rysselberghek 1886. urtean bere lagun Emile Verhaeren-ekin Paris bisitatu zuenean, Seurat, Paul Signac eta horren hainbat dizipulu ezagutu zituen. [8] Signac eta Van Rysselberghe elkarren lagun egin ziren; 1890eko hamarkada hasieran batera bidaiatu eta margotu zuten, eta argiz betetako paisaia neoinpresionista ugari sortu zituzten, elkarren artean sendo lotutako pintzelkadez osatutako azalerekin.[9] Kalfeko errota Knokke-n edo Flandesko errota (Le Moulin du Kalf à Knokke ou Moulin en Flandre, 1894) eszena flandestarra Van Rysselberghen garai inpresionistako une gorenari dagokio. Bere pintzelkada eten bereizgarriekin, kolore puruak erabiliz, Belgikako landazabaleko errota handientsu bat irudikatzen du. Margolan honetan eszenako eremu desberdinetako argi aparta jasotzea lortu zuen, belarraren itzaletan eta egurraren aberastasun kromatikoan ikus daitekeen bezala.

Seuraten heriotzaren ondoren, Van Rysselberghek uko egin zion kolorearen bereizketa zorrotzari bere erretratu eta paisaietan, eta pintzelkada zabalagoak erabiltzen hasi zen, hizkuntza piktoriko errealistago bat lantzeko. 1903. urterako bere teknika neoinpresionista gutxitu zuen, eta 1910. urtearen ondoren behin betiko abandonatu zuen.

Preguntas

Begiratu margolana arretaz. Deskribatu eta analizatu zehatz-mehatz bere xehetasunak. Non uste duzu dagoela paisaia hau?

Imajinatu margolanean sartzeko aukera daukazula. Nora joango zinateke? Zer sentitzen da bertan? Zein doinu eta usain iristen zaizkizu? Eguneko zein momentutan gaude? Zein urtaro da? Zergatik egon nahiko zenuke han? Non uste duzu zegoela Théo van Rysselberghe lan hau margotu zuenean?

Egon zara inoiz antzeko tokiren batean? Zer egiten zenuen han? Zertan da desberdina margolan hau ikusi dituzun beste paisaia batzuekin alderatuta? Lan hau margotzen ikasteko, Europa osoan zehar ibili zen bidaian Van Rysselberghe, bere lagun Paul Signac-ekin batera. Aire zabalean lan egitea gustatzen zitzaien: lehenbizi zuzenean naturatik margotzen zuten, gero margolana estudioan lantzeko. Zeintzuk dira barruan (estudioan) eta kanpoan (aire zabalean) lan egitearen abantailak eta desabantailak? Zer nahiago zenuke zuk artista bazina, eta zergatik?

Orain, begiratu berriz margolana. Nola uste duzu margotu zuela Van Rysselberghek Kalf-eko errota Knokke-n? Berariazko zein teknika erabili zuen? Nola deskribatuko zenituzke pintzelkadak? Azala lupaz begiratzerik bazenu, zer ikusiko zenuke?