Ernesto Neto jugar sentir y experimentar 300x451

Jolastu, sentitu eta esperimentatu

Ernesto Netoren (Rio de Janeiro, 1964) lanak zeharkatu, bizi, sentitu eta baita usaintzeko ere sortutako lanak dira. Obrek eta ikusleak elkarri eragitean, ikusleak bere gorputza, zentzumenak eta adimena sentitu ditzake.

Ikuslea libre sentitzea da Netoren asmoa, jolas egin eta esperimentatu dezala, baina, aldi berean, artelanarekiko ardura eta errespetua eskatzen digu; izan ere, giza gorputza bezalaxe, artelanak hauskorrak dira eta ahalik eta kontu handienarekin hartu behar da.

Hori dela eta, zenbait aretotan sarrera mugatu egin da. Arren, ibilbidean barrena ikusiko dituzuen jarraibideak betetzea eskatzen dizuegu, haiei esker, esperientzia hobea izango duzuelako eta arteaz gozatuko duzuelako artelanen kontserbazioa arriskuan jarri gabe.


JOLASTU, SENTITU ETA ESPERIMENTATU

Bizitza gorputz bat da: haren zati gara (Life is a Body We are Part of−Avida é um corpo do qual fazemos parte), 2012
Kakorratz-lana eta polipropilenozko bolak

“Oinazea, heriotza eta sufrimendua poesiaren jatorri direla dioen ideia defendatu izan da. Ez nago ados. Alaitasuna nahi dut. Kontua ez da zoriontasuna. Bizitza nahi dut, indar gorena. Bizirik gaude guztiok, bizirik egotea lortu dugu. Horrek batzen gaitu. Bizitzen saia gaitezen”. Ernesto Neto. 1

Ernesto Netoren (Rio de Janeiro, 1964) arabera, haurrak gara eta jolas egin nahi dugu guztiok. Esperientzia artistikoa, beraz, zentzumenak pizten dituen jardun multisentsorial bilakatzen da. Jolasaren ideia garrantzitsua da artistaren eskulturak ulertzeko orduan. Bere obrek jolasaren mekanismoa martxan jartzeko gonbitea luzatzen digute, pertzepzioa garatu eta ezagutza lortzeko ezinbesteko iturri balitz bezala. 2

Netok ezohiko egoerak bizitzera bultzatzen du ikuslea, eta egoera horien ondorioz, bere gorputza eta gorputzak inguruarekin duen harremana ulertu eta zalantzan jarriko du. Naturaren eta kulturaren arteko etengabeko borroka adierazten du bere obrak. Artea, horrenbestez, gure barruan bizi den animaliari, arakatu beharreko animalia horri, zentzua eta espazioa eskaintzen dion tresna bilakatzen da. 3

Artea ulertzeko modu hau Mugimendu Neokonkretuaren ondarean oinarritzen da. Neokonkretismoak zalantzan jarri zituen Brasilgo modernitatearen eta industrializazioaren baloreak 1950eko hamarkadan, bai eta artearen zurruntasun arrazionalista ere. Mugimendu honekin bat egiten zuten artistek, sormen-jardueraren erdigunean ipini zuten ikuslea, eta artea eta bizitza uztartzen zituzten baloreak goretsi zituzten, artea makina edo objektu gisa jotzen zuten ideiak baztertuz. Ikuspuntu horri jarraituz, Neokonkretismoak adierazpenerako espazio berri baterako oinarriak finkatzea zuen helburu, era horretara, artelanak ukitzeko eta manipulatzeko aukera emanez, ikuslea artelanen parte bilakatuz. Mugimendu honen sortzaileen artean, Lygia Clark (Belo Horizonte, 1920−Rio de Janeiro, 1988), Lygia Pape (Rio de Janeiro, 1927−Rio de Janeiro, 2004), Hélio Oiticica (Rio de Janeiro, 1937−1980) eta Ferreira Gullar (São Luís, Maranhão, 1930) kritiko eta poeta aipa daitezke. Artista horiek guztiak Ernesto Netoren ezinbesteko erreferentziak dira.

Artista horien arabera, lotura konplexuek lotzen dute gizakia bere ingurunera. Pertsonaren zentzumenezko pertzepzioak, kanpoko elementuekin harremanetan jartzean, ez ditu soilik elementu horiek sailkatzen; era berean, informazioa eskaintzen du egoera afektiboen, emozionalen eta irudimenezkoen bidez. Neokonkretismoak sinestesia sustatzen zuen, hots, zentzumen desberdinen arteko elkartzea islatzen duen egoera, zentzumen horiek interkonektatuta daudelarik: musika kolorearen bidez entzun daiteke, zaporeak belusatuak izan daitezke edo ukimena lurrintsua. Lygia Clarkek eta Hélio Oiticicak esperimentu sentsorialetan murgilarazten zituzten ikusleak. Batzuetan, maskarak, eskularruak edo bestelako elementuak erabilita, zentzumenetako bat ezabatzen zuten gainerakoei indar handiagoa emateko; horrela, esperientzia artistikoa jarduera multisentsorial bilakatzea lortzen zuten. 5

Bizitza gorputz bat da: haren zati gara herensuge-formako eskultura bat da eta sabaitik zintzilik dago. Kakorratz-lanaren teknikaren bidez jositako poliesterrezko sokez egina dago. Bide bihurgunetsuak eta sigi-sagak egiten dituen egitura koloretsuan barrena ibiltzeko gonbitea egiten digu Netok. Lurzoruak plastikozko bolez beteta daude. Oinez aurrera egiten dugun heinean, egitura barruko bolek batak bestea ukitzen dute, soinu bat sortuz. Eskulturan barrena mugitzeak espazioa ikuspuntu desberdinetatik behatzeko aukera eskaintzen digu, izan ere, kakorratz-lanarekin egindako koloretako greka-sareak horien bitartez ikusteko aukera ematen du. Gure gorputzaren mugimenduak, aldi berean, egitura erraldoiaren mugimenduarekin bat egiten du, gure oinatzen presioarekin kulunkatuz. Zentzumen guztiak aktibatu eta interkonektatu egiten dira ezinbestean. Ibilbideari jarraikiz, obraren erdigunera iritsiko gara, eta bertan kokatzen den plataforman ikuspegiaz gozatu, atseden hartu eta gure emozio zein pentsamenduekin konektatu eta, zergatik ez, gure existentziaz eta munduarekin dugun harremanaz gogoeta egin dezakegu.

Segurtasun-arrazoien ondorioz eta Bizitza gorputz bat da: haren zati gara obraren hauskortasuna dela eta, erabiltzeko zenbait muga ditu ibilbide honek eta Museoak ezarritako jarraibideak betez soilik gozatu ahal izango da. Eskultura hau ez da taldekako ibilbideetarako egokia eta aldi bakoitzean 8 lagun sartuko dira gehienez.


AIPAMENAK:

1 Nike Flyknit Collective. Ernesto Neto:
http://vimeo.com/50863391
2 Ernesto Neto. The edges of the world. Interview:
http://www.youtube.com/watch?v=rHy6luikM-U
3 Ernesto Neto. 1 The edges of the world. Interview:
http://www.youtube.com/watch?v=rHy6luikM-U
4 http://www.itaucultural.org.br/aplicExternas/enciclopedia_ic/index.cfm?fuseaction=termos_texto_esp&cd_item=8&cd_idioma=28557&cd_verbete=9457
5 Raphaela Platow, “El cuerpo que me lleva”, Ernesto Neto: naraman gorputza erakusketan, kat. erak. Bilbao; Guggenheim Bilbao Museoa eta Bartzelona: Ediciones Polígrafa, 2014.

Preguntas

Aztertu ezazue Bizitza gorputz bat da: haren zati gara obra. Zer itxura du obrak? Zer datorkizue burura kakorratz-lanarekin egindako diseinuek sortutako marrazkiak ikusterakoan? Zein lekutan edo zein objektutan aurki dezakegu honen antzeko egitura? Kakorratz-lana dekorazioko lanak edo janzteko elementuak egiteko erabili ohi da; zure ustez, zergatik du Ernesto Netok teknika honekiko interesa?

Obra hau bere barrutik ibiltzeko pentsatuta dago. Begira iezaiozue zapaldu beharreko eskulturaren lurzoruari; zer nolako sentipenak eragiten dizkizue obraren gainean oinez ibiltzeak? Nola sentituko gara obran barrena mugitzerakoan?
Zein bide mota datorkizue gogora eskulturaren lurzorua ikusterakoan?

Zein zentzumen pizten dira pieza hau hautematerakoan? Imajina ezazue zer sentituko zenukete eskulturan barrena begiak itxita ibiliko bazinete; zein soinu antzemango zenituzkete? Nola irudikatzen duzue kakorratz-lanaren ukipena? Museora bertaratu eta obra ikusten ari zaretela, egin ezazue irudikatutako sentipenen eta benetan sentitutako sentipenen arteko konparazioa.

Zuen ustez, zergatik da garrantzitsua Ernesto Netorentzat gu eskulturaren barruan murgiltzea?

Museora hurbildu eta pieza hau esperimentatzen duen pertsona bakoitzak sentipen desberdinak izango ditu, obra bera esperimentatu arren. Obra bera izanda ere, zer dela-eta izaten ditu pertsona bakoitzak sentipen desberdinak? Gogoeta egin dezagun horri buruz, ez eskultura honi dagokionez soilik, bizitzaren esparru guztiei dagokienez baizik.