pollock

Horma irudia, 1943

Jackson Pollock
Horma irudia, 1943
Olio-pintura eta kaseina mihise gainean
243,21 x 603,25 cm
The University of Iowa Museum of Art. Dohaintza: Peggy Guggenheim
© The Pollock-Krasner Foundation, VEGAP, Bilbao, 2016

“Nire pinturan buru-belarri sartuta nagoenean, ez naiz ohartzen zertan nabilen. Nolabaiteko ‘etxekotze’ aldi baten ostean baino ezin dut egindakoa ikusi. Ez daukat beldurrik aldaketak egiteko, irudia suntsitzeko…, pinturak bere bizitza propioa baitauka.” Jackson Pollock, 1947–48 [1]

1943ko udan, Peggy Guggenheim mezenas eta arte-bildumagileak, Howard Putzel aholkulari eta idazkariaren eta Marcel Duchamp lagunaren gomendioei jarraiki, oraindik nahiko ezezaguna zen Jackson Pollock-i (Cody, Wyoming, AEB, 1912–East Hampton, New York, AEB, 1956) horma irudi bat eskatu zion Manhattanen zuen etxeko sarrerarako. Putzel, Pollocken potentziala ikusirik, proiektua hari enkargatzen tematu zen, eta Duchampek horma irudia paretan bertan margotu ordez mihise gainean egiteko iradoki zuen, lana eramangarria izan zedin. Guggenheim irrikaz zegoen AEBko arte berriari eskaintzen zion laguntza —bere galerian ere ikus zitekeena— sinbolizatzen zuen lana bere etxean aurkezteko, eta Pollocki eskatu zion horma irudia; lanaren gaia aukeratzen utzi, eta jarraibide bakarra eman zion: atariko horma osoa hartu behar zuen.

Eginkizuna kontratu batekin batera helarazi zion, hileko 150 dolarreko soldatarekin; garai hartan ezohikoa zen hori. Dirua ezinbestekoa zen Pollockentzat eta bere emazte eta margolari Lee Krasner-entzat; izan ere, bikotea estu eta larri bizi zen New Yorken zuten apartamentu txikian[2]. Mihisea zegokion lekuan jartzeko, hainbat pareta bota behar izan zituzten. Halere, denborak aurrera egin arren mihiseak zuri zirauen. Guggenheim, egoerak arduratuta, artista presionatzen hasi zen, eta lana bukatzen ez bazuen ordaintzeari utziko ziolako mehatxua egin zion[3]. Presio horrek ez zion Pollocki mesederik egiten: asteak igaro zituen mihise zuriari begira eta lagunei “blokeatuta” zegoelako kexu. Lanarekin obsesionatuta eta depresioan erortzeko zorian, azkenean atzerapenarekin amaitu zuen artistak.

Pollocken emazte Lee Krasnerrek berak piztu zuen mitoaren arabera, Pollockek gau bakarrean margotu zuen mural osoa, hura entregatu bezperan. Baina egiaz, duela gutxi egindako zaharberritze batek agerian utzi du artistak hainbat kapa margotu zituela hogei kolore baina gehiago erabilita, eta asteetan zehar poliki-poliki lehortzen egon zirela. Halere, egia da koadroaren azken atala, zipriztinak, keinuak eta pintzelkadak, oso denbora gutxian egiteko aukera izan zuela. Horma irudiaren itxurazko bat-batekotasuna, ordea, oso kalkulatuta dago. Pasio, energia eta dinamismoz beteta dago artelana. Pollock imajinatu dezakegu hura margotzen, bere gorputzaren indar guztia erabiliz hiru metro altu eta sei metro zabal zituen mihisea pintatzen. Artistaren grina piktorikoa, haren pintzelkada oldarkorra, kementsua; eskala harrigarriko azalera izugarria guztiz estaltzen duten forma bihurrietan hauteman daitezke kolore biziko trazu libreak.

Horma irudia abstrakzioaren eta figurazioaren tartean dago, bide erdian: ikusleari askatasun nahikoa ematen dio forma misteriotsuak, mugimenduan dauden figurak interpretatzeko. Horma irudia egin eta urte batzuk geroago, Pollockek lagun bati aitortu zion hura bukatzeko bihozkada bat eduki zuela: “ihesaldi bat izan zen: Estatu Batuetako Mendebaldeko animalia guztiak, behiak eta zaldiak eta antilopeak eta bufaloak, azalera madarikatuaren gainetik korrika.”[4] Horma irudi hori mugarri izan zen artistaren ibilbidean. Lan horretatik aurrera, figurazioa atzean utzi eta Espresionismo Abstraktuan murgildu zen bete-betan eta, pare bat urte beranduago, dripping edo tantakako teknikan sartu zen buru-belarri. Horma irudi horretan hasi zen artista pintura mihisearen azaleran erortzen uzteko teknika baliatzen; gerora, bere ezaugarri nagusia izango zen hori, eta ekintza pinturaren jatorrietako bat dela aitortzen da. Artistak lurrean etzanda ezartzen zituen mihiseak eta horien gainean pintura zipriztindu eta jaurtitzen zuen; horretarako, paleta eta aiztoak, gogortutako pintzelak, haga edo xiringak erabiltzen zituen. Teknika horrekin, pintura erramintatik mihisera jariatzen da zuzenean. Pinturaren konbentzioei aurre egitean, pintzela eta bertikaltasuna atzean utzi, eta Pollockek dimentsio berri bat gehitu zion diziplinari, bere mihiseak behatu eta pintura norabide guztietatik aplikatuz.

Horma irudi hori Guggenheimen etxean egon zen erakusgarri hainbat urtetan. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, ordea, bildumagileak Europan bizitzea erabaki zuen, eta bertan ez zuen lekurik halako tamainako artelan batentzat; ondorioz, hura ezartzeko leku berri baten bila hasi zen. Orduan University of Iowa-ko School of Art & Art History fakultateko zuzendari zen Lester Longman-ekin hainbatetan negoziatu ostean, Guggenheimek obra dohaintzan ematea erabaki zuen, baldin eta unibertsitateak hura Yale-etik (Connecticut) Iowara eramaten bazuen; hau da, erakusgai zegoen lekutik, haren etxe berriraino[5].

 

Preguntas

Erreparatu arretaz pinturari. Zer ikusten duzu? Formaren bat bereiz dezakezu bertan? Nola imajinatzen duzu egin zuela Pollockek lan hau? Deskribatu artistak lan hau sortzean eman ahal izan zituen pausoak. Hautatu lerro bakar bat eta berregin artistak hura marrazteko egin zuen mugimendu posiblea.

Begiratu mihisea bere osotasunean. Nola deskribatuko zenituzke pintzelkadak? Zein atal geratu dira hondoan? Zein atal daude azaletik hurbilen? Nola jakin dezakezu. Ipini arreta koloreetan. Nola deskribatuko zenituzke? Zer iradokitzen dizute? Koadroaren eremuetako bakoitzak aldi berean deitzen du arreta, baina nola joaten zaizkizu begiak?

Pollock espresionista abstraktutzat jotzen zen. Objektu errealak edo erraz ezagutzeko modukoak margotu ordez, kolore eta lerroen bitartez adierazten ditu bere sentimenduak. Espresionismo Abstraktuko artistentzat transmititzen zuten aldarteak berebiziko garrantzia zuen. Zein hitz baliatuko zenuke artelan honek helarazten dituen aldarte edo sentimenduak deskribatzeko? Zergatik? Margolanari musika ipintzeko aukera izango bazenu, nolakoa izango litzateke?

Amaitu ostean ipintzen zien izena Pollockek bere artelanei. Lan honen izena Horma irudia da. Izenburu egokia iruditzen zaizu? Zergatik? Zergatik ez? Zein izenburu jarriko zenioke zuk margolan honi?

Alderatu ezazu margolan hau Pollockek 1946tik aurrera egin zituen lanetako batekin. Zure ustez, zertan dira desberdinak lan hau eta geroago egindako besteak? Alderdiren bat berdina dela iruditzen zaizu? Zer aldatzen da Pollockek margotzeko erabiltzen duen teknikan?