Jean Michel Basquiat UNTITLED 1982 Boijmans cropped Zoom

Historiaren heroiak

Jean-Michel Basquiat.
Titulurik gabea (Untitled), 1982.
Akrilikoa eta olio-pintura liho gainean
193 x 239 cm
Museum Boijmans Van Beuningen, Roterdam
© The Estate of Jean-Michel Basquiat / Artestar-en lizentziaz, New York
Argazkia: Studio Tromp, Roterdam

“Hamazazpi urte nituenetik, izar bat izango nintzela uste nuen. Nire heroi guztiei buruz pentsatzen nuen: Charlie Parker, Jimi Hendrix… Jendea ospetsu bihurtzeko moduari buruzko irudipen erromantikoa nuen”. —Jean-Michel Basquiat (1)


Sarrera

Bere ibilbide artistikoaren hastapenetik, Jean-Michel Basquiatek (New York, 1960–1988) erabaki zuen gizon beltza izango zela bere artelanetako gai erabakigarri bat.(2) Aita haitiarra eta ama puertorricoar etorkikoa, oso jabetzen zen arrazen arteko desberdintasunez New York hiriko eguneroko bizitzan. Afrikar-amerikar historiari buruzko interesa agertu eta, horrenbestez, kolonialismoari eta esklabotasunari buruzko gaiak arakatu zituen bere artelanetan.

Basquiat etengabe ohartzen zen kirolaren, musikaren eta literaturaren munduko pertsonalitate beltzak historian ahaztuta geratzen zirela. Basquiaten irudiko, ordea, guztiak ere heroi handiak ziren, anonimo edo ospetsu izan, eta beharrezkoa zen historiak ukatutako ohore hori berreskuratzea. (3) Bere burua ere errealitate horretan ikusten zuen: margolari ospetsu eta dirutsua zen, bai; hargatik, zaila zen beretzat, adibidez, New York hirian hain eguneroko kontua den taxi bat hartzea. (4)

Heroi ahaztuei ohore egiteko eta artearen historian afrikar diasporari presentzia emateko, Basquiatek musikari eta kirolari beltzen erretratuak egin zituen, adibidez, boxeolarienak. Titulurik gabea artelanak (1982) boxeolari anonimo bat aurkezten du gizon zuri baten gaineko garaipena ospatzen. Koadroko pertsonaiak besoak altxatzen ditu garaipenaren erakusgarri. Basquiaten baitan, boxeo-lehia ringetik haraindi zihoan, beltz eta zurien arteko arraza-gerraren sinbolo bihurtuta. (5)

Artelan honetako boxeolariaren burua argi-koroa batez jantzita dago, santutasuna adieraziz beharbada. Aurpegia katamalo batez estalia du, gasaren aurkako maskara edo rapero baten txanoa dirudiela. Basquiatek egindako pertsonaiak komikoak irudi dezakete lehenengo begiratu batean, baina astiroago erreparatuz gero, ikusiko dugu heroi horiek askotariko formak hartzen dituztela; hartara, arauak eta ohiko jokabidea baztertzen dute. Basquiat saiatzen da horrelako irudien bidez gizaki beltza omentzen eta, aldi berean, errepresioa, esplotazioa, merkataritza eta esklabotasun modernoa salatzen. (6)
1. Jean-Michel Basquiat. Cathleen McGuigan, “New Art, New money: The marketing of an American artist.” The New York Times Magazine. February 10, 1985, 29. or.

2. Richard D. Marshall, “Jean-Michel Basquiat and His Subjects”, in Jean-Michel Basquiat, Enrico Navarra, ed., Paris: Galerie Enrico Navarra, 1996, 44. or.

3. Magdalyn Asimakis, hormako testuak, hemen: Now’s the Time, Art Gallery of Ontario.

4. Dieter Buchhart, ed., Ahora es el momento, erak. kat. Toronto: Art Gallery of Ontario; Munich, Londres eta New York: DelMonico Books, Prestel Publications; Guggenheim Bilbao Museoa, 2015, 15. or.

5. Ibid.

6. Ibid, 15–16. or.

Preguntas

Begiratu ondo Titulurik gabea artelana (1982), eta eskatu ikasleei zer ikusten duten deskribatzeko.

Eskatu ikasleei koadroan agertzen den pertsonaia deskribatzeko. Nor izan daiteke? Nola deskribatuko lukete bere aurpegia? Zer esan janzkeraz?

Esan ondo begiratu eta deskribatzeko pertsonaiaren inguruko objektuak eta pintzelkadak. Zer adierazten ote dute?

Esan deskriba ditzatela pintura egiteko erabilitako koloreak. Zer-nolako sentsazioak pizten dituzte kolore horiek?

Esan imita dezatela koadroko pertsonaiak hartzen duen jarrera. Zertan ari ote da? Esan ikasleei irudi honen ondoren beharbada gerta daitezkeen istorioak deskribatzeko.

Basquiatek miretsi egiten zituen kirolari beltzak. Zergatik uste dute zitzaizkiola interesgarri boxeolariak?

Zein izango da buru gainean argi-koroa bat jartzearen arrazoia?