Historia
Iñaki Garmendia
S/T Orbea (Orduña), 2007
“Orainaldi historiko bat egotekotan, horren zergatia orainaldiaren tradizio batean dago; tradizioa baita historiaren mamia, haren sedimentua moduan, intrahistorikoaren adierazpena moduan, historiaren inkotzientearen adierazpena moduan”. —Miguel Unamuno, En torno al casticismo (Kastizismoaren inguruan), 1895
Iñaki Garmendiak (Ordizia, Gipuzkoa, 1972), Erlea Maneros Zabalak (Bilbo, 1977) eta Xabier Salaberriak (Donostia, 1969) historian interesa dute: hura birsortzean, deseraikitzean eta berrinterpretatzean; haien garaiari heltzeko tresnatzat hartzen dute. Hirurek historiaren gertakizun jakin batzuk deseraikitzen dituzte eta gaur eguneko gertaerekin uztartzen, orainaldiaren eta iraganaren arteko lotura berriak ezartzeko; horiei, gainera, haien interpretazio pertsonalak gehitzen dizkiete.
Garmendiak gizartearen, kulturaren eta politikaren inguruko gaiak jorratzen ditu eta globala tokikoaren aurrez aurre jartzen du. Miguel Unamunoren antzera (Bilbo, 1864–Salamanca, 1936) intrahistoria kontzeptua erabili zuenean, Garmendiak eguneroko historiari eta tokikoari egiten dio erreferentzia aldaketa edo eboluzio bat zerk eragiten duen zalantzan jartzeko[1]. Titulurik gabea Orbea (Orduña), 2007, 45 minutuko grabazio bat da; eguneroko objektu bat ager da, Orduña modeloko lasterketa-bizikleta. Orbea euskal etxeak ekoitzi zuen 1970eko eta 1980ko hamarkadetan. Objektuaren ezaugarriak ditu filmak aztergai: hurbiletik hartutako irudiak dira; bizikletak du arreta osoa. Ezaugarri fisikoek dute garrantzia eta ez dago narraziorik; behintzat, agerian. Orbea etxea 1847an sortu zen Eibarren eta armak egin zituen gerra zibila hasi arte; bizikletak egiten hasi zen gerra lehertu baino lehen[2].
Maneros Zabalak hainbat kontzeptu lantzen ditu bere artelanetan, hala nola, artxiboa, memoria eta historiaren interpretazioa. Arreta berezia eskaintzen die artxibategietako argazkiei eta haien testuinguruari. Artistak agerian ipintzen ditu irudien aurkezpenen atzean (enkoadraketa eta testuingurua) dauden estrategia ideologikoak eta estrategia horiek irudien interpretazioan duten eragina [3]. Titulurik gabea (1894ko irailaren 8a. La Ilustración Española y Americana) [Untitled (September 8, 1894. La Ilustración Española y Americana), 2007/13] lana instalazio bat da, 1894an La Ilustración Española y Americana aldizkarian argitaratutako artikulu bat oinarri duena. Artikulu horretan Bilbo biziberritzeko Alberto Palacio ingeniariaren (Sara, Lapurdi, 1856–Getxo, Bizkaia, 1939) proiektu bat azaltzen zen; dorre itxurako arkitektura egitura handi batean zetzan proiektua, baina azkenean ez zen egin. Monumentuak euskal foruei omenaldia behar zuen (1876an deuseztatu ziren Espainia zentralizatzeko). 80 metroko eraikuntza, burdin urtuzkoa eta beirazkoa, behar zuen, kupuladuna eta igogailuduna; Bilboko erdigunean egongo zitekeen, eta modernotasunerako bidearen sinbolo zatekeen. Maneros Zabalak Palacioren ideia berrinterpretatu du, proiektuaren artxibo-irudi batetik abiatuta. Irudia arte garaikidea erakusten den areto bateko horman jarri du.
Salaberriaren lanaren bereizgarri bat da diseinuaren, arkitekturaren eta artearen historiaren alorretako tresnak eta estrategiak artegintzan baliatzea. Haren lanaren abiapuntu da Weimar; bertan sortu zuen Walter Gropius (Berlin, 1883–Cambridge, Massachussetts, AEB, 1969) arkitektoak Bauhaus eskola 1919an. Bauhaus eskolak objektuak eta guneak diseinatzen zituen, gizarte hobe baten parte liratekeenak eta artearen eta teknologiaren arteko uztarketa liratekeenak[4]. Salaberriaren lanek gune publikoetako altzariak dakartzate gogora. Diseinuaren, arkitekturaren eta artearen historian orain gutxi jazotako funtzionalismoaren eta gizarte-utopiaren kontraesanak agerian uzten dituzte[5]. Inkontziente/kontziente saileko Titulurik gabea (2011) lanerako inspirazio-iturri izan zuen Carlon altzaria —gela banatzaile bat da—, Ettore Sottsass italiarrak diseinatutakoa (Innsbruck, 1917–Milan, 2007). 1981ean Sottsass-ek egituretan eta kolore bizietan oinarritutako ikusizko lengoaia ikertu zuen; ezaugarri horiek espazioaren antolamendu logikoan laguntzen zuten. Carlton altzariak hainbat funtzio izan zitzakeen, beraz, dinamikoa eta polibalentea zen; hartara, objektu nomadatzat har daiteke, baita kontsumo-kulturaren ikurtzat. Salaberriak hiru dimentsioko objektua sortu du Carlton altzariaren formak eta horrek inguruko espazioa nola aldarazten duen beste modu batean interpretatuz.
OHARRAK
1. Laconismo y complejidad por X. Sáenz de Gorbea. Deia 2011-07-24
2. Peio Agirre, “Metraje”, Iñaki Garmendiaren inguruan. La Virreina Centre de la Imatge. 2011ko uztailaren 14a–urriaren 2a, 15–17 or.
3. Maneros Zabala, Erlea. Bricks to a House/Figures to a Picture: North American Press Imaginary 2001–2004. 2011ko maiatzaren 6a–ekainaren 19a.
4. “Bauhaus 1919–1933: A chronology”.
5. Aguirre, Peio. “Scenario by Xabier Salaberria.”
Preguntas
Aztertu Garmendiaren Titulurik gabea Orbea (Orduña) (2007)
Museoan bideoa osorik ikusteko aukera duzue. Ikasgelan zati bat ikus dezakezue, esteka honetan: http://vimeo.com/38855454
Zer ikusten dute ikasleek bideoan? Objektuaren zatiak izendatu.
Bizikleta modelo hori 1970eko eta 1980ko hamarkadetan ekoitzi zen. Zer alde eta zer antzekotasun dago antzinako eta gaur egungo bizikleten artean?
Orduña modelokoa da; Bizkaiko udalerriari egiten dio erreferentzia. Zergatik emango zioten izen hori? Nolako pertsonek erabiliko zuten bizikleta-mota hori?
Grabaketan, asko hurbildu zen bizikletara. Zati batzuei erreparatu. Txirrindu baten parte ez balira, zer beste gauza izan litezke? Irudi horiek zer beste izan daitezke pentsatu. Zergatik hurbiltzen da horrenbeste bizikletari?
Historia zer-nolako modutan lantzen du Garmendiak? Zer aditzera eman dezake objektu batek historiari (gertakizun historikoei) buruz? Zuen hiriaren edo auzoaren adierazgarri izan daitezkeen objektuetan pentsatu; zergatik dira adierazgarriak? Zer azaltzen dute bertako historiaren inguruan?
Begiratu Maneros Zabalaren Titulurik gabea (1894ko irailaren 8a. La Ilustración Española y Americana) [Untitled (September 8, 1894. La Ilustración Española y Americana), 2007/13]
Deskribatu lana. Bilatu hura definitzeko adjektiboak. Zer gogorarazten die egiturak?
Alberto Palaciok diseinatutako dorrea aukeratu zuen Maneros Zabalak. Dorre horrek euskal foruei omenaldia egiteko sortu zuen Palaciok eta Gernikako arbola hartu zuen inspirazio-iturritzat. Ingeniariaren proiektua eta arbola alderatu; zehaztu itzazue aldeak eta antzekotasunak.
Bizkaiko burdindegietatik ateratako burdinaz egin nahi zuen dorrea. Zergatik?
Burdinaren sinbolismoa aztertu. Zer beste material erabil zitekeen monumentu hau egiteko? Zergatik?
Maneros Zabalaren lana kokapenean bertan egiteko instalazioa da. Alberto Palacioren proiektua marrazten du erakusketa-aretoko pareta batean. Marrazkia egiteko artxibategietako irudiez baliatzen da. Paretan marraztean beste esangura bat ematen dio? Non ipiniko zenukete monumentua? Zergatik?
Zer beste ideia bururatzen zaizue Maneros Zabalaren proposamena ikusi ostean?
Begiratu Salaberriaren Inkontziente/kontziente saileko Titulurik gabea (2011) lanari.
Ettore Sottsass diseinatutako Carlton altzaria hartu zuen artistak oinarritzat. Bilatu jatorrizko altzariaren irudiak sarean (Google irudiak).
Nola deskribatuko zenukete Carlton altzaria? Zer da?
Alderatu Sottsassen altzaria (gela bat bi gunetan banatzeko erabiltzen zena) eta Salaberriaren lana. Ondoren, azaldu zer ezaugarri duten ohiko apalategiek. Sottsassen diseinuarekin eta Salaberriaren artelanarekin alderatu.
Nola deskribatuko zenukete Salaberriaren lana? Zeren antz handiagoa du, eskultura batena ala altzari batena?
Ikasleen ustez, nolakoa izan behar da altzari bat? Zer gertatzen da ez bada erabilgarria? Artearen eta diseinuaren arteko loturen inguruan eztabaidatu. Bauhausaren eta Mugimendu Modernoaren inguruko informazioa bilatu eta haien oinarrien inguruan hitz egin. Gaur egungo diseinuetan gordetzen al da erabilgarritasuna? Zergatik?