Pablo Picasso, Paisaje de Céret

Céreteko paisaia

“Pinturan, bilatzea ez da garrantzitsua. Kontua aurkitzea da.” 1

Pablo Picasso, Céreteko paisaia (Paysage de Céret), Céret, 1911ko uda. Olio-pintura mihise gainean, 65,1 x 50,3 cm. Solomon R. Guggenheim Museum, New York, Solomon R. Guggenheim fundazioaren bilduma, 37. 538 dohaintza. © 2011 Estate of Pablo Picasso/Artists Rights Society (ARS), New York.

Sarrera

Pablo Picassok (1881ean jaio zen Malagan; Mouginsen, Frantzian, hil zen 1973an), XX. mendean eragin handia izan zuen artista dinamikoak, estilo artistiko desberdin ugari landu zituen bere ibilbide luzean, Kubismoaren hastapen historikoa nabarmenduz.

Kubismoa iragan mendeko estilo artistiko berritzaile eta eraginkorrena izan dela aitortzen zaio mundu osoan. Paul Cézanne artista postinpresionista frantziarraren ezaugarri den formen tratamendu bolumetrikoa oinarri hartuta, Kubismoa garatzeko lehen aroari heldu zioten Picasso eta Georges Braque (1882-1963) artistek. Bi artistek nork bere estudioan bereizita lanean jardun arren, sarritan elkartzen ziren norberaren aurrerakuntzez hitz egin eta batak bestearengandik ikasteko. 1908an hasi ziren hartu-emanetan Picasso eta Braque, eta harreman hori sakondu egin zuten, elkarlanera iritsiz. 1911ko udan, elkarrekin egon ziren Frantzia hegoaldean, Céreten, bertan artista kolonia ezaguna biltzen baitzen. Beren artelanak alderatu, eta aukera berriak aztertu zituzten. Elkarrekin hasi ziren estilo berri bat asmatzen, eta Kubismoa sortzearen meritua egotzi zaie biei. Bien margolanak oso antzekoak dira, eta kritikari askok bereizteko zailtasunak izaten dituzte. Braque bera honela mintzatu zen: “Picasso espainiarra da eta ni frantziarra: badakigu horretan desberdintasun handiak ditugula, baina urte haietan ez genituen desberdintasun horiek aintzat hartzen” (Alex Danchev, Georges Braque: A Life. Arcade Publishing, Inc., New York, 2005, 117. orrialdea). Estilo kubistak plano piktorikoaren gainazal laua eta bi dimentsiokoa nabarmentzen zuen, eta, aldi berean, perspektibaren, eskortzoaren eta modelaketaren teknika tradizionalak baztertzen zituen. Bestalde, artea naturaren imitazioa dela zioten teoriak gezurtatzen zituen. Margolari kubistek ez zuten forma, testura, kolorea eta espazioa kopiatzeko beharrik ikusten; horren ordez, errealitate berri bat erakutsi zuten objektu erabat zatikatuak irudikatzen zituzten margolanen bidez, objektu horien alderdiak aldi berean ikusten zirelarik. Kolore paleta monokromatikoa egokitzat jotzen zuten objektuaren perspektiba anitzak eta konplexuak adierazteko, objektua plano opako eta gardenen gainjartzea bilakatu baitzen. Kubismoak abstrakziorako bidea egin zuen eta artea ikusteko modu berriak azalerazi zituen.

Une gorenean, Braquek eta Picassok ia erabateko abstrakzioaren muturreraino eraman zuten Kubismo Analitikoa. 1911ko uda hartan margotutako Céreteko paisaia margolanean, kolore motel eta primitiboko orbanak, eskailera eskematikoak eta leiho gangatuak erakusten dira berreraiki beharreko ikus-arrasto moduan. Artelan kubista guztietan bezalaxe, irudi osoa "ikusi" ez ezik, "pentsatu" egin behar da margolan honetan (Jan Avgikosek New Yorkeko Guggenheim Museoaren orrialdeko On Line Bilduman egindako sarreratik egokitua).

1. Picasso, Herschel B. Chipp-en, Theories of Modern Art: A Source Book by Artists and Critics. University of California Press, Berkeley, 1996, 263. orrialdea.

Preguntas

Ikasleei Pablo Picassoren Céreteko paisaia artelana erakutsi aurretik, jakinarazi ikustera doazen margolana 1911ko udan margotu zuela artistak, Frantzia hegoaldeko herri batean zela, orain dela ehun urte inguru. Begirada bat eman Céreti buruz Interneten ageri diren argazkiei. Mende batean barrena herriak hainbat aldaketa jasan arren, ikasleek eskualdeko paisaia eta arkitektura gutxi gorabehera irudikatuko dute. Eskatu ikasleei Céreteko paisaia margolanean ikustea espero dutena irudikatzeko, eta, agian, horren zerrenda edo zirriborro bat egin dezatela.

Erakutsi Céreteko paisaia, 1911.

Zer ikus daiteke?

Zein desberdintasun ditu margolanak haiek irudikatutakoarekin? Ba al da espero zutenarekiko antzekotasunik?

Zertan desberdintzen da margolana paisaia tradizionalei dagokienez?

Zein arrasto eskaintzen ditu Picassok margolan honen gaia Céret herria dela adierazteko?