Bi triedroen elkartzeak sortutako kutxa metafisikoa. Leonardori omenaldia
“Arte garaikidea isilunez eta ezabaketaz betetako diziplina batean murgiltzen ari da, gerora, hustasun berri batera iristeko”.1
Bi triedroen elkartzeak sortutako kutxa metafisikoa. Leonardori omenaldia (Caja metafísica por conjunción de dos triedros. Homenaje a Leonardo), 1958. Altzairua, 28,5 x 25 x 26,5 cm
Guggenheim Bilbao Museoa
Sarrera
Jorge Oteiza (Orio, Gipuzkoa, 1908–Donostia, 2003) artista autodidaktak espresionismoa edo primitibismoa generoak hartu zituen oinarritzat bere lehen eskulturak sortzeko. Hego Amerikan denbora luzez ibili ondoren, 1947an itzuli zen Euskal Herrira, eta berak “helburu esperimentala” izendatutakoa garatzeari ekin zion. Lan horren ondorioz, zenbait gogoeta kontzeptualetara iritsi zen artista, bai eta eskulturarekin erlazionatutako gaiak modu berezian heltzera ere: jardun artistiko oro ezereza den hustasun batetik sortzen dela, eta, azkenean, hala ere, osotasuna den ezereza erdiesten duela dioen ideia. Horrela, ahalmen adierazkor handiko eta ikuslearen egitekoa hartzaile huts bilakatzen duten material kopuru handiko garaiaren ostean, jarraian iritsi ziren adierazpena desagertzea, materialaren desokupazioa, espazioak rol nagusia hartzea eta lehen pasiboa zen ikuslea eskulturaren hustasunaren bidez aktibatzea.
Esperimentazioari eta espiritualtasunari lotutako ideia horiek forma geometriko sinpleen —kuboa, zilindroa eta esfera— hustuketa-prozesua jartzen dute abian. Lan hau egiteko, taldeetan antolatutako maketa txikiekin egindako saiakeretan oinarritu zen Oteiza; talde horietako bakoitzak antzeko arazoak zituen. Talde horiei “familia esperimentalak” (edo sailak) izena jarri zien. Eredu horien artean, adierazgarrienak baino ez zituen behin betiko egoera materialera bideratu, beti tamaina xumea gordez.
1958an, “azkena ematen duten obrak” lantzeari ekin zion Oteizak; espazioari lotutako zeinu horiek oso geometrikoak ziren eta ez zuten materiarik. Askorentzat, eskultura Minimalistaren adibide aitzindariak dira. Kutxa hutsak (Cajas vacías) izeneko sailak kuboaren mugak eta barruko hutsaren muga ikusezinak arakatzen zituen. Irekidura handia duen kutxa hutsa (Caja vacía con gran apertura, 1958) lana metalezko kubo bat da, espazio ebaki batez osatua, birtualki irekia, eta kutxa erabat sotila adierazten du, zeinean espazioa eta forma sail bereko beste objektuetan baino arinagoak diren.
Bi triedroen elkartzeak sortutako kutxa metafisikoa. Leonardori omenaldia (1958) artelana Oteizak bere ibilbide artistiko emankorraren une gorenean sortu zuen, eta azkena ematen duten artelanetako bat da. Hainbat forma geometrikoen motekin esperimentuak egin arren, kuboak eskaini zion artistari eskultore gisa bere bilaketa pertsonalaren soluzioa: energia espiritualez bete ahal izango zen espazio huts bat definitzea. Eskultura hau Oteizaren kutxa metafisikoen adibide bikaina da. Barrualdean espazio iluna eta misteriotsua sortzen da, eta kutxak harriaren edo marmolaren oinarriaren gainean jarri ostean, artistak bilatzen duen sentsazioa are garbiago ageri da: espazio sakratu baten sentsazioa.
Jardun artistikoari urte luzeak eman ondoren, 1959an, bere esperimentazioak urrunago ezin zituela eraman ondorioztatu zuen Oteizak, eta, horrenbestez, eskultura alde batera utzi zuen eta ikerketa teorikoari eta Euskal Herriko kultura, hezkuntza eta politika alorretako aktibismoari heldu zien.
1 —Jorge Oteizaren aipamena Propósito Experimental lanean. Fundación Caja de Pensiones, Madril, 1988, 225. or.
Preguntas
Arretaz begiratu eskultura honi. Zer ikusten duzue? Zein hitz erabiliko zenituzkete eskultura deskribatzeko? Forma hori deskribatzeko gai zarete?
Eskatu ikasleei eskultura honen materiala (altzairua) deskribatzeko. Ahal bada, erakutsi altzairu-zati bat eta ukitu dezatela, ondoren haren ezaugarriak deskribatuz. Eskultura ukitzerik izango bazenute, zein sentsazioa izango zenukete ukitzerakoan?
Egin zerrenda bat ezagutzen dituzuen figura geometrikoekin eta horiek marraztu. Eztabaidatu horien ezaugarrien inguruan eta erabaki ezazue zeintzuk diren bizienak, arinenak edo pisutsuenak, sendoenak eta abar. Oteizak figura geometriko askorekin esperimentuak egin zituen bere eskulturak egin aurretik. Zergatik uste duzue kubo batek Oteiza erakarri zuela, figura gisa arakatzera iristeraino? Urratsez urrats deskribatu, zuen ustez, eskultura hau sortzeko prozesua.
Oteizak solidoa hutsarekin nola erlazionatzen den aztertu zuen. Nola definituko zenukete hutsa? Nola txertatu zuen Oteizak hutsa bere eskulturetan?
Ikus ezazue eskultura barruko espazioa. Espazio hori leku bat izango balitz, zein izango litzateke bere funtzioa? Nolakoa izango litzateke leku horretako argia? Pentsa ezazue eskultura barruan sartzeko aukera duzuela. Zer sentituko zenukete? Zergatik?