con verticales

Bertikalekin (With Verticals), 1946

Bertikalekin (With Verticals), 1946
Kotoi gorria liho gainean
154,9 x 118,1 cm
The Josef and Anni Albers Foundation, Bethany, Connecticut

"Nire sinesmen, sentimendu eta ideiak artearen norabidean dagoen beste esparru batera eramaten saiatu nintzen, ehun piktorikoetara. Hor, nik daukat formaren, marraren, kolorearen, proportzioen eta azaleren ardura.” Anni Albers, 1965 [1]

Anni Albers (Berlin, 1899–Orange, Connecticut, 1994) 1922. urtean matrikulatu zen Bauhausean. Eskola iraultzaile hartan, arte-, artisautza-, arkitektura- edo industria-praktikak modu transbertsalean jorratzen ziren, industriara, artisautzara edo artera eraman zitezkeen formen diseinu edo ekoizpenaren bitartez. Eskolako ehun-tailerrean, Gunta Stölzl margolari eta ehuleak arte modernoko kontzeptuak ehunen esparruan nola aplikatu irakatsi zion Albersi, eta baita ohikoak ez ziren materialekin esperimentatzen ere, hari metalikoak edo zelofana kasu. Ikaskuntza horiek bultzatuta, ehun berritzaileak garatzeari ekin zion Albersek, etxeko esparruan aldi berean arkitekturari, dekorazioari eta arteari dagozkion funtzioak beteko zituzten oihalak, hain zuzen.[2] Bauhaus eskolako urteetan zehar eskuzko ehundegien tekniken inguruan egindako ikerketari esker, Albers eragin handiko pertsonaia bilakatu zen ikasle eta irakasleen artean.

1930eko hamarkadaren hasieran, nazionalsozialismoak Alemanian izandako gorakadaren ondorioz, eskolaren etorkizunarekiko kezka agertu zuten Bauhaus korronteko artista eta irakasleek. 1933an, nazien alderdiak itxi egin zuen eskola. Anni eta Josef senar-emazteek Philip Johnson arkitektoaren gonbita onartu eta Black Mountain College eskolako irakasle izatera pasa ziren; Ipar Carolinan dagoen eskola libre eta esperimental berria zen hura. Beren presentzia funtsezkoa izan zen eskola herrialdeko aurreratuenetakoen artean onartzeko. Black Mountain zentroko eskola eta tailerretan, ikuskera esperimental eta indibidualizatu baten bitartez irakatsi zuen Albersek, ezagutzak lortzeko esperientzia sentsorialak eta ohikoak ez diren materialen esperimentazioa oinarritzat hartuta. Gainera, ehun-patroiak irakurri eta idazten ikasi zuten ikasleek; korapiloak egiten; irazkia eta bilbea kalkulatzen; ehungailua janzten; koloreen arteko harremanak aztertzen; eta, azkenik, ehuntzen.

Ipar Carolinan igarotako urteetan, Anni eta Josef Albersek zenbait bidaia egin zituzten Mexiko eta Hego Amerikara. Bertan, merkatu indigenak bisitatu zituen Alberek; bere diseinuetako batzuk inspiratu, eta bere lanean eragina izan zuten ehun eta objektuak eskuratu zituen horietan. Gainera, ehunak lantzeko teknika autoktonoen inguruko ezagutza jaso zituen tokiko emakumeengandik. Albersen ustetan, landa-eremu horietan egiten den eskuzko lana oso sofistikatua da formari dagokionean, eta duen eragin ekonomikoa funtsezkoa da komunitateentzako. Hala ere, ehungailu industrialen bitartez egindako ekoizpen mekanikoak gizarte moderno baten beharrak hobeto asetzen dituela uste zuen artistak. Behin Black Mountain College eskolara itzulita, eta bere bidaiak inspiraziotzat hartuta, pintura-oihal ugari eta formatu handiko zenbait obra gauzatu zituen Albersek 1936 eta 1946 urteen artean, Monte Albán (1936), Eskritura zaharra (1936) eta Bertikalekin (1946) lanak kasu.

Bertikalekin (1946) bere bidaien ondoren egindako formatu handiko azken lana da. Lan horretan kolore-sorta bero eta mugatua erabili zuen; zuntz gorri eta urre-kolorekoak aukeratu zituen ehunaren bilbea osatzeko, eta zuntz beltzak irazki bertikal eta etenerako. Lerro perpendikularren eta paraleloen arteko interakzioak, bilbearen eta irazkiaren manipulazioari esker sortuak, "orkestrazioa" (artistak esatea gustuko zuen gisa) edo harien planifikazio xehatua erakusten du. Bertikalekin (1946) bere ehun piktoriko garrantzitsuenen artean dago. Termino horrekin, pinturan koadroak duen estatus berbera eman zion ehungintza lanari: estetikoa baino ez den esanahi eta intentzioa duen objektu bat, erabilerarako helbururik izango ez duena.[3]

Black Mountain College eskolan, irakasle, ikasle eta artista gonbidatuek campuseko komunitate-bizitzan parte hartzen zuten, ingurune erlaxatu batean; horri esker, elkarlan eta artelan kolektiboak sortu ziren. Bertan ezagutu zuten elkar Anni Albersek eta Alex Reed-ek, bigarrena ikasle zela; Oaxacara (Mexiko) batera egindako bidai baten ondoren ekin zioten elkarlanari. Bertan deskubritu zituzten Monte Albaneko kolonaurreko bitxiak, harribitxi, karei eta arroka- eta urre-kristalak bezalako material desberdinen konbinaziotik sortuak. Ikusitakoa inspirazio hartuta, bitxi-bilduma bat sortu zuten Reed eta Albersek burdindegi-artikuluak erabilita: paperezko klipak, urkilak, zirrindolak, azkoinak edo hustubideetako iragazkiak, besteak beste. Etxean erabiltzen diren objektu horiekin, apaingarriaren balioa birdefinitzen duen bitxi-bilduma ekoitzi zuten artistek, luxuaren nozio konbentzionalaren kontra.

Preguntas

Behatu arretaz Anni Albersen Bertikalekin (1946) lana. Har ezazue tarte bat xehetasun guztiei erreparatzeko. Zer hautematen duzue? Ereduren bat bereiz dezakezue? Deskribatu Albersek lan honetan kolorea nola erabili duen. Sentimendu edo sentsazio konkreturen bat sorrarazten dizue?

Albersek Latinoamerikan zenbait hilabete pasa ondoren gauzatu zuen lan hau. Obra hau paisaia batean inspiratua balego, nola imajinatzen duzue paisaia hori? Izan zareten leku jakinen bat ekartzen dizue gogora?

Bertikalekin (1946) artistak “ehun piktoriko” deitu zituen lehen lanetako bat. Zergatik uste duzue jarri ziela izen hori? Ehunek pintura baten edo eskultura baten balio artistiko berbera izan dezaketela uste duzue? Arrazoitu zuen erantzuna.

Behatu orain Reed eta Albersek egindako bitxiak. Obra egiteko erabilitako objekturen batzuk ezagutzen dituzue? Non aurki daitezke artikulu horiek? Zein uste duzue izan zela publikoaren erantzuna teknika horiekin egindako lepokoak ikusterakoan?

Albers eta Reed-ek “luxuaren aurkako bitxiak” izena jarri zieten bilduma honetako lanei. Zergatik uste duzue jarri zietela izen hori? Zuen ustez, zer lotura dago pieza baten balioaren eta hura egiteko baliatutako materialaren artean? Jantziko zenukete obra hauetako bateren bat?

Albersen ehunetako asko modu industrialean burutzen dira. Uste duzue garrantzitsua dela artelanak bakarrak izatea edo eskuz eginda egotea? Zergatik? Uste duzue funtzio erabilgarriak balio artistikoa ken diezaiokeela piezari? Arrazoitu zuen erantzuna.