self portrait schiele 273x342

Autorretratua beheko betazala tenkatuta, 1910

Autorretratua beheko betazala tenkatuta, 1910
Klariona, urmargoa eta kolore opakuak
44,3 x 30,5 cm
Albertina, Viena

Idatziz jasota gera dadila nahi dut [...] ikertu, asmatu, aurkitu nahi dut, helmenean ditudan baliabide guztiekin, su hartzear eta erretzear daudenak [...] eta gure munduaren betierekotasun ilunenak argitu [...] Horregatik, etengabe sortzen ditut artelan berriak eta, itxuran, amaigabeak, nire barnetik ateratzen direnak [...] Horren aberatsa naiz, ezen nire burua oparitu behar baitut.

—Egon Schiele (1)

Egon Schieleren (Tulln, Austria, 1890–Viena, 1918) paper gaineko lanetan giza irudia gailentzen da. Ezohiko ikuspegitik egin zituen autorretratu eta emakumeen biluzi hauek; artea irauli zuten, batez ere, emakumeen biluziek, erotikotasuna pornografiaren edota karikaturaren eremutik atera eta arte jaso bihurtu baitzuten. Garai horretan ez zen ohikoa autorretratuetan halako interesik edukitzea; artistak beraren nortasunaren eta bizitzaren ardura zeukala aditzera ematen digute horrelako lanek. Espresionismo berezia jorratu zuen Schielek, ezaguterraza; baina, hala ere, Vienako Sezesioaren (1879–1939) baliabideak erabili zituen, hala nola, “gainazal lauen eta lerro edergarri arinen erabilera dekoratiboa” (2).

Etxean ez zuten asko sustatu Schieleren arterako trebetasuna, aita moduan treneko langile izatea espero baitzuten. Dena den, Schielek Gustav Klimt (1862–1918) pintorearen babesa bilatu zuen; Schiele baino 28 urte zaharragoa zen, eta, neurri batean, gidariarena egin zuen bai artegintzan bai bizitzan. Biek modu bertsuan landu zuten erretratugintza: konposizioa antzekoa da, izan ere, formatu luzanga, lerro arinak eta edergarriak baliatu zituzten, are antzeko arropak irudikatu. Nolanahi ere, Klimtek kolorea erabiltzen zuen pertsonaien arropak apaintzeko; Schielek, berriz, pertsonaien barnea, haien aldartea, aditzera emateko. Schieleren lanetan bihurritutako gorputzak, jarrera asimetrikoak eta ingerada gorabeheratsuak maiz agertzen dira, eta adierazten dute egituran eta lerroan interesa zuela. Klimtek, sarri, edertasuna goratzen zuen haren lanetan; Schielek, ordea, itsustasuna, sexualitate esplizitua eta eritasuna nabarmentzen zituen nahita.

Haiseratik, Schielek autorretratuekiko jakin-mina zuen. 1906an Vienako Arte Ederren Akademiara sartu baino lehen, hamar autorretratu egin zituen. Autorretratu asko sinbolikotzat jo dituzte, fraide eta eremita gisa irudikatzen baitzuen bere burua, eta, 1914tik aurrera, martir saindu baten moduan (3). Autorretratua beheko betazala tenkatuta (1910) lana Klimten eraginaren adibide da, baita haren estilotik aldendu zelako erakusgai ere. Klimten lana gogora ekartzen dizkigute arropako kolore biziek, distiratsuek, apaingarri gisa erabilitakoek, baina, jarrerak, ordea, Klimten bestelako gorputz-lengoaia bat aditzera ematen du. Konposizioaren asimetria hausten dute okertutako buruak eta irudia paperaren eskuinetara egoteak; Schieleren keinuek pentsamenduen eta sentimenduen pisua iradokitzen dute. Beste autorretratu batzuetan aditzera eman zuen heriotzak, amodioak, sexuak eta artista bilakatzeko prozesuak kezkatzen zutela.

1. Egon Schiele, honetan aipatua: Egon Schiele: The Leopold Collection, Vienna, erak. kat., DuMont, Kolonia; Museum of Modern Art, New York, 1998, 32 or.

2. “Egon Schiele, 2005ko abenduak 7–2006ko martxoak 19”, Albertina, Viena.

3. Egon Schiele, 23 or.

Preguntas

Guztion artean begiratu Egon Schieleren Autorretratua beheko betazala tenkatuta (1910) lanari. Galdetu ikasleei: zer da deigarria erretratu horretan? Nola deskribatuko lituzkete koloreak eta apaingarriak? Eta arropak?

Aurpegiko imintzioan eta gorputz adierazpenean arreta jar dezatela eska iezaiezu. Ikasle batek erretratuko jarrera imita dezake, eroso, larrituta ala erlaxatuta dago? Nola sentitzen da, haien ustez, erretratatutako gizona?

Gustav Klimt Schieleren mentorea zen. Eskatu ikasleei Klimten erretratuen irudiak bilatzeko eta lan honekin erkatzeko. Zer antzekotasun eta zer alde daude?

Nola baliatzen zen Schiele lerroaz? Erretratuko lerro nagusiak marrazten saia daitezke (are airean, alegiazko pintzelez). Nola deskribatuko lituzkete lerro horiek? Koloreztatutako eremuen eta lerroen arteko aldeak eztabaidatu denon artean.

Azaldu ikasleei artelana autorretratu bat dela. Beste lan mota bat zelakoan zeuden? Askok esan dute artegarria dela beheko betazala horrela tenkatuta egoteak, ez dela oso keinu harmoniatsua. Zer pentsatzen dute ikasleek? Artistak zerbait esan ahalko balu, zer esango luke, haien iritziz?

Galdetu nola irudikatuko luketen euren burua: zer kolore eta zer lerro mota erabiliko luketen, nola paratuko liratekeen, zer adieraziko luketen aurpegiko imintzioaz eta abar.