Marine Hugonnier: Landa-txostenak
2023.10.24 - 2024.02.11
Guggenheim Bilbao Museoko Film & Video aretoaren programazioak mugimendudun irudiarekin lotutako praktika artistiko garaikidea du ardatz.
Marine Hugonnierrek (Paris, 1969), filmetan oinarrituta egiten dituen lanen bidez, ideologiek, desioek eta diskurtsoek artearen errepresentazio-moduekin nola elkar hartzen duten aztertzen du. Bere praktika begiradaren politikei buruzko ikerketa bat da, eta egungo aro kapitalista modernoan boterearen atzean ezkutatzen diren mekanismoak agerian uztea du helburu, izan ere, bizi dugun garai honetan azelerazio ekonomikoak eta irudien erreprodukzio-teknologiek bat eginda eboluzionatu dute, eta joera kolonialista eta patriarkal nabarmenak mantendu dituzte.
Antropologia-ikasketak eginak izanik, Hugonnierrek dokumentaletik eta fikziotik datozen estrategiak erabiltzen ditu bere obran. Erakusketa honen elementu nagusia Meadow Report (Larre-txostena, 2021) filma da: Givernyko lorategi ezagunaren irudikapen bat; hain zuzen ere, bertan sortu zuen Claude Monet margolari inpresionistak bere Igebelar ospetsuak margotzeko erabili zuen ingurune artifiziala —bere bizitzako azken hamarkadetan egin zituen lan haiek, kataraten erruz ikusmena galtzen zihoala—. Gizakiarenarekin identifikatu ezin den perspektiba baten bila, Hugonnierrek urmaelaren erdian kokatzen du kamera lorategia bera, igebelar edo nenufarren hostoen profilak eta Moneten zubi berde ikonikoa ilunabarrean behatzeko. Une erabakigarri batean, lentea kentzen dio kamerari pelikula analogikoa ingurunearekin zuzenean kontaktuan jartzeko. Modu horretan lortutako irudi abstraktuak argi distiratsuak eta udako gau lasaian dauden izakien mugimenduak islatzen ditu. Piezaren izenburuak ekintza hori egungo ingurumen-krisiaren argitan aztertzera gonbidatzen gaitu, klima-aldaketari buruz argitaratu zen lehen dokumentuetako bati erreferentzia egiten baitio (“Meadows txostena”, 1972). Txosten hark, hain zuzen ere, Lurraren baliabideen etengabeko eta mugarik gabeko ustiapenaren ondorio kaltegarriak iragarri zituen.
Erakusketa honen atarian dagoen eskala handiko Biharrerantz (Towards Tomorrow, 2001) argazkiak Hugonnierrek Alaskan hartutako irudi bat eskaintzen du, Bering itsasartearen alde estatubatuarretik aterea artista nazioarteko egun-aldaketa lerroaz haraindi Siberiara (Errusia) begira zegoela. Bi lekuen arteko distantzia 65 kilometrokoa baino ez bada ere, Siberiako ordu- eremua Alaskakoa baino 24 ordu aurrerago dago ezarrita. Hala, argazki oro iraganaren erregistro bat izan arren, honako honek etorkizunaren ikuspegia ere jasotzen du. Piezaren aurrean Desira ez da gauza handirik, baina hala ere... (Desire Is Not Much but Nonetheless..., 2015) dago: Parisko Louvre Museoaren Hermafrodita lotan erromatar eskultura klasikoaren estudio bat. Hermafrodita greziar mitologiako pertsonaia bat da, Afrodita eta Hermesengandik jaioa. Hugonnierren filmak haren gorputza aurkezten du, kamerak marmolezko eskulturaren biribilguneak erakusten dituen heinean. Obran eskulturaren oinak eta ezpainak baliabide digitalen bidez animatuta daude, eta film zuri-beltzaren loop jarraitua koloretako hainbat sekuentzia laburrek eteten dute. Berriro ere erregistro filmikoaren ustezko “errealismoa” zalantzan jarriz, Hugonnierren filma desioa irudikatzen saiatzen da konbentzio binarioak gainditzen dituen gorputz batean, eta genero-aurreiritzirik gabeko begirada izateko aukeraz modu kritikoan gogoetatzera gonbidatzen ditu ikusleak.
Marine Hugonnier Parisen jaio zen, eta gaur egun Londresen bizi da. Haren obra nazioartean ikusgai izan da, eta banakako aurkezpenak ere egin ditu honako hauek bezalako erakundeetan: Parisko Jeu de Paume, Florentziako Villa Romana, Kunstverein Brauschweig, Berlingo Die Tankstelle, Konsthall Malmö eta Veneziako 52. Bienala. Hugonnierrek doktoretza bat ere badu, eta Mugimendudun irudia eta fikziozko forma irakasten ditu Alemaniako Karlsruheko Arte eta Diseinuko Unibertsitatean.
Aretoa: 103
Komisarioa: Manuel Cirauqui
Marine Hugonnier
Meadow Report, 2021
35mm-ko filma, kolorea, soinua
Artistaren eskaintza
© Marine Hugonnier