Maria Helena Vieira da Silva. Espazioaren anatomia
2025.10.17 - 2026.02.22
Maria Helena Vieira da Silva (Lisboa, 1908–Paris, 1992) artistaren lanak askotariko estiloak eta eraginak biltzen ditu, azuleju hispaniar-arabiarren berezko dekorazio-geometriatik hasi eta Pierre Bonnarden pinturetan agertzen diren dama-tauladun mahai-zapietaraino. Hori dela-eta, Vieira da Silvaren obrari buruzko azterketek artistak mugimendu eta estilo ugarirekiko zuen zorra nabarmendu izan dute, haren lengoaia artistiko bereziaren garapena azpimarratu beharrean. Artistak sortzen zituen espazio arkitektonikoek abstrakzioaren eta figurazioaren arteko harremana islatzen dute, benetako eta irudimenezko hiri-paisaien arteko muga lausotu egiten baita horietan. Gai hori ez du asko jorratu kritikak, eta erakusketa horixe nabarmentzen ahaleginduko da, hain zuzen ere.
Erakusketak arretaz begiratuko dio Vieira da Silvak 1930eko eta 1980ko hamarkaden artean egindako lanari, eta lan horrek hiri-paisaia arkitektonikoekin duen erlazioa zein memoriak eta jolasak artistaren obran betetzen duten papera aztertuko ditu, beraz, Portugalgo kultura bisualari eta abangoardien mugimenduei (kubismoa eta futurismoa) buruzko erreferentzia formaletatik haratago joango da. Ebaluazio hori egiteko, ezinbestekoa da informalismoak berezkoa duen keinuaren estetikatik independentetzat jotzea Vieira da Silvaren obra —askotan harekin lotu izan baita—, baita artistak Parisen izandako esperientzia aintzat hartzea ere, argiaren hiria Bigarren Mundu Gerraren osteko nazioz gaindiko erakarpen-gune gisa ulertuta. Erakusketan, halaber, artistak Rio de Janeiron egindako egonaldian sortu zituen sareak aztertuko dira (gerra piztu ondoren bertara egin zuen ihes Árpád Szenès senarrarekin batera). Erakusketa sortzailearen lanean forma abstraktuak eta ilusio optikoak etengabeko garapen-prozesuan zirela erakusten duten funtsezko margolan-sorta batean oinarrituko da.
Aretoa: 105
Komisarioa: Flavia Frigeri
Egoitzak: Peggy Guggenheim Collection, Venezia; Guggenheim Bilbao Museoa
Maria Helena Vieira da Silva (1908 – 1992)
Balleteko figura (Figure de ballet), 1948
Olio-pintura eta grafitoa mihise gainean, 27 × 46 cm
Eskaintza: Galerie Jeanne Bucher Jaeger, Paris - Lisboa
Inb. zk.: CR587