Artes de la Tierra
Laster ikusgai

Lurraren arteak

2025.12.05 - 2026.05.03

Guggenheim Bilbao Museoaren Ingurumen Iraunkortasunerako alor estrategikoan errotuta dago Lurraren arteak erakusketa, eta azken hamarkadetan ingurumenera bideratutako artearen berrirakurketa bat proposatzen du. Forma artistikoei buruzko kartografia berri bat —askotarikoa eta diziplina anitzekoa— eskaintzeaz gain, tresnen, aukeren eta etorkizunen inbentarioa eskaintzea ere badu xede erakusketak. Lurraren arteak erakusketak gure planetaren osasunarekiko kezka jorratzen du, eta, bereziki, lurraren biziraupenarekiko kezka, elementu bizia, plastikoa eta matrizea den aldetik, geografia guztiak zeharkatzen dituzten adierazpen artistikoen gaineko ibilbidearen ardatz egituratzaile gisa. Trazadura horretan, lurrez, egurrez, hostoz, sustraiz eta landarez —hau da, gaur egun indar berria hartu duten antzinako baliabidez— egindako artefaktuak eta duela hamarkada batzuetatik hona Land Art edo Earthworks bezala ezagutu izan diren lurreko esku-hartzeak lotzen dira. Azken horiek antimonumentu biziak dira, urruneko lekuetan eginak, batzuetan iragankorrak izaten direnak; gaur egun, Antropozenoaren profezia gisa irakurtzen ditugun haien aztarnak.

Azken belaunaldietan zehar, oso kultura desberdinetako artistek zera galdetu izan diote euren buruari, ea nola landu daitekeen lurra zaintza eta indarberritzea inoizko gehien behar dituen honetan; nola balioetsi eta itzul ditzakegun egiten dizkigun opariak; nola ikas dezakegun eskaintzen digun hartatik, aberastasun biologiko, mineral, organiko eta kimikoa kentzen ari zaizkiola ematen duenean. Lurzoruak daukan eraikuntza-potentzialak eta hura osatzen duten substantziek eskulturaren, arkitekturaren edo paisajismoaren formulazio klasikoetatik haratago eramaten gaituzte. Azken urteetan, artista askok substratuaren dinamikekin esperimentatu dute, konposizio eta konpostatze prozesuak uztartu dituzte, lerroak marraztuz eta kulturaren eta nekazaritzaren sustrai komunak azaleratuz: forma, formazioa eta terraformazioa. Lurraren arteak erakusketak, beraz, 1970etik gaur egunera bitarteko lan historikoak biltzen ditu, eta eskultura, instalazioa, marrazkia eta perfomancea bezalako baliabideak jorratzen ditu, baita artxiboko materialen aukeraketa zabal bat ere. Lankidetzaren bidez ezagutza-modu anitzak bateratu ohi dituzten praktikak txertatzeak agerian uzten du agronomia, botanika, geologia, kimika eta biologia arteekin, arkitekturarekin eta diseinuarekin nola uztartzen diren.


Aretoak: 201, 202, 203, 205, 206, 207, 209
Komisarioa: Manuel Cirauqui


Giuseppe Penone
Azazkala eta ereinotz-hostoak (Unghia e foglie di alloro), 1989
Beira eta ereinotz-hostoak
Eskaintza: artista eta Marian Goodman Gallery
Argazkia: Alex Yudzon