Gonbidatuak | Ken Jacobs | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Ken Jacobs: Gonbidatuak

2017.07.27 - 2017.11.12

Ken Jacobs (New York, 1933) funtsezko artista da gerraondoko zinema esperimentalean. 1966an, NY Film-Makers’ Cooperative bezalako kolektibo ospetsuetako parte izan ondoren, Amerikako Estatu Batuetako lehen zinematografia-estudio irekietako bat fundatu zuen emaztearekin batera: The Millennium Film Workshop. Behatzearen ekintza bera eta ikusleak irudiarekin duen harremanak motibatuta beti, Jacobsek Tom, Tom the Piper’s Son filma produzitu zuen 1969an, 1905ean filmaturiko hamar minutuko film labur batetik ateratako bi orduko filma. 1969ko udazkenean, Larry Gottheim zuzendariarekin batera, abangoardiako praktiketan ardaztutako Zinema Departamendua sortu zuen State University of New York-eko  Binghamton unibertsitatean; bertan irakasle jardun zen 30 urte baina gehiago. Behin Tom, Tom filmeko pantaila lauaren lilura gaindituta, irudimenezko sakontasunarekiko interesa sartu zuen Jacobsek bere obretan. 1970eko hamarkadaren erdialdean, "eternalismoa" garatzen hasi zen. 16 milimetrotako bi stop motion proiektorez osatutako konfigurazioaz baliatuta, hiru dimentsiotako ilusio aktiboak sortu zituen; horretarako, hainbat minututan zehar pantailan mantentzen zituen estuki lotutako fotogramen alboratze azkarra baliatzen zuen. 2000. urtean, The Nervous System (Sistema artega) alde batera utzi eta The Nervous Magic Lantern (Esku-argi magiko artega) proiekzio-gailua erabiltzen hasi zen; hala, filma erabiltzeari utzi eta ekoizpen digitalari ekin zion.

Jacobsen sorkuntza berrienen artean dago Gonbidatuak (The Guests, 2013), eta kritikaren iritziz zinemagile estatubatuarraren maisulanetako bat da. Lanak Lumière anaien lehen filmetako bat du inspirazio iturri; horretan, ezkontza bateko gonbidatuak agertzen dira XIX. mende amaierako Pariseko eliza batean sartzen. Jacobsesk modu drastikoan geldotzen du fotograma indibidualen segida, eta pantailan agertzen den irudia bikoiztu egiten du fotograma bakarreko desberdintasunarekin, aldian-aldian txandakatuz lehen fotograma ikusten duen begia. Filma hiru dimentsioko betaurrekoekin ikusten denean, gonbidatuak ezker-eskuin pasa ahala, konbinazioek ikuslearen buruan hiru dimentsioko irudiak sortzen dituzte, aldi berean errealak eta erabat irrealak suertatzen direnak. Ikusleak aldaketak prozesatu ahala, toki historiko eta helezin batean ematen den ekintzaren erritmo geldotuak goratu egiten du Lumière anaien jatorrizko filmazioa, eta dokumentala gainditzen duen plano batean kokatzen du: irudiaren misterio aztoratzailearen esperientzia zuzen bilakatzen da.


 

Ken Jacobs
Gonbidatuak (The Guests), 2013 (fotograma)
Koloretako 3D filma
74 min
Artistaren eskaintza

Partekatu