Juan Muñoz: atzera begirakoa
2008.05.27 - 2008.10.05
Juan Muñozen lanak nazioarteko eskultura garaikidean izandako berrikuntzaren adibide bikaina dira. Haren estrategia estetikoak desegin egiten zituen ikuslearen eta sortzailearen arteko muga zorrotza eta eskulturaren eta instalazioaren, baita hurbileko beste adierazpide batzuen, artekoa. Horrela aberastu zituen bere proposamenen narratibotasuna.
Erakusketa hau artista horri nazioartean egindako atzera begirako handiena izan zen. Lan-sorta zabala egon zen ikusgai: hasierako lanak, pertsonaiarik ez baina gizakiaren presentzia nabari zaizkionak, eta azkenetako Solasaldi eszena (Conversation piece), bakardadea agerian uzten duten lanen adibide bat, besteak beste; tarteko lanak ere izan ziren, jakina. Guztiek gonbidatu zuten ikuslea eskulturekin harremanetan jartzera, norberaren baitaratze eta introspekzio sentsazioa sorrarazi arren.
Madrilen, 1984an, pareta baten kontra jarritako eta goialdean balkoi bat zuen eskailera kiribil txikia aurkeztu zuen Juan Muñozek (Madril, 1953 – Eivissa, 2001) bakarka egindako bere aurrenetako erakusketetako batean. Lan horri buruz hauxe esan zuen artistak: "oroitzen naiz hura izan zela halako nortasun sentsazioa eragin zidan lehena". Bere ibilbide artistikoan arkitektura-elementu hori maiz erabili zuen, eta hogei urteren buruan, iraulitako eskailera kiribil txiki batek hasiera eman zion Muñozi nazioartean eskainitako atzera begirako honi.
80 artelan baino gehiago aurkeztu ziren, ordura arte erakusgarri egon ez ziren lanak barne: eskulturak, instalazioak, marrazkiak, irratiko lanak eta idatziak. Hogei bat urtetan, Juan Muñozek bere hizkuntza berezia landu eta narratibotasun handiko corpusa sortu zuen, mendebaldeko kulturaren historiatik jasotako erreferentzia ugari biltzen zituena. Haren lan guztiek gonbidatzen dute ikuslea eurekin erlazionatzera, baina bakardade eta introspekzio sentsazio nabarmena sorrarazten dute. Ikusten dena ez da itxuraz ematen duena: balkoi hutsetatik begiradak hartzen duen espazioetan gertatzen dena antzeman daiteke; helmugarik ez duten eskudelek mina eta egonezina ere eragiten dute indarkeriarekin lotutako elementuak barne hartzean —labanak, adibidez—; Barrokoaren oihartzunak zoru optikoetan geratzen dira agerian: Borrominiren arkitekturarekin jolasten du Erromako Palazzo Spada gisako eraikin adierazgarrietan, eta espazio horietatik dabilen pertsonaia kokatu eta eszenaratu zuen, bertan ekin dezan; airean esekitako irudiek Edgar Degasen trapezista gogora ekartzen digute; pertsonaia taldeek, berriz, Luigi Pirandelloren Maschere nude ("maskara biluziak") antzerkiaren moduan, elkarri begiratzen diete.
Ahots mutu horiek guztiak soinuak ahoskatzen saiatzen dira, eta, horrenbestez, zurrumurru gorra sortu zuten erakusketan barrena. Tate Modern-ek eta Guggenheim Bilbao Museoak elkarlanean antolatu zuten eta Bilboko aurkezpenean artistaren tamaina handiko obra ezagunak egon ziren, adibidez, Solasaldi eszena (Conversation Piece, 1994), Hamahiru bata besteari barre egiten (Thirteen Laughing at Each Other, 2001) eta Errailetik irtetea (Derailment, 2000–01).
Erakusketaren diseinua Gehryren espazio arkitektoniko bereziekin elkartzeko propio egin zen, eta horregatik izan zen, hain zuzen ere, erakusketa hain berezia; areto bakoitza istorio etengabe baten atal bati zegokion eta istorioan bertan gure asalduren isla antzeman genezakeen barne-hausnarketan dabiltzan irudiei begiratzean.
Juan Muñoz
Askotan (Many Times), 1999
Poliesterra eta erretxina
Neurri aldakorrak
Bilduma pribatua
© The Estate of Juan Muñoz. Bilbao 2008
Argazkia: Jean Luc Lacroix