Jenny Holzer. Zera deskribaezina
2019.03.22 - 2019.09.09
Berrogei urteko ibilbidean, Jenny Holzer artista estatubatuarrak leku publikoetan nahiz nazioarteko erakusketetan aurkeztu ditu bere ideia, argudio eta nahigabe garratzak; hala nola, Veneziako Bienalean, New Yorkeko Guggenheim Museum-en eta Louvre Abu Dhabi-n. Testua du adierazpide, kamiseta batean, xafla batean nahiz errotulu elektroniko batean idatzita egon. Artistaren arte-ekoizpenak ezjakintasunari eta biolentziari egin die aurre umorea, adeitasuna eta ausardia baliatuta: 1970eko hamarkadan hasi zen New Yorken poster-sail bat ipintzen, eta paisaiaren eta arkitekturaren gaineko argi-proiekzioak egiteraino jarraitu du lanean.
2019ko martxoak 22tik irailak 9ra, Guggenheim Bilbao Museoak Jenny Holzerri eskainitako erakusketa aurkeztuko du; orain arte egindako zabalena da, eta Petra Joos aritu da komisario lanetan, artistarekin lankidetzan. ErakusketakFrank Gehryren arkitektura goraipatuko du artistak beren-beregi espazio horietarako moldatutako instalazioekin. Bertan izango diren lanen artean, honakoak daude: Truismo (Truisms) eta Saiakera supiztaileak (Inflammatory Essays) delako posterrak, testua bost hizkuntzatan hartuko dutenak; brontze urtuzko plakak, eta metalezko seinale esmaltatuak, Jenny Holzerrek kaleko artean izandako hastapenei erreferentzia egiten dietenak; horiekin batera, harrizko banku eta sarkofagoak inskripzio zizelkatuekin ere hartuko ditu erakusketak. Artistaren artxibategiko marrazki, objektu eta oroitzapenek osatuko dituzte lan goiztiar horiek.
Publikoki plazaratu diren AEBetako gobernu-dokumentuen gaineko olio-pintura eta akuarelek azaltzen dute Holzerren erantzuna, I-11ko gertakarien ostean bertako gobernuak informazioa idatzi eta zabaltzeko moduaren aurrean. Erakusketarako berariaz sortutako muntaia robotizatu berriak ere izango dira aretoetan: errotulu elektronikoek testua alde batetik bestera igaroko dute, baita erakusketa gunean dauden giza hezurrak argiztatu ere, batzuetan.
Halaber, Holzerren praktikan eragina izan duten artisten paperezko nahiz eskulturazko lanen hautaketa bat ere hartuko du erakusketak; besteak beste, Rosa Bonheur, Paul Klee, Louise Bourgeois, Paul Thek, Charles Burchfield, Kiki Smith, Lee Lozano eta Nancy Spero artisten obrak.
Komisarioa: Petra Joos, artistarekin elkarlanean
Jenny Holzer
Memorial Bench II: Eye cut by flying glass… (Banku oroigarria II: Kristal hegalariak egindako ebakia begian...), 1996 (xehetasuna)
Indiana Buff kareharrizko bankua
44,1 x 182,9 x 61 cm
Testua: Erlauf, 1995
Artistaren eskaintza
© 2019 Jenny Holzer, member Artists Rights Society (ARS), NY / VEGAP
Argazkia: Erik Sumption