Lotura | Mariko Mori | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Instalazioak II: Bideoa Guggenheim Bildumetan

2009.03.03 - 2010.01.17

Instalazioak: Guggenheim Bildumetako aukeraketak izeneko 2008ko erakusketaren ildotik, aurkezpen honek egungo artistek bideoa nola erabili duten ikertu zuen: murgiltzeko eta deskubritzeko diren espazioak sortu zituzten baliabide horrekin. Aurreko mendeko 1960ko hamarkadaren amaieran artistek bideoa erabiltzen hasi zirenetik, garrantzizko zeregina bete du baliabide horrek artearen arloan, izatearen eta gizartearen inguruko gaiak aztertzeko. Izan ere, aparteko baliabidea da espazio eta denbora errealak jasotzeko eta azken hamarkadatan, aurrerapen teknologikoei esker, gero eta baliabide sofistikatuagoa, gainera.

Gaur egun, artistek instalazio konplexu eta oparoetan erabiltzen dute bideoa, ikusleak museoetako paretetatik at dauden unibertsoetara eramateko, eguneroko inguruneko berrorientazio prozesu sotil batean. Halako obrak zinemaren munduko konbentzioez baliatu ohi dira eta egitura narratiboak edo zinema aretoen moduko soinua eta proiekzioak erabili ohi dituzte. Gainera, konbentzio horiek ezarritako mugak gainditu dituzte artistek eta, adibidez, pantaila ugari erabiltzen dituzte espazio berean. Bestalde, artista askok bideo multikanalak ahalbidetzen duen arakatze lan bisuala joritu dute: instalazioei atrezzoko objektu eskulturalak edo berariaz ekoituztako altzariak gehitu dizkiete eta hala, ikusleentzat aparteko giroak sortu.


Erakusketako zazpi obrak aurreko bost urteetan eskuratu zituen Guggenheim Bildumak;  horrek erakusten du arte garaikidean funtsezko adierazpidea dela bideoa eta hura bultzatzeko etengabeko konpromisoa duela museoak. Instalazio horiek hainbat gai eta estilo jorratu zituzten, orduan bideoarekin lan egiten zuten artistek erabili ohi zituztenak. Zidane: XXI. mendeko erretratua (Zidane, a 21st century portrait, 2006) obran, Douglas Gordonek eta Philippe Parrenok Zinedine Zidane futbolariaren erretratu zinematografikoa egin zuten, denbora errealean eta partidu bakar batean filmatuta. Elkarren ondoan ipinitako bi pantailatan, eta soinu-banda zirraragarri bat entzuten den bitartean, Zidanek kiroletako izar baten heroi mitoaren atzetik dagoen lana aurkezten digu. Doppelgänger trilogia (The Doppelganger Trilogy, 2001–04), Slater Bradleyrena, herri kulturaren ikonoetan ere oinarritzen da: desioaren eta oroimenaren ikuspegi urrunetik Kurt Cobain, Ian Curtis eta Michael Jackson musikarien presentzia fantasmalarekin jolas egiten du. Bradleyk zoritxarrean eroritako heroi horien —lehenengo biak suizidatu egin ziren eta Jacksonek hondatu zuen lehenagoko ospea— emanaldiak birsortu zituen jarraitzaileen zaletasun porrokatuaren erotika eta uzkeriaren erakargarritasuna aditzera emateko, masa-komunikabideetara bideratutako gure kulturaren inkontziente kolektiboan murgilduz.

Ryan Trecartinen film luzeko iraupeneko bideoak, Ni area-izan (I-Be Area, 2007), egungo kulturan ikono mediatikoek betetzen duten zereginari buruzko oso bestelako ikuspegia eskaini zigun; interneten jartzen du arreta, identitate berriak eta komunitateak birtualki eratu ahal izaten diren ingurunean, non pertsona normalenak ere erakar dezakeen arreta publikoa. "Zuk zeuk egin" estetika berezi baten eta ziztu bizian editatutako eta jergaz betetako elkarrizketa baten bitartez, Trecartinek errealitate alternatibo batera eraman zituen ikusleak, non izaki zibernetikoak ero bihurtzen diren eta fikzio melodramatikoen nahas-mahas konplikatu bat bozkarioz irudikatzen duten. Mika Rottenbergek ere asmatu zuen errealitate birtual bat Orea (Dough, 2006) obran: muntaia-lerro zentzugabe bat sortu zuen eta bertan pertsonaia batzuk, horien artean gizen-gizena den emakume bat eta argal-argala den beste bat, orea lantzen eta paketatzen ikus daitezke. Antzezle horiek agertzen direneko espazio estuak aretoko bideoaren inguruan Rottenbergek eraikitako egituran ere aditzera ematen dira, hala, obraren eszenatoki itogarri horretan ikuslea murgilarazi zuen. Trecartinen eta Rottenbergen obretan inplizitu dagoen fantasiaren xedea lehen planoan agertzen da Cao Feiren bideoan, Zeinen utopia (Whose Utopia, 2006) izenekoan. Dokumental moduko honetan Txinako bonbilla fabrika handi bateko eguneroko bizitzako errealitateak azaltzen dira eta makinak balira bezala diharduten bertako langileen monotonia erakusten digu. Aldi berean, enplegatu horien fantasiak agerrarazi zituen ditu artistak, amets batean baleude bezalaxe fabrikan bertan dantzan eta instrumentuak jotzen ari diren bitartean.

Isaac Julienen Omeros paradisua (Paradise Omeros, 2002) obrak areagotu egin zuen ametsetako giro hori narratiba eliptiko eta irudimen handiko baten bitartez post-kolonialismoko eremu sozial, politiko eta emozionalak arakatzeko. Julienen hiru kanaleko bideoa Karibeko Santa Lucia uhartearen eta Londresko hiriguneko bizimoduaren artean mugitzen da eta hizkuntza poetiko batez arakatzen du kreolen fenomenoa: subjektu bakar batek leku eta kultura anitzetako historiak eta nortasunak hezurmamitzen ditu egoera hibrido bat aditzera emateko. Azkenik, Lotura (Link, 1995–2000) obran, Mariko Morik kontenplaziorako gune batera eraman gintuen lau kanaleko 360 graduko bideo-proiekzio batean. Bertan, performance batzuk erakutsi zizkigun hiri handietan baita mundu osoko hobi arkeologikoak ere. Leku horietako bakoitzean, etzanda eta geldirik agertzen da artista bere "gorputz-kapsulan". Instalazioa osotasunean ikustean, ekintza horiek lotu egin zituzten bertan agertutako lekuak, denborak eta espazioak sorrarazitako mugak desegin baitzituzten, espazio utopiko eta transzendente bat sortzeko.

 

Mariko Mori
Lotura (Link), 1995–2000
Lau kanaleko bideo-instalazioa, koloretan, soinuduna, 9 min eta 15 s
Edizioa 2/2
Solomon R. Guggenheim Museum, New York

Partekatu