Emakumezkoentzako konjuntoak | Giorgio Armani | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Giorgio Armani

2001.03.24 - 2001.09.02

Alferrikako apaindurak ezabatuz eta ordura arte -kirol-irudia izan zena janzkera formalago bihurtuz, negozioen munduan nahiz gaueko jantzietan, Armanik janzkera modernoa definitzen duen estilo informal garaikidea landu zuen. Giorgio Armani erakusketak, Robert Wilsonek era original batean diseinatuak, Armaniren obraren aurkezpen bat ez ezik bere ibilbide ezagunari eskainitako omenaldi bat izan nahi du.

Armaniren historia
Giorgio Armani Milandik gertu dagoen Piacenza izeneko hiri txiki batean jaio zen familia xume baten barruan. Bertako eskola publikoan ikasi zuen eta haurtzarotik zinema eta antzerkirako zaletasuna erakutsi zuen. Milango unibertsitateko medikuntza fakultatean denbora labur batez egon ondoren, 1957an La Rinascente izena duten Milango erostetxe handietako batean lanean hasi zen. Denboraldi labur batez argazkilari-laguntzaile gisa lanean aritu zen eta geroago estilismo sailera aldatu zen, bertan India, Japonia eta AEBko gaiak erosteaz eta erakusgai jartzeaz arduratzeko. Lan haren bidez erdi-mailako kontsumitzaile italiarrei atzerriko kulturak ezagutzeko aukera eman zien.


1964an, aldez aurretik berariazko inolako prestakuntzarik izan gabe, Armanik gizonezkoentzako jantzien diseinu batzuk sortu zituen Nino Cerrutirentzat eta 1970ean, bere bazkide zen Sergio Galeottik bultzatuta, Armanik Cerruti etxea utzi zuen eta moda-diseinatzaile eta aholkulari independente gisa hasi zen lanean. Handik gutxira bere marka sortu zuen. 1973-4 denboraldian , Florentziako Sala Bianca-n izaten den pasarela ezagunean, abiadore-kazadoren bilduma bat aurkeztu zuen, haien berezitasunetako bat ehun arrunt bat balitz bezala larruari emandako tratamendua izanik. Materialak ustekabeko testuinguru eta konbinazioetan erabiltzeko joera hori bere bikaintasunaren berezko ezaugarri bihurtu zen.

1975ean, Armanik eta Galeottik beren enpresa eratu zuten Giorgio Armani S.p.A. izenez, eta Armani marka sortu zuten. Urte bereko uztailean, Armanik erabateko iraultza eragin zuen modaren munduan gizonezkoentzako txaketa desegituratua eta forrurik gabea diseinatu zuenean. Jauskortasun handia eta molde informala zuen txaketa hura soinera moldatzen zen gorpuzkera modu sentsual batean agerian utziz; txaketa hura 1960ko hamarkadako gizonezkoak estutzen zituen ohiko traje zurrunaren eta hippie belaunaldiaren look baldarraren alternatiba bat izan zen. Txaketa zimurtuak berehalako eta erabateko arrakasta izan zuen eta joskera-mota berri baten sorrera ekarri zuen berekin. Hiru hilabete beranduago emakumezkoentzako txaketa desegituratua aurkeztu zuen, tradizioz gizonezkoen joskeran erabili ohi ziren ehunez egina. Eta gizonezkoentzako txaketaren ezaugarri zen molde sinple eta malgu berarekin gizonezkoei zegokien nolabaiteko autoritate-kutsua eman zien emakumezkoei. Lore-estanpatuak zituzten gona luzeen eta traje frantses klasikoaren alternatiba bat proposatzean, emakumezkoen modaren liberalizaziorako Coco Chanel eta Paul Poiretek hasitako bideari jarraitu zion Armanik.

80ko hamarkadan, Armaniren gizon nahiz emakumezkoentzako "exekutibo-trajea", aparteko moldea zuena, sinbolo bilakatu zen nazioarteko ekonomiaren oparoaldian. Sorbalda zabalez, eta sorbaldako eta papar-hegal handiez eratutako look hura Hollywoodeko 40ko hamarkadako glamourrean inspiratu zen. Boterearen eta sentsualtasunaren ezaugarri berezi horren erakusgarri dugu Paul Schraderren American Gigolo (1980) filma. Film horretako eszena ezagun horietako batean, Richard Gerek alkandorak, txaketak eta korbatak ateratzen ditu armairutik nahas-mahas batean eta horien artean konjunto bikain bat aukeratzen du. Armanik film honi esker lortu zuen publiko handiaren artean duen ospea eta zinemaren alorrean egin dituen ekarpen oparoetatik lehena izan zen, azkena John Singletonen remakean, hau da, Shaft, The Return (2000) filma izanik. Era berean, Armanik antzerki, opera eta balleterako jantziak sortu ditu.

1982an, Armani Time aldizkariaren azalean agertu zen lehenengo moda-diseinatzailea izan zen, 40ko hamarkadan Christian Dior azaldu zenetik. Horrez gain, Armani lehenengoa izan zen jende ospetsuarengana hurbiltzen bere diseinuak jantzi zitzaten, Los Angeles Lakers-eko entrenatzaile zen Pat Riley-rengandik hasita hain zuzen, 1988an bere jantziak janztera gonbidatu zuenean. Gainera, Oscar sarien zeremoniarako bere modeloak jantzi zitzaten proposatu zien Hollywoodeko zinemako izar batzuei, horien artean bere bezero leial bihurtu diren Michelle Pfeiffer eta Jodie Fosterri. Gaur egun, Armanik eremu desberdinetan erakusten du bere talentua; izan ere, futbol-taldeetarako jantziak -Italia eta Ingalaterrakoa adibidez- eta Alitalia konpainiaren hegalaldietako laguntzaileen uniformeak diseinatu ditu.

Erakusketa
Giorgio Armani erakusketak azken 25 urteotan zehar diseinatzaileak modaren munduan eta kulturan egin duen ekarpenaren eta izan duen bilakaeraren ikuspegi tematiko bat eskaintzen digu. Erakusketa honetan denboraldi desberdinetako jantziak daude ikusgai eta era narratibo batean sailkatuta daude Armaniren ibilbidean zehar izan diren ildo nagusiak azpimarratzeko. Sortzaile honen gaueko traje ikusgarriak eta smoking-aren emakumezkoentzako bertsioak aurkeztuko dira bertan, Armaniri hain ospe handia eman dion eguneko arropaz gain. Ikusgai jarritako modeloetako asko iparraldeko Afrikako basamortuko oihal hotzetan eta kolore beroetan daude inspiratuta eta Armaniren berezko ezaugarri bat adierazten dute: bere paleta neutroa, harea eta "greige" (grisaren eta beixaren arteko nahasketa) koloreez osatua. Gizonezkoentzako traje sentsualek eta emakumezkoentzako txaketek nolabaiteko izaera androginoa uzten dute agerian, eta Marlene Dietrichen iruda gogora ekartzen digute, eragin handikoa izanik emakumezkoen jantziei buruz diseinatzaile honek duen ikusmolde estetikoan. Diseinu moderno horietan tradiziotik eta modaren historiatik hartutako elementuak gehitu eta moldatzen ditu, esate baterako Inperio edo Belle Époque estiloak. Jantziak Txina, India eta Polinesiako ekialdeko kulturetako oihaletan inspiratuta dauden bordatu eta harribitxiekin egindako apaindura ikusgarriez hornituta agertzen dira. Armanik ekialdeko kulturen aurrean erakutsitako interesa eguneko eta gaueko jantzien minimalismoan antzematen da. Horietan, traje exotikoa sinpletasun sofistikatua lortu arte biluzten du, praktikoa izateari utzi gabe, ordea. Gainera Japoniako kulturatik hartutako elementuen transposizio zuzena antzeman daiteke kimono tradizionalaren edo samuraien o-yori armaduraren bertsioetan.

Armanik munduko antzerkirako jantzi gisa deskribatu zituen behin bere arropak eta, izan ere, Giorgio Armani erakusketak Armanik eszenatokirako jantzi izan dituen pertsona ugari aurkezten ditu. Zinemarako diseinatutako jantziak edo Oscar sariak ematen direneko zeremonian edo antzeko ekitaldietan alfonbra gorriaren gainetik pasa izan diren modeloak ikus daitezke bertan, guztiak glamourraren eta Armanik kulturaren munduaren barruan duen boterearen sinonimo izanik. Erakusketa hau jatorrizko bozetoek, publizitateko argazkiek eta figuringile gisa parte hartu dueneko film-zatiek osatzen dute, diseinatzaileak berak eta beste zenbait pertsonak bere sorkuntzak ulertzen dituen moduaren ikuspegi orokorra eta dinamikoa eskaintzearren.

Armani estiloak eboluzionatzen jarraitu arren, ezaugarritzat duen estetika dotore eta finak bere horretan dirau. Bere azkenaldiko diseinuak linea zainduen ziluetara hurbildu dira berriro, betiere diseinatzailearen hasierako ahalegin berritzaileak inspiratu ziren naturaltasunez gorputzera moldatzeko borondate bera erakutsiz. Armani estiloa XX. mendearen sinbolo bihurtu zuen arrakasta kontraesaneko elementuen konbinazio orekatuan datza: modernitatea eta tradizioa, Ekialdea eta Mendebaldea, beltza eta zuria, zaharra eta berria, funtzionaltasuna eta kapritxoa, dotorezia eta kirol-estiloa. Bere estiloa sofistikatua eta aldi berean prét-à-porter da, kofiantza barea, zuhurtasuna eta fintasuna adierazten du, bai eta zaletasun demokratikoa duen nolabaiteko sentsualitatea ere. Armaniren traje bat erostea iniziazio-errito bihurtu da, antsiatutako edo lortutako arrakastaren sinbolo. Armani izena bera talisman bihurtu da, diseinatzailearen onarpen handiaren eta gure eguneroko bizitzan izan duen integrazioaren adierazle.

Erakusketaren diseinua
Argia, soinua eta elementu arkitektonikoak konbinatuz nazioartean ospetsua den Robert Wilson eszenografo eta artista bisualak eszenatoki ikusgarriak sortu ditu Guggenheim Bilbao Museoan eta horietan Armaniren sorkuntzaren alderdi desberdinak esperimentatu ahal izango ditu ikusleak. Wilsonen obra arte ederretan dago erabat sustraituta eta ikuspegi estetikotik zirraragarriak diren eta aldi berean karga emozional handia duten irudiak erabiltzen ditu. Wilsonen obra erakusketa ugaritan ikusi ahal izan da eta 1993an Veneziako Bienaleko Urrezko Lehoia jaso zuen eskulturaren sailean. 1976an Wilsonek Philip Glassekin batera lan egin zuen Einstein on the Beach obran. Lan hark izugarrizko arrakasta izan zuen nazioartean eta arte-forma bat den aldetik eraldatu egin zuen operaren ikusmoldea. Antzerkian egin duen lanagatik Robert Wilsonek jaso dituen sarietako batzuk hauexek dira, Pulitzer Antzerki Saria the CIVIL warS lanagatik, Dorothy eta Lillian Gish Saria bere ibilbide osoari, eta Harvard Excellence in Design Award (Harvard Saria Diseinuaren Bikaintasunari). Aurretik, Wilsonek 1996an egin zuen lan Armanirekin diseinatzaileari egindako "GA Story" omenaldian eta 1997ko udaberriko bildumaren eta Wilsonen Itsasoko dama produkziorako jantzien diseinuen aurkezpenean.

 

Giorgio Armani
Emakumezkoentzako konjuntoak
303 aretoko ikuspegi orokorra

 

Partekatu