Frank Gehry Arkitektoa
2001.10.31 - 2002.04.21
Berrogei urte baino gehiagotan zehar Frank Gehryk zorroztasun eta asmamen guztia eskaini du espazioa ixteko erabili dituen metodo eta material guztietan bere obra bereizten duten forma ahalmentsuak sortzeko. Izan ere, arkitekturaren ikusmoldea aldatzea lortu du.
Kanadako Toronto hirian jaioa, 1947. urtean, 17 urte zituela Los Angeleserea bizitzera joan zen bere familiarekin batera. Bertan, bere lehenengo estudioa zabaldu zuen 1962an, eta hasieratik hiriaren izaera bisualak eragin handia izan zuen bere lanean. Bertan ikusten diren gauza asko -iztukuz egindako bungalowak, etxeetako sare metalikozko hesiak, inspirazio espainola duten koloretako axuleiuak, haizeak astintzen dituen palmondoak eta Ozeano Pazifikoaren mugimendua eta handitasuna- bere arkitekturaren funtsezko osagai bihurtuko ziren ordutik. Lan egiten duen lekuen nortasuna bereganatzeko gaitasun horrek lehen bezain bizirik jarraitzen du orain eta mundu guztian zehar zabaldutako proiektu desberdinetan nabarmentzen da. Europan eta Ekialde Hurbilean sortutako diseinuek -Praga, Berlin, eta laster Jerusalem- agerian uzten dute hirietako historiei buruz arkitekto honek duen ezagutza sakona, eta inguruan dituzten forma arkitektoniko zaharrak inolaz ere errepikatzen ez dituzten arren, horiekin elkarrizketa etengabea eta aberatsa ezartzen dute.
Gehryk Los Angelesen lortu zuen heldutasun profesionala, bereak bezalako ideia ugari zituzten artisten talde batekin batera: horien artean Chuck Arnoldi, Larry Bell, Billy Al Bengston, Ron Davis, Robert Irwin, Ed Moses, Ken Price eta Ed Ruscha. Arkitekturan bere lehenengo maisuak Rudolph M. Schindler eta Frank Lloyd Wright izan ziren bitartean, Charles eta Ray Eames-en kontratxapatuzko aulki moldeatuetan inspiratu zen altzarien diseinuan lehenengo saiakuntzak egiteko. Arkitekto gisa bere lehenengo etapan obra nabarmen ugari diseinatu zituen arren, adituei ez zieten atentziorik eman 1977–78ra arte, hain zuzen ere Santa Monikan zuen egoitza berritzeari ekin zion arte -1920ko hamarkadako zurezko etxe txiki bat, arrosa kolorez margotutakoa-. Sukaldea eta egongelak leiho kubikoen bidez zerura zabaltzeko, eta sare metalikozko pantailak, egur kontratxapatua eta plantxa uhinduna erabiliz etxe zaharraren inguruan berri bat eraikitzeko ideia originalei esker entzute handia lortu zuen bere lankideen artean. Bere lehenengo bezeroetako bat Loyola Marymount University izan zen, eta bere eskariz oraindik garatzen jarraitzen duen proiektu bat hasi zuen 1978. urtean. Unibertsitatearen zuzenbide fakultateko campusaren eraikuntza bat da, Los Angeleseko hiri-erdigunean dagoen industrialde batean kokatua. Bezeroaren nahia diseinuan erreferentzia klasikoak barne hartzea izan zen, eta nahi horri erantzunez Gehryk akropoli baten antzeko eraikin-multzo bat proposatu zuen egitura bakar baten ordez. Hasieran fakultatea proiektuaren aurrean errezeloa agertu arren, campusak arrakasta handia lortu du, eta sarritan Charlottesville-n dagoen University of Virginiako Thomas Jefferson-en campus ospetsuarekin konparatu izan da.
Gehryk diseinu industrialaren eremuan garatu duen ikerlana arkitekturaren eremuan betetzen duen zereginarekin osatu du. Betiere oso forma berritzaileak eta ohi kanpoko materialak erabiliz, kartoizko bi altzari-linea sortu zituen. Easy Edges (1969–73) izenez bataiatu zuen lehenengo serieko piezak zituzten forma aerodinamikoengatik eta aparteko iraunkortasunagatik nabarmendu ziren. Altzari hauek bata besteari erantsitako eta trinkotutako kartoizko xafla lodietan oinarrituta eraikita zeuden, zuntza zur kontratxapatuan egiten den bezala txandakatuz. Ondoren, altzariek eskulturen tankera handiagoa hartu zuten Experimental Edges (1979–82) bigarren seriean. Serie honetan, bigunagoa eta maneiatzen errazagoa zen eta kanal zabalagoak zituen kartoi uhinduna erabili zuen, xaflak bata bestearen gainean pilatuz eta eskuz kolatuz. Laurogeiko hamarkadaren erdialdean, artistak Arraina eta Sugea (1983–86) lanpara dibertigarriak sortu zituen. Lanpara hauek Colorcore-z egin zituen, plastiko zeharrargizko ijezketa-mota bat alegia, beti interesatu izan zaion mugimendu-sentsazioa lortu arte manipulatu zuena. Laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, Bent Wood (1989–92) izena zuen altzari-bilduma sortu zuen Knoll etxerako. Saski bateko zerrendak gurutzatzeko erabiltzen den metodoan oinarritua, serie honek etenik gabeko zurezko zerrenda luzeen erabilera uzten du agerian, altzarien forma eta euskarriaren egitura osatuz. Ehun bat prototipo egin ziren lau aulki, bi mahai eta otomana batez osatutako seriea amaitutzat eman aurretik. Piezetako bakoitzak, Cross Check eta High Sticking adibidez, Gehryri gehien gustatzen zaion kirolaren, hau da, izotz gaineko hockey-aren terminoen izen bat hartzen du.
Loyola Law School-en eta beste proiektu batzuen arrakastaren ondoren, esate baterako Wayzata-ko (Minnesota) Winton gonbidatuentzako etxearena (1983–87), eta Minneapolis-eko Walter Art Center-ek 1986an bere obrari eskaini zion atzera begirako erakusketa eta gero, Gehryren proiektuak lehiaketa murriztu bat irabazi zuen Los Angelesen bere lehenengo proiektu handia izango zena eraikitzeko, hau da: Walt Disney auditoriuma (1987–). Auditorium batean akustikak duen berebiziko garrantziaz jabetuz, barrutik kanpora diseinatu zuen eraikina. Barrualdeko espazioa forma kubiko konbexu baten antzera sortu zuen, osorik zurez estali zuen, ontzi baten belak ematen duten formak erantsi zituen sabaiean eta azkenik kanpoko altzairu erdoilgaitzezko estaldura duten horma kurbadunez estali zuen guztia. Eraikin konplexu honen diseinua zenbait urtetan egindako ahaleginaren emaitza da eta une honetan eraikitzen ari dira Los Angeles hiriaren erdi-erdian. Dorothy Chadler Pavillion eta Museum of Contemporaty Art-ekin batera kulturgune garrantzitsua osatzen du.
Gehry artistekin elkarlanean aritzearen alde agertu izan da beti, eta besteren artean Claes Oldenburg eta Coosje van Bruggen-ekin lankidetzan lan egin izan du zenbait proiektutan, horien artean aipatzekoak izanik Kaliforniako Venice auzoko Chiat/Day eraikina (1985–91). Richard Serra eskultorearekin batera lan egin izan du behin baino gehiagotan, esate baterako Financial Times-ek sustatu zuen Londresko Milurtekoaren Zubiaren lehiaketarako 1996ko proposamenean. Duela gutxi, Skidmore Owings & Merrill bulegoko David Childs arkitektoarekin parte hartu du New York Times-en egoitza berriaren lehiaketarako (2000) proposamen bat lantzen, bai eta Jean Nouvel lankide frantsesarekin ere Pragan oraindik amaitu ez den eta Arena Centre (2000-) izenez ezaguna den birrurbanizazio-proiektu batean. Lankidetzaren fruitu diren lan hauetan parte hartzean eta sarritan sustatzaile nagusia izatean, Gehryk hauxe adierazi besterik ez du egiten: barietate arkitektonikoak estimulua pizten duela hirietako inguruetan. Sinesmen sendo honek fruitu onenak ematen ditu Gehry, eraikin desberdinez osatutako multzoak proiektatzeko garaian, beste artista batzuekin elkartzen denean, horren adibide bat izanik Weil am Rhein-go (Alemania) Vitra International altzari-fabrika eta Vitra diseinuaren museoa (1987–89), hain zuzen ere bakoitzak eraikin bana diseinatuz Tadao Ando, Nicholas Grimshaw, Zaha Hadid eta Alvaro Sizak parte hartu zuteneko proiektua.
Gaurdaino, bere proiekturik ezagunena Guggenheim Bilbao Museoa da (1991–97). Eraikin honek nazioartean ospea zabaltzeko aukera eman dio, bai eta gaur egun arkitekto gutxik duten entzutea ere. Bere beste obra garrantzitsu ugari bezala -Frederick R. Weisman arte museoa (1990–93), Minneapoliseko Unibertsitatean, Pragako Nationale-Nederlanden eraikina (1992–96) eta Seattle-ko Experience Music Project (1995–2000)- Bilboko eraikin hau hirirako sarbide antzeko bat dugu. Nerbioi itsasadarraren ertzean kokatua, eraikinak zubi bat besarkatzen du eta hirira sartu eta atera dabilen trafikoa igarotzen da bertatik. Erakusketarako espazio klasiko eta kurbadun ugarirekin, museoak eszenatoki dinamikoa eskaintzen du Guggenheim-en erakusketak aurkezteko, eta 1997an inauguratu zenetik, milioika bisitari erakarri ditu XIX. mendeko hiri suspertu honetara.
Oraindik bukatu gabe dituen bere proiektuetako batzuek emango dutena aurreratuz, Weatherhead Kudeaketa-fakultatearen Peter B. Lewis eraikina (1997-) Cleveland-eko (Ohio) Case Western Reserve Universityn egongo dena, Weatherhead fakultateak Internet munduari egindako ekarpena agerian utziko duen eraikin ikusgarria izango da. Bere aldetik, Annandale-on-Hudson-eko (New York) Bard College-eko Performing Arts Center (1997–) eraikina musika, antzerki, opera eta dantza ekoizpenetarako egoitza berria eta distiratsua izango da. Behin amaitu eta gero, Guggenheim Museum New York (1998–) berrirako proposatu duen diseinuak —East River ibaiertzean dagoen Wall Street-en kokatzea aurreikusi da— bizitasun artistiko berria emango dio Lower Manhattan-i. Kanpoaldeko espazio publikoa osatuko duen 96.000 m2ko azaleraren gainean eta barrualdeko 190.000 m2etan, museo berri honek bere baitan hartuko ditu arte eszenikoak antzezteko guneak, Guggenheimen bilduma iraunkorra, aldi baterako erakusketak, arteari eta teknologiari eskainitako gune bat, eta arkitekturari eta diseinuari eskainitako beste bat.
Eraikin berean artista honen ia 40 obra biltzeaz gain Frank Gehry, arkitektoa erakusketak ibilbide bat egiten du bere hizkuntza bisualean eta bere lan-prozesuan zehar. Erakusketak aurrera egin ahala, bisitaria bere proiektu askoren garapenaren barrunbeak ezagutzen joango da: etorkizuneko formak iragartzen dituzten hasierako bozetu eskematikoetatik eta keinuzkoetatik, eta programatutako eraikuntza-fase desberdinei dagozkien maketa guztiak tartean direla, azkeneko maketetaraino eta jadanik bukatutako obrak irudikatzen dituzten argazkietaraino. Planteamenduari dagokionez, erakusketaren asmoa Gehryk bezeroekin duen harreman estua eta bere ekipoa osatzen duten kide adimentsu askorekiko lan-lotura sendoak aditzera ematea da.
Frank Gehry
Nationale-nederlanden eraikina, 1992–96
Praga, Errepublika Txekiarra
Damian Heinisch/Bilderberg/Aurora-ren argazkia