Deikundea | Eija-Liisa Ahtila | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Eija-Liisa Ahtila: Deikundea

2016.05.12 - 2016.08.28

Eija-Liisa Ahtila (Hämeenlinna, Finlandia, 1959) artistak Deikundea (Marian Ilmestys, 2010) filmatu zuen elurtutako Aulanko erreserba naturalean, Finlandiako hegoaldean, 2010eko neguan. Hiru proiekzioz osatutako instalazioa da; horietan Lukasen Ebanjelioaren (Lk 1,26–38) pasarte ezagun bat agertzen da, Deikundearena; Kristautasun ikonografiaren gairik garrantzitsuetako bat da eta, gainera, antzinako pintura batzuek, non perspektiba lehenbizi erabili zuten, pasarte hori irudikatzen dute.

Gaur egungo Deikunde honek mirarien natura eta pertzepzioaren eta ezagutzaren aukerak arretaz aztertzen ditu. Obran, gainera, grabaketaren prestaketa-lanen materialak eta Deikundearen antzezpena agertzen dira. Alde handia dago kanpoaldeko, naturako, eta barrualdeko eszenen artean; azken horiek artistaren estudioaren antza izan behar zuten, bertan eraiki baitzuten Deikundearen gertakizuna berreraikitzeko dekoratua.


Deikundearen gaur egungo lan honen muinean dago estoniar Jacob von Uexküll (1864–1944) biologoaren teoria bat, alegia, bizidun bakoitzak mundu bat ezagutzen duela eta bizidun guztien munduak aldi berean existitzen direla. Kontzeptu hori erabili zuen artistak mirarien zerizana eta pertzepzioaren eta ezagutzaren aldeak aztertzeko. Antzezleek gertakari sakratua berritu eta gizatiarra dena berriz definitu behar zuten animalien eta jainkotiarra denaren bidez.

“Giza” antzezleetatik bi baino ez dira profesionalak; gainerakoak Helsinkiko Deaconess Institute-n emakumeari laguntzeko zerbitzuen erabiltzaileak dira. Animalia antzezleak hezitako bi erroi, bi asto arrunt eta haztegi bateko uso mezulariak dira. Gidoi bat bazegoen arren, gertaerak, paperak eta elkarrizketak filmaketan moldatu ziren antzezle bakoitzaren interpretazioaren arabera.

Lanaren lehen zatiak dokumental itxura du, estilo objektiboa; kamera digitalez grabatu zen. Askotariko emakumeek Deikundearen unea antzezteko prestatzen ari dira; hain zuzen, Gabriel goiaingeruak Mariari Jainkoaren seme bat izango zuela azaldu zion unea. Azken eszena baino lehenago goiaingerua antzezten duena hegan egiten saiatzen dela ikusten dugu, eta emakumeak beren paperak eztabaidatzen dituzte. Mariarena egiten duenak astoan ibiltzen ikasten du, eta pinturen arabera Mariak goiaingeruarekin topo egin zuenean izandako erreakzioen saioak egiten ditu. Azken antzezpena, saio guztien ondorengoa, 35 mm-ko filmean grabatu zen: goiaingerua lorategi eder batetik hegan hurbiltzen da eta beirazko leiho zabal batetik sartzen da antzezleak dauden tokira; aingeru bat eguneroko bizitzan bat-batean agertzen da.

Lanaren amaiera irudi idiliko bat da: Maria antzezten duen emakume gaztea —ez darama Errenazimentuko Madonnen jantzi urdin bizia— asto batekin doa, Townes Van Zandt-en “No Place to Fall” abestia entzuten den bitartean.

 

Eija-Liisa Ahtila
Deikundea (The Annunciation - Marian Ilmestys), 2010
Hiru kanaleko instalazioa, DD5.1 soinuduna, finlandierazko jatorrizko bertsioa ingelesezko azpitituluekin
28 min 25 s
Hauen eskaintza: artista eta Marian Goodman Gallery, New York, Paris, Londres

Partekatu