Durerotik Rauschenbergera: marrazkiaren muina. Albertina eta Guggenheim bildumetako maisu-lanak
1999.03.09 - 1999.05.16
Durerotik Rauschenbergera: marrazkiaren muina. Albertina eta Guggenheim bildumetako maisu-lanak erakusketa Solomon R. Guggenheim Foundation-aren eta paper gaineko lanen bilduma bikainenetakoa duen Vienako Graphische Sammlung Albertina-ren arteko aparteko lankidetzaren emaitza izan zen. Lankidetza horri esker mundu osoan ospe handia duten hogeita bi artisten lanak ikusi ziren, marrazkigintzaren bostehun urte bilduz. Thomas Krens, Solomon R. Guggenheim Foundationeko zuzendaria, eta Konrad Oberhuber, Graphische Sammlung Albertinako zuzendaria elkarrekin aritu ziren komisari lanetan. Erakusketaren xedea bi erakunde horiek jabetzan dituzten artista jakin batzuen obren fondo aberatsak azpimarratzea izan zen, izan ere, hainbat kasutan artista horiek bi erakundeen izenekin hertsiki lotzen dira.
Guzti horren emaitza gisa, Albertinako maisu entzutetsuen (Alberto Durero, Rafael, Federico Barocci, Pedro Pablo Rubens, Claude Lorrain, Rembrandt, Jean-Honoré Fragonard, Rudolf von Alt, Adolph Menzel, Hans von Marées, Gustav Klimt, Egon Schiele eta Oskar Kokoschka) obra-multzoa eta Guggenheim Museoak duen paper gaineko obren bildumaren adibide nabarmenenak, George Seurat, Pablo Picasso, Vasily Kandinsky, Paul Klee, Arshile Gorky, Joseph Beuys, Robert Rauschenberg, Jim Dine eta Francesco Clemente bezalako maisuek egindakoak, barne hartzen zituen erakusketa adierazgarria izan zen hau.
Marrazkiaren muina erakusketak artista bakoitzeko bost obra aurkeztu zituen eta aipatutako maisu horien guztien lan zehatzak aztertzeko aukeraz gain, marrazkigintzak Errenazimendutik gaurdaino izan duen bilakaera ikuspegi historikoaz ezagutzeko abagunea eskaini zigun, teknika espezializatua eta adimenaren baliabidea den aldetik. Artistak beraien karreren aldi ezberdinei dagozkien marrazkiek ordezkatu zituzten. Horien artean, erretratuak, paisaiak, estudioak eta norberaren zirriborroen koadernoen orrialdeak. Albertina eta Guggenheim bilduma ospetsuetako lanak bilduta ikusteak arte modernoan zehar mundu sinboliko eta eguneroko elementuekin egindako ikerketa dela-medio figurazio klasikoak izan duen jarraipena eta bilakaera ikusteko aukera paregabea eman zion jendeari.
Albertina, bere sortzaile izan zen Saxonia-Teschengo Alberto (1732–1822) dukearen izena hartu zuena, 1770eko hamarkadaren hasieran hasi zen grabatuak biltzen. XV. mendetik XX. mendera arteko Europako lan grafiko asko bildu ditu. Gaur egun, Italiako, Alemaniako, Flandesko eta Frantziako "eskoletako" maisuen 60.000 lan baino gehiago ditu. Austriako artea bildumaren gune nagusietako bat da. Erakusketan nabarmendu behar dira XX. mendeko Jugendstil-eko Gustav Klimt, Egon Schiele eta Oskar Kokoschka artista ospetsuen marrazki figuratiboak. Horiek mendearen hasierako artista espresionista txalotu edo aldarrikatuenetakoak dira eta beraien lan boteretsuek Albertinak erakutsitako eta, besteak beste, Kandinskyrenak bezalako Guggenheim bildumako lan abstraktuen arteko funtsezko zubi bat eskaintzen dute.
Guggenheim Museoa, beraren sortzaile izandako Solomon R. Guggenheimen (1861–1949) izena duena, 1927aren hasieran hasi zen Europako pintura modernoa biltzen, batez ere Kandinsky errusiarraren lan ez-objektiboak eskuratuz. Izan ere, hasieran pintura ez-objektiboa izan zen Guggenheim bildumaren interes bakarra, nahiz eta ondoren bildumak eskultura eta bestelako teknikak ere onartu. Pintura ez-mimetikoarekiko jarrera estua aldatzen joan zen, eta lan figuratiboa, esate baterako, Paul Kleerena, 1948an bildumaren zati izaten hasi zen. Albertina bildumak bezala, XIX. eta XX. mendeetako Guggenheim bilduma ospetsuak europar artearen hastapenak ditu sorrera. Bildumak antzinako maisu zaharrek ezarritako estetikaren ikus-lengoaia eraiki, beste itxura batez hornitu eta desafiatu duten Europako eta Amerikako artista-belaunaldiak harturik ditu.
Uztarturik, bi altxor handiok azken finean formaren izaerarekin zerikusia duen lana garatu duten artisten eskutik talentu artistikoaren bost mende ikusteko aukera paregabea ematen dute.
Alberto Durero
Hiru eskuri buruzko azterlana, 1494-5
Luma, tinta marroia eta marroi iluna, apur bat argiagoa den tinta erabiliz lumaz egindako marrazki finaren gainean, paper zuriaren gainean
27 x 18 cm
Graphische Sammlung Albertina