Cristina Iglesias
1998.11.06 - 1999.02.14
Guggenheim Bilbao Museoak Cristina Iglesias artista euskaldunaren azken lanak erakutsi zituen. Erakusketan 20 artelan azaltzen ziren eta erakusketa bera ederki egokitzen zitzaion hartu zuen eremu arkitektonikoari; izan ere, ikusgai zeuden piezetariko batzuk Guggenheim Bilbao Museorako berariaz sortu ditu egileak.
Cristina Iglesias era askotako materialekin aritzen da. Batzuetan, Titulurik gabea (Banbu-basoako gela) lanean bezala, 1995-1997, motiboa behin eta berriro errepikatuz pieza dagoen gelaren eremua beste era batera definitzen du eta ikusleari gonbidapena egiten dio basoan barna abiatzeko. Eremu baten barruko eremuaren ideia ohiko aztergaia da egile honen jardunean.
Cristina Iglesiasek atsegin du, orobat, informazio gehigarria ere, hau da, jendearen arretan nahita galarazten duten datuak, pertzepzioa forma abstraktutik urruntzen dutenak. Eta hortik dator hainbeste xehetasun ezartzea —lore exotiko eta ezaguterraz ugari adibidez—, narrazioko edo irudipengarritzat jo daitezkeenak. Artistak berak esan duen bezala, ehundura-jokoak ez dira antzematen urrunetik, baina lanera hurbildu ahala orduan eta konplexuago ageri zaizkio ikusleari. Izan ere, Nancy Princenthal-en ustez "Cristina Iglesiasen arreta ez da mugatzen forma eta irudiaren arteko uztardurara, irudiaren eta apainduraren artekoa ere kontuan hartzen baitu. Berak, batasun horretaz diharduenean, 'apaindura irudikapen-eremura eramatea' dela esaten du".
Titulurik gabea (Sabai eseki makurra, 1997), plano uhinkari handia da, lanaren eta ikuslearen arteko espazio-erlazioa irauli ahal duena, ikuslea parez pare gertatzen delako aldi berean sabai eta lurzoru, hondo eta gainazal den bolumen lurtsu eta urtsuarekin.
Eskulturetan lurra industriarekin eta formato handia konposizio mota anitzekin bateratzeak elkarrizketa sortzen du ikuslearekin: ikusleari keinuak egiten dizkio artelanaren inguruan ibil dadin, eta are barruan sar dadin ere. Cristina Iglesiasek arreta berezia eskaintzen dio forma eta espazioari, bereziki naturan dauden eremu eta ehundurekin zerikusia badute, horrela bere paisaia propioa sortzen duelarik.
Eskulturekin batera Cristina Iglesiasen serigrafia handiak ere badaude ikusgai, seda edo kobrearen gainean eginak. Lan horiek benetako instalazioetan ateratako argazkiekin inprimatuta daudela ematen dute, baina ez dira horrela lortutakoak, izan ere, eskulturen miniaturak irudikatzen dituzte. Hiru dimentsioko lanen ondoan, hauek espazio-hondotasunaren sentsazioa sortzen dute eta are gehiago narriatzen dute natur ingurunearen eta eraikitako gunearen arteko bereizketa. Titulurik gabea (Triptikoa VIII) lanean, 1997, artistak aldi berean nabarmendu ditu argazkiaren eremua eta irudia, hura baino ostenduagoa eta sakonagoa. Obrak erraz atzemateko modukoa ematen du eta ikusleari hurbiltzeko gonbidapena egiten dio, baina ondoren berehala mozten dio bidea: irudiak ez du aurrerabiderik, ez baitago inongo sarrerarik.
Cristina Iglesias 1956ko azaroan jaio zen, Donostian, eta egun Madrilgo Torrelodones herrian bizi eta ari da lanean. 80ko hamarkadan ekin zion bere artelanak aurkezteari eta 60 erakusketa baino gehiagotan hartu du parte, banaka zein taldean, Europa, Ipar Amerika eta Japoniako museo eta galerietan. Nabarmena izan zen, esate baterako, 1986 eta 1993an Veneziako Bienaleko pabilioi espainiarrean izan zuen harrera, baita1991an Bernako Kunsthallen eta 1993an Eindhoveneko Stedelijk Van Abbe museoetan aurkeztutako lanek izan zuten arrakasta. Taldekako erakusketetan ere parte hartu izan du, esate baterako, 1991an Berlingo Martin Gropius-Bau-en, Metropoli izenekoan eta 1995an Pittsburgheko Carnegie Museum of Art-eko Carnegie International-ean antolatutakoan.
Cristina Iglesias
Titulurik gabea (Sareta II) [Sin título (Celosía II)], 1997
Zura, erretxina eta brontze-hautsa
274 X 270 X 251,5 cm
Guggenheim Bilbao Museoa