Chacun à son goût
2007.10.17 - 2008.02.01
Hautatutako hamabi artistak —Elssie Ansareo, Ibon Aranberri, Manu Arregui, Clemente Bernad, Abigail Lazkoz, Maider López, Asier Mendizabal, Itziar Okariz, Aitor Ortiz, Juan Pérez Agirregoikoa, Sergio Prego eta Ixone Sádaba— 1990eko hamarkadaren azken urteetatik hona irmotutako belaunaldikoak dira eta, tokiko ingurunearen konplexutasunari erantzuteaz gain, nazioarteko hizkeren autoreak dira.
Rosa Martinez komisario izan zuen Chacun à son goût ("bakoitzak nahierara") erakusketak. Museorako propio hainbat proiektu burutu zituzten hamabi euskal artista gazteen lan-sorta bat aurkeztu zuen.
Erakusketaren izenburua Dideroten esaldi batean dago inspiratuta eta norbanakoaren hautatzeko plazera eta askatasuna aldarrikatzen ditu. Gustua denborarekin aldatuz doan pertzepzioaren fenomenoa eta balorazioa da, eta gizartearen zein norbanakoaren gustua alda egin daiteke, klasea, generoa, egoera geopolitikoa eta heziketa estetikoa gurutzatzen diren lehentasunen sistema baita. Artelan berri bakoitzak, interpretazio-ariketa berri bakoitzak, gustuen eta balioen sistemako perspektiba berriak eskaintzen dizkie hartzaileei.
Egindako artelanek agerian utzi zutenez, eskultura material astunetatik beste arinagoetara aldatu da, marrazketak bizirik dirau, argazkia eta bideoa euskarri apartak bihurtu dira egungo adierazpidean, eta performancea zein eszenaratzea, dela gorputzarena paisaiarekin erlazioan, dela artelanarena hartzen duen arkitekturarekin erlazioan, ezin besteko bitartekoak dira egungo tentsioei etekina ateratzeko.
Flâneuses-en dantza (La Danse des Flâneuses, 2007), horma-argazki handi bat da, eta bertan, Elssie Ansareo gazteak nortasuna eta alteritatea adierazten ditu familiaren irudian, pertsonaia fantasmagorikoen galeria bat sortuz. Figura horiek espazio neutro batean bizi dira eta jatorriaren eta estatusaren giza hierarkiak iraultzen dituen genealogia atenporala sortzen dute.
Museoko sabaitik Zerumugak (Horizontes) (2001–07) lanak sigi-saga egin zuen. Ibon Aranberrik jarritako jai-banderatxoek Chillidaren ondare grafiko-eskultorikoa birziklatu eta moldatu egin zuten. Hizkuntza-eragiketa ironiko batean, ikono eta anagrama kultural eta politikoak berritxuratu egiten dira eta sinbologia zein memoria era ludikoan desakralizatu.
Guztiz xarmangarria (Irresistiblemente Bonito, 2007), izeneko filmean, Manu Arregui hiperrealitatearen kontzeptua eta telebistako erreportajeen etika jartzen ditu zalantzan. Vanesa Jiménez "kristalezko hezurren neskatila" moduan ezagutzen den eta gaixotasun sendaezina duen gaztearen bilakaera fisiko eta psikologikoan barneratzen da.
Clemente Bernadek argazkia sailetan erabiltzen du dokumentu sozial gisa. Batzuk enkarguz sortzen ditu —Caracas (2003–04), Chávezen gobernuaren aurkako greba bati buruz, edo Meka (La Meca, 2005–06) zaharren egoitza bati buruz—; besteak bere ekimenetik sortuak izaten dira: Jornalariak (Jornaleros, 1987–92), Euskal kronikak (Basque Chronicles, 1997–2001) edota Hilobi irekiak (A tumba abierta, 2001), ezker muturreko preso turkiarrei buruzko erreportajea.
Abigail Lazkozek marrazki zuri-beltza erabiltzen du idazketa soil eta sintetiko gisa Azken joeren 130.000 urte (130,000 Years of Last Tendencies, 2007) lanean. Horma-irudi horrek artearen sisteman modarekiko eta berritasunarekiko obsesioa dagoela aipatzen du, eta hilobiratze-erritualak kultura antropologikoaren modu bat direla gogorarazten du.
Maider Lópezen lana artearen, diseinuaren eta arkitekturaren arteko elkarrizketatik sortzen da. 306 aretoa (Sala 306) lanean geometria espazialaren kontzeptuaz baliatu zen eta Museoaren areto klasikoetako bat modu kamaleoniko eta ironiko batean "Frank Gehry areto" batean bihurtu zuen; hala, arkitekto enblematikoaren estiloaz jabetu zen, eta zalantzan jarri zituen autoretza nozioak.
Nom de guerre (2007), lanean Asier Mendizabalek kale-indarkeriaren itxurazko ready made bat erabiltzen du: lata bat, hiriko pertz bat balitz bezala, hormigoi-bloke baten gainean sutan. Museoaren testuinguru garbian, sua gizartearen egonezinaren ikur bihurtzen da, kontrolaren ideiak arazo bihurtzen ditu eta eskulturak duen oroigarri-funtzioa zalantzan jartzen du.
Esta comunidad admite propaganda ("komunitate honek propaganda onartzen du") edo ¿Habéis cedido a vuestro deseo de amo? ("zuen jabe nahiari men egin diozue?") Juan Pérez Agirregoikoak pankartetan idatzitako esaldiak dira, gizarteko pultsuen adierazgarri. Pankarta horietako batzuk Instalazio bilakatutako proiektua (Proyecto convertido en instalación, 2007) lanaren zati dira eta kirol-hesi batean eusten dira. Horietan guztietan, Donostiako Orfeoiari buruzko akuarela garratzetan bezala (1997–2004), iraultza oraindik posible ote den galdera dago airean.
Irrintzi (2007) bideoak ekintza bat jasotzen du: Itziar Okariz Museoko espazioetatik irrintziak botatzen. Soinu-ibilbide honek kontraste-jolas batean harrapatzen du espazioa, fisikoki eta semantikoki, eta urrunekoak diren adierazleen artean gelditzen da harrapatua, irrintziaren konnotazio tradizionalen eta Guggenheim Bilbao Museoaren modernotasun ikusgarriaren artean.
Y (2007) lanean Aitor Ortizek elkarrekin erabili zituen argazki-panel batzuk eta Museoko 304 aretoko harresiaren benetako zuloa, arkitekturaren pertzepzio fenomenologikoa eta eskulturaren eta argazki irudikapenaren arteko mugak aztertzeko. Honela, ikusleak errealitatea objektiboki hautemateko duen gaitasunarekin jolasten zuen.
Sergio Pregok objektu gisa beharrean, esku-hartze gisa ikusi nahi izan du eskultura eta, hala, Museoaren Atrioko errezel-hormetan ezarri zuen Diedroen segida (Secuencia de diedros, 2007) izeneko lana. Izenburu honek abstrakzio geometrikoari egindako aipamen soila dirudi, baina lanak erronka egin zien —eskulturari nahiz kontzeptuari dagokionez—, bai espazioei bai arteak Museoan betetzen duen funtzioari berari ere.
Ixone Sádabak nortasun kontuak aztertzen ditu bere irudia bikoituz eta paisaia eder nahiz ikaragarrietan koreografiak antolatuz. Desagertzearen poetika (Poétique de la disparition, 2006) eta Leviathan (2007) zurrunbilo intimo edota atmosferikoak nahasmen tragiko garaikideen metafora bihurtzen direneko bi argazki-sail dira.
Chacun à son goût erakusketan aurkeztutako lanen konplexutasun, arintasun eta egokitasunean ikuspegi pertsonalen eta oraingo gustuen arteko elkarrizketa nabari zen: artistek jarrera nahiz lengoaien eguneraketa-ariketa eskuzabal bat egin dute, eta ikus-entzuleei proposamen adierazgarriak eskaintzen dizkiete eztabaida soziala, intelektuala nahiz estetikoa bultzatzeko.
Abigail Lazkoz
Azken joeren 130.000 urte (130,000 Years of Last Tendencies), 2006–07 (xehetasuna)
Horma-pintura (2007). Akrilikoa horma gainean, kokapen zehatzeko neurriak
Chacun à son goût erakusketaren ikuspegia, 301 aretoa
Guggenheim Bilbao Museoa