Gurutziltzaketa | Antonio Saura | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Antonio Saura: memoria eta oroipena

2003.07.22 - 2004.01.11

Aurkezpen honetan lehen aldiz eta dagokion testuinguru artistikoaren barruan, Guggenheim Bilbao Museoak orduantxe eskuratutako Antoni Sauraren obrak jarri ziren ikusgai. Obra horiek informalismo espainolaren beste protagonista batzuenarekin batera aurkeztu ziren, baita Iparramerikako espresionismo abstraktuaren ordezkari batzuenen ondoan ere.

1930ean Huescan jaioa, Antonio Saura Madril, Valentzia eta Bartzelonan bizi izan zen bere familiarekin. Oso gaztetandik aitarekin batera joan ohi zen Prado Museora, eta bertan erabat hunkituta geratu zen Diego de Velázquezen Kristo gurutziltzatua (Cristo crucificado, 1632) eta Francisco de Goyaren Erdi ondoratutako txakurra (Perro semihundido, 1821/23) pinturen aurrean. Izan ere, eragin berezia izan zuten etorkizunean sortuko zituen obren gaietan. Autodidakta, 1947an hasi zen pintatzen eta idazten, denbora luzez gaixo egon zen bitartean. 1948 eta 1950 urte bitartean Konstelazioak (Constelaciones) seriea egin zuen. Bertan, agerian geratzen da 1930eko eta 1940ko hamarkadetan Mirók sortutako pinturaren eragina, baita André Bretonen inguruan bildutako talde surrealistaren ikusmolde artistikoarena ere. 1953 eta 1955 urte bitartean Parisen bizi izan zen eta hasiera batean Breton buru zeneko talde surrealistaren jardueretan parte hartu ondoren, informalismo frantsesa, alegia art autre, eta pintura iparamerikarra ezagutu zituen.


1957an El Paso taldea eratu zuen Madrilen, eta bertako buru izan zen 1960an desegin zen arte. Taldearen manifestuan Espainian pinturaren eremuan hizkuntza berri bat sortzeko nahia adierazi zuten, hain zuzen ere Europako garaiko abangoardien testuinguruan kokatuta. Urte haietan garatu zen informalismo espainola, El Paso taldeaz kanpo, Kataluniako Dau al Set taldeko artista gehienek parte hartu zuteneko mugimendua, Antoni Tàpies izanik irudi nabarmena.

Museoak eskuratutako Antonio Sauraren Gurutziltzaketa (Crucifixión) eta Karl Johann II pinturek; dohaintzan jasotako paper gaineko 24 buru (24 cabezas) eta Goya-ren alegiazko erretratua (Retrato imaginario de Goya) lanekin batera, gaiari dagokionez oso multzo adierazgarria osatzen dute artistaren ibilbidean. Artistaren sorkuntzaren aldi desberdinak biltzen dituzten lan horien aurkezpena New Yorkeko Solomon R. Guggenheim-en Bildumako bi obrekin osatu zen, Antoni Sauraren obraren ikuspegi zehatzagoa eskaintzearren.

Sauraren obra informalismo espainolaren protagonista izandako beste batzuenarekin batera aurkeztu zen, adibidez Antoni Tàpiesenarekin, baita Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduman zabal ordezkatutako Iparramerikako espresionismo abstraktuaren ordezkari diren Mark Rothko, Willem de Kooning, Clyfford Still edo Robert Motherwellen lanekin ere.

 

Antonio Saura
Gurutziltzaketa (Crucifixión), 1959–63
Olio-pintura mihise gainean
148,5 x 171 x 4 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Partekatu