Usoa (1915)
203 aretoa
1915ean, Hilma af Klintek Usoa margotzeari ekin zion, Tenplurako pinturak sailaren azken multzoetako bat. Kristauentzat Espiritu Santuaren sinbolo eta Jainkoaren mezulari den hegaztia hegoak gorriz tindatuta eta esku handiek kontu handiz eutsita agertzen da lanetako bitan, zeruaren eta lurraren artean harmonia-egoera baterantz doala. Kolore sinbolikoak, forma abstraktuak eta figurazio garbia erabili zituen Af Klintek margolanotan San Jurgiren eta herensugearen (ongiaren eta gaizkiaren) arteko borroka mistikoa azaltzeko. Af Klintek bere oharretan adierazi zuen bere alter egoetako bat zela San Jurgi. Herensugea edo suge hegoduna, berriz, sinbolismoz beteriko animalia mitologikoa da: hura menderatzea argia iluntasunari gailentzea bezala da.
Usoa multzoaren lan batzuetan, planeta eraztundunak, sinbolo astrologikoak, zenbakiak eta bestelako zeinuak ageri dira. Planeten itxura metalizatuak Europako tradizio artistikoaren zenbait irudi gogorarazten ditu, hala nola eskuizkribu edertuak eta Erdi Aroko ikonoak, non urre-koloreko hondoak edo haloak agertzen baitira. Af Klintek ondo ezagutzen zuen Koloreen teoria, Goethek kolorearen izaerari eta pertzepzioari buruz idatzitako liburua (1810ean argitaratua). Idazle alemaniarra erreferente zen teosofiarentzat, eta Rudolf Steinerrek bi liburu eskaini zizkion, bai eta eraikin handi bat ere, Goetheanum delakoa, Elkarte Antroposofikoaren egoitza. Af Klintek hainbat aldiz bisitatu zuen eraikin hura.