Tradizioarekin elkarrizketan
“[Artelanetan] objektua gero eta garrantzi handiagoa hartuz joan da pintore gisa dudan kontzientzia areagotuz joan ahala. Orain kontrolatu egiten dut neure burua, ahalik eta burutsuen izaten saiatzen naiz. Lehertzeko dudan desioa bridatzen dut, harik eta ia puntu sadiko bateraino iritsi arte. Ez dut gorrotatzen era kontzientean eta zehatzean margotzea, baizik eta saiatzen naiz babes bat jartzen, zerbait berria atera dadin uzteko”.
Yoshitomo Nara
Europan, Narak aukera izan zuen Erdi Aro bukaerako eta Errenazimentu hasierako freskoen gardentasuna eta haien gainaldeetako testurak miresteko. Japoniara itzuli zenean sakon hausnartu zuen Europako tradizio artistikoen alderdi horien eta 1980ko hamarkadan ikasitako tekniken inguruan.
Hain estimatua zuen iztuku-itxurako akabera sotila lortzeko, Narak pintura zurizko geruza mehe batez estali zituen pastel-koloreak, eta, horrela, argitasuna eman zien irudiei. Lausodura zuriak areagotu egiten du 2012an —Ekialdeko Japoniako lurrikara handiaren hurrengo urtean— margotutako Lanbropean (Under the Hazy Sky) lanaren giro etereoa. Materialtasuna ematen dio neskatxa inguratzen duen lanbroari, eta inguruko guztia moteldu egiten du, nahasgarria eta bereizezina bihurtzeraino. Laranja biziz zipriztindutako soineko gorriak ere kolore motela du. Narak Errenazimentuko ikonografiaren sinbolismoa eta adierazle narratiboak erabili zituen neskatoaren eskuetan kimu berde bana jarrita. Bi hostoko kimu hori Narak baliatutako lehen motiboetako bat da, 1980ko hamarkadaren hasieratik erabili izan duena: baikortasunaren, bizitza berriaren, indarberritzearen eta hazkundearen seinale txiki baina boteretsua.
Europako pintore handien lanari buruz duen ezagutzan oinarrituta, Narak beste ikuspegi formal bat ere aplikatu izan du: bere margolanak puntillismo liluragarri eta dinamikoa baliatuz deseraikitzea. Hala, hainbat koloretako pintzelkada zatikatuak erabili izan ditu pertsonaiak margotzeko. Margolanei hurbiletik begiratzean, bata bestearen gainean jarritako kolore-geruzak bereizi daitezke, baina distantzia jakin batera, nahastu egiten direla dirudi. Pintzelak utzitako ageriko arrastoek artistaren presentzia adierazten dute, baita baliabide piktorikoaren potentziala azpimarratzen ere.