SURREALISMOA ETA ABSTRAKZIOA

Lehen Mundu Gerraren ondoren, Paris berriz ere kultur ekoizpenaren erdigune bihurtu zen, gerra garaian abangoardiako artista eta poeta ugari frontean zendu baziren ere. Surrealismoaren jarraitzaileak ere Parisko Eskolaren zati zirela jotzen zen —mugimendu hori André Bretonek hasi zuen 1924an, manifestu surrealista idazkiarekin—. Artista eta idazle horiek, Sigmund Freuden teoriei jarraiki, erreprimitutako nahiak, ametsetako irudiak eta inkontzientean gordetakoak itxuratzen eta adierazten saiatu ziren. Batzuek, esaterako Max Ernstek eta Yves Tanguyk, bat ez zetozen irudiak eta objektuak elkartzen zituzten; beste batzuek, aldiz, adibidez, Jean Arpek eta Joan Mirók, automatismoarekin esperimentatu zuten, hots, marrazki bat egitean ez zuten aldez aurretik konposizio bat edo gai bat aukeratzen, hala adimen kontzientearen lana saihesteko.

1910eko eta 1920ko hamarkadetan Alemanian eta Errusian bizi eta pintura abstraktuan aurrerapauso handiak eman ondoren, Vasily Kandinsky 1934an finkatu zen Parisen. Garai hartako artelanetan Kandinskyk bere ibilbideko beste garai batzuetako motiboak laburbildu zituen: hasierako lan abstraktuetan azaltzen ziren antzeko forma askeak, erritmikoki antolatuak, eta Alemaniako Bauhaus arte-eta diseinu-eskolan irakasle zela garatutako irudi geometriko eta biomorfikoak uztartu zituen. Gerren arteko garaiko Parisko artista asko bezala, nazientzako Kandinsky artista “galdu”a zen. Beste behin gerra hastear zegoela, Frantziako hiriburuan babes politikoa, espirituala eta sormenekoa bilatu zuten Fernand Léger eta Tanguy bezalako artistek Estatu Batuetara egin zuten ihes. Faxismoaren gorakadarekin eta hiriaren okupazioarekin amaitu zen Parisko Eskola.

Jean Arpek “konstelazioaren” printzipioa garatu zuen 1930eko hamarkadaren hasieran, eta idatzietan zein artelanetan erabili zuen. Poesia idazteko, printzipio horren arabera, Arpek hitz-talde finko bat aukeratzen zuen eta hitz horiek modu desberdinetan konbinatzen zituen. Arpek teknika hori “naturak lore-espezie bat landan banatzen duen aniztasun harrigarriarekin” alderatzen zuen. Konstelazioak (Constellation) erliebeak sortzean, lehendabizi, Arpek gai edo multzo bat identifikatzen zuen (adibidez, bost forma biomorfiko zuri eta beste bi beltz, txikiagoak, eta atzealde zuria), eta ondoren, elementu horiek hainbat konfigurazio osatuz nahasten zituen. Solomon R. Guggenheim Museum-eko obra gai honekin Arpek osatutako hiru bertsioetako azkena da. Bere lanetan, Joan Mirók bezala, Arpek Surrealismoaren teknikez baliatzen zen: pentsamendu arrazionalaren mugak baino haratago joateko estrategia automatikoak erabiltzen baitzituen. Arte figuratiboak baino modu fidelagoan errealitatea islatzeko arte abstraktua garatu nahi zuen Arpek eta horretarako naturak berak sortzen duen antzera sortzen zuen bere artea.

Joan Mirók hainbat paisaia pintatu zituen 1927an, familiak Montroig-en (Katalunia) zuen etxean. Bertara joana zen Parisen egindako bizitza bohemioaz errekuperatzera. Paisaia (Erbia) [Paysage (Le lièvre)] lanean, kolore askotako puntuz osatutako lerro bat eguzki-espiral bat bihurtzen da, eta zeru laranja ilun bat eta gorri-more koloreko lur-zerrenda etzea lotzen ditu. Lur surrealista horretan agertzen den izaki bizidun bakarra erbi enigmatiko bat da. Mirók esan zuen mihisea pintatzeko, udako ilunabar batean mendian barrena animalia bat lasterka igarotzen ikustean inspiratu zela. Baina gertaera hori erabili zuen zeruko gertakari baten etorrera azpimarratzeko, begi irteneko erbiak hegan egiten ari den “kometarantz” harrituta begiratzen baitu. Surrealismoaren lengoaia abangoardistaren bitartez bertako paisaia berriro interpretatuz, Miró modernotasuna eta bere kultura katalana uztartzen saiatu zen.

Vasily Kandinskyk bizitzako azken hamaika urteak Neuilly-sur-Seinen igaro zituen, Parisko aldiri batean. Frantziara 1933an heldu zen, Alemania naziko emigrante gisa, Berlingo Bauhaus eskola itxi ondoren —bertako irakasle izan zen—. Ibilbideko azken tarte horretan Kandinskyk materialekin esperimentatu zuen, gero eta gehiago, eta area eta pigmentua nahastu zituen irudimenez betetako lanak sortzeko. Garai horretako konposaketa nahasiek organismo bizidunen mundu ñimiñoak dirudite; Surrealismoaren eragin handia suma daiteke horietan, bereziki Jean Arpen eta Joan Miróren lanena, bai eta Kandinskyk natur zientziekiko zuten interesarena ere —enbriologian, zoologian eta botanikan, besteak beste—. Irudi apetatsuak (Formes capricieuses) segur aski artistaren une jolastienetako baten emaitza da: ondo trazatutako zirkuluekin eta karratuekin tartekatzen dira (Bauhaus eskolan irakatsi zuen aldiko lanetako funtsezko forma geometrikoak) irudi lerromakur mugikor eta arinak, pastel koloretan marraztuak. Forma horietako batzuk enbrioi-itxurako figuren irudikapen estilizatuak izan daitezke. Lanaren irudi biologiko horien bidez artistak urrunegi ez dagoen susperraldi eta birsorkuntzako etorkizun onuragarri bat aditzera eman nahi zuela interpreta genezake.

Wifredo Lam Parisera heldu zen 1938an; Pablo Picassorentzako aurkezpen-gutun bat zeraman eta laster harreman estua hasi zuen berarekin. Handik denbora gutxira, figura artistiko nagusi asko ezagutu zituen, adibidez talde surrealistako kideak. Surrealistak liluratuta zeuden herri primitiboen mitologiekin eta Lamek, jatorri afrikar, txinatar eta europarra zuen kubatarra zenez, herri primitiboen egoera mental berezira sarrera pribilegiatua zuela uste zuten. 1942an artista Kubara itzuli zen. Bertan, santeria afrokubatarraren eta haitiarraren jainko eta jaikosetan oinarritutako landare eta animalia irudien hiztegia garatu zuen. Zambezia, Zambezia lanean, Lamek santeriako femme-cheval (zaldi-burua duen emakumea) delakoan inspiratutako emakume mitiko bat irudikatzen du. Askotan gorputzaren zatien eraldaketa irudikatzen zuen metamorfosi magikoak iradokitzeko. Pintura honetan zehazki, figuraren barrabil itxurako “kokots”ean gertatzen da hori.

Pablo Picassok Mandolina eta gitarra (Mandoline et guitare) natura hil monumentala pintatu baino urtebete lehenago, Parisko gau-ekitaldi dadaista batean publikoko pertsona batek Kubismoaren heriotza iragarri zuen, “Picasso bataila-eremuan hil da” oihukatuz. Poliziaren esku-hartzeak bakarrik baretu zuen ondorengo liskarra. Picassok 1924 eta 1925 artean kolore distiratsuz pintatutako bederatzi natura hilen seriea sortu zuen, elkarren alboan eta gainean ipinitako irudiak zituena, estilo kubista sintetiko ausartaz egindakoa; horrela aurreko baieztapen horri sinesgarritasun guztia kendu zion eta teknika baliagarria zela berretsi zuen, Baina serie hori sortzean artista ez zen aurreko aurkikuntzak berpiztera mugatu. Forma borobil eta organikoak eta tonu aseak eraili zituen, eta horrek aditzera ematen du garai hartako pintura surrealistaren garapenak ezagutzen zituela, bereziki André Massonen eta Joan Miróren lanetakoak. Mandolina eta gitarra lanaren uhin-lerroak, apaindurazko patroiak eta askotariko elementu kromatikoek Picassoren artean erabat garatuta zegoen estilo sentsual eta biomorfiko agertu berri zela iragarri zuten.